Achta Fadoul: “Ura zikina dago eta haurrak erraz gaixotzen dira”
Bizitzak aldatzen dituen ura (I)
Chad-en, erdi basamortu klima izateak ur eskasia eragiten du, eta dagoena ez da osasuntsua. Ur hori edateak gaixotasun hilgarriak eragiten die zonalde txiroetako haurrei. Oxfam Intermon lanean ari da baliabide gutxiko familiek ur garbia eskura izan dezaten, eta modu horretan umeak hil ez daitezen beherako sinple baten erruz.
Achta Fadoul: “Ura zikina eta zizarez betea dago, eta haurrak erraz gaixotzen dira”
Achta Fadoul-ek 28 urte ditu eta Midjiguir-en bizi da, Chad erdialdeko nekazal gune batean. Kezka nagusia sei seme-alaben osasuna du, urte bete eta hamar urte bitartekoak baitira: “Erraz gaixotzen dira. Ura oso zikina dago, zizarez betea, eta horrek gaixotu egiten ditu txikienak: beherakoa, ondoeza, tripako mina; edaten dugun uraren erruz”.
Beherakoa, elikadura desegokirekin batera, hilgarria izan daiteke Chad-en. “Basalandareak jaten ditugu ez dugulako beste aukerarik eta horrek ez du laguntzen osasuntsu hazteko”, egiten du arrangura Achtak. Zonalde honetako ume asko hain daude ahul edozein gaixotasunek hil ditzakeela. Eta hau ez da bakarrik Chad-en arazoa. Urtero 1,5 milioi haur hiltzen dira munduan ur zikinak eragindako gaixotasunengatik.
“Haurrak gaixotzen direnean, ospitalera eraman nahi izaten ditugu baina ez dugu dirurik. Jainkoak noiz sendatuko, zain izaten gara”, dio emakumeak, zerura so.
Chad-en, biztanleriaren %65ak ez du edateko urik.
Hogei segundoro haur bat hiltzen da ur garbia ez izateagatik, urtero milioi eta erdi ume munduan.
Ur zikina eta elikadura eskasa
Sahel eskualdeko eta Afrika Mendebaldeko malnutrizio tasarik altuenak ditu Chad-ek. Hau da umeen heriotza arrazoirik nagusiena herrialdean. Zonalde ahulenetan, biztanleriaren %15 desnutrizioak jota dago, %17 haurren kasuan. Edateko ura eskuraezinen duten zonaldeak ere badira. Aipatutako bataz bestekoak larrialdi egoeraren seinale dira, baina aspalditik datorren kontua denez, ez du behar bezalako erantzunik jasotzen.
Elikagaien salneurri garestien eta lehorte ugarien erruz elikagaien krisiak gogor astindutako herrialdea da Chad. Bertako biztanleek ez dute behar beste janari, ez dira egoki elikatzen eta errazago gaixotzen dira.
Edateko ura eskuraezina izateak ume askok ur zikina edatea dakar. Eta ur kutsatua edateak infekzioak eragiten dizkie, beherakoa izaten dute eta modu horretan hartutako elikagai apurrak galtzen dituzte. Ahulegi daude edozein gaixotasuni aurre egiteko eta, ondorioz, hil egiten dira.
Boteredun elikagaiak:
- Migrazioa saihesten duen artoa
- Lan duina ematen duen azukrea
- Etxebizitza hobetzen duen patata
- Hezten zaituen arroza