3484

3484 –

Zenbaki hutsak bailiran, egunero Palestinan hildakoen zifrak gora egiten du etenik gabe. 13.000tik gora dira jada, horietatik 5.500 baino gehiago haurrak.

3484

Gazako zerrendako prentsa bulegoak emandako datuen arabera, hondakinen azpian 6.000 pertsona baino gehiago desagertuta daude, tartean 4.000 adingabe.

Israelek urriaren 7tik abiatutako genozidioak 200 mila etxebizitzari, 214 eskolari eta 64 meskitari kalteak eragin dizkie, osasun arloko 397 kide hil edo zauritu dira eta 60 kazetarik bizia galdu dute beren informazio lanean.

Save The Children-ek emandako datuen arabera, Gazan 10 minuturo haur bat hiltzen da.

Zenbaki bakoitzaren atzean istorio bat dago, familia bat, bizi bat.

Gasteiz Gazatik 3.484 kilometrotara dago. Hemendik zaila suertatzen zaigu zenbaki horietako bakoitza behar den bezala ulertzea. Irudiak latzak dira, baina zoritxarrez, denborak zifren gurpil zoroa normalizatu besterik ez duela egiten dirudi. Eta horren erakusle dira albistegiak. Hasieran titular guztiak biltzetik, apurka-apurka albistegietako azken berriak izateraino. Zer momentutan normalizatu ditugu zenbaki kopuru beldurgarri hauek? Ez dezagun gizagabekeria hau zenbaki gordinetara mugatu. Ez diezaiegun errelatoa erosi.

“Nire ikasleek ez dituzte zenbakien kopuru gordinak ezagutzen, baina artea elkartasun bilakatzeko gai dira abesti eta marrazkien bidez”

Euskal Herrian 30.000 eta 10.000 lagun bildu ziren Donostian eta Bilbon Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio nazionaletan. Munduan zehar ere hainbat mobilizazio ikusgarri egin dira kontinente guztietan. Herritarrak norabide batean goaz eta agintariak, orohar, bestean.

Halere, agintariek ez bezala, haurrek sentsibilitate berezia dute. Nire ikasleek ez dituzte zenbakien kopuru gordinak ezagutzen, baina artea elkartasun bilakatzeko gai dira abesti eta marrazkien bidez, helduak gai ez direna aldarrikatuz: bakea.

Gasteiztik Gazara, 3484 muxu, besarkada, nota, marrazki… Zifren mundu zoro honetan, haiek dira gure etorkizuna.

3484

Irakaslea eta gurasoa. Gasteiz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude