2021eko abenduaren 1a HIESaren aurkako munduko eguna

2021eko abenduaren 1a HIESaren aurkako munduko eguna –

Ez dugu adierazpen instituzionalik nahi, Euskadin Giza inmunoeskasiaren Birusa (GIB) duten pertsonen diskriminazioaren aurkako jarduera eraginkorrak baizik.

 2021eko abenduaren 1a HIESaren aurkako munduko eguna2021ean bete da Estatu Batuetan egindako HIES kasu baten lehen diagnostikoaren (1981) berrogeigarren urteurrena. Gero mundu osora zabaldu zen, Espainia barne (Bartzelona, Vall d ‘Hebrongo Ospitalea, 1981eko urriaren 8an). Euskal Herrian geroago agertu ziren, 1985eko martxoan Bizkaian, eta handik hilabetera izan genuen lehen hildakoa Donostian. 

2021an beste birus bati ere aurre egiten ari gara, beste pandemia bat eragiten duena, gure artean baitugu 2019 eta 2020 arteko eguberrietatik: SARS-CoV-2 koronabirusa, COVID 19 eragin duena. Oso denbora laburrean, urtebete baino gutxiagoan, ikerketa zientifikoak lortu du hainbat txerto aurkitzea, birusa ezabatzen ez duten arren, eraginkorrak direnak birusa zabaldu ez dadin. Txertoek birus-karga murrizten dute, bai eta txertatuta egon arren kutsa daitezkeen pertsonen osasunerako ondorio larriak arindu ere.

GIBaren kasuan, agertu eta lau hamarkada geroago, ez dago inolako txertorik, saiakuntza itxaropentsuak eta huts egindako ahaleginak besterik ez. Baina badago eraginkortasun handiko medikazio bat, infekzioa kronifikatzea lortzen duena, aurrera egin ez dezan. Tratamendu horiei esker, GIBa duten pertsonen birus-karga murriztu egiten da, izugarri murriztu ere, detektaezin bihurtzen baita, eta, beraz, birus zirkulatzailerik gabe, ezin da transmititu. Detektaezina berdin transmitiezina. Koronabirusaren aurkako txertoekin ez da horrelakorik gertatzen; izan ere, birus-karga, eta, horrekin batera, birusa duen pertsonak beste pertsona batzuk kutsatzeko duen gaitasuna murriztu arren, ustekabean transmititzen da, termino hori erabili ohi dugun zentzuan, kontaktu hutsez. Hori dela eta, agintariek presio handia egin dute ahalik eta jende gehien txerta dadin, eta COVID pasaportea bezalako tresnak erabiltzen ari dira. Neurri  horien helburua da txertoa hartu ez duten pertsonek, infektatzen badira birus-karga oso handiak izango dituztenez, gaixotasuna ez zabaltzea pertsona gehiagorengana eta azkarrago.

2021ean, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan gure erakundeek ez dutelako ezer egiten, GIB duten pertsonek ezin dituzte eskubide guztiak baliatu, ez eta zerbitzu guztiak gainerako herritarren baldintza berberetan eskuratu ere. Estatus serologikoa arauz mantentzen da gure autonomian, bereizteko elementu gisa funtzio publikoan lanbide batzuetan sartzeko orduan, infekzioa izate soilean oinarrituta. Horren ondorioz, GIBa duen pertsona diskriminatu eta estigmatizatu egiten da, inguruabar hori bere gaitasunarekin, ahalmenarekin edo merezimenduarekin lotuko lukeen kontsiderazio oro alde batera utzita. 

Hortxe dago bi pandemien eta bi infekzioen artean dagoen beste alde handia azaltzeko dugun interesa, biak ere birusek eraginak eta biak gaixotasun infekto-kutsakor gisa sailkatuak, bata ezusteko transmisio batetik datorrenean, koronabirusetik, eta bestea ezustekoan transmititzen ez denean, GIBak eragina. 

COVID gaixotasun infekziosoa da eta ustekabean transmititzen da. Horrek esan nahi du infektatutako pertsonarengandik zabal daitekeela airea kutsatzen duenean arnasa hartzean, hitz egitean, arnasa botatzean, kantatzean, eztul egitean, doministiku egitean edo ariketa bizia egitean igortzen diren jariakinen bidez, jariakin horiek beste pertsona batzuen mukosetara eta konjuntibetara iristen direnean. Partikula txikienak airean esekita egon daitezke eta bi metro baino gehiagora dauden beste pertsonengana irits daitezke. Hala ere, normalean infekzioak distantzia laburretan gertatzen dira, eta, horregatik, funtsezkoa da pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzea, maskarak erabiltzea eta espazio itxiak eta gaizki aireztatuak saihestea. Halaber, posibletzat jotzen da jariakin horiekin kutsatutako gainazalekin zuzeneko edo zeharkako kontaktuaren bidez transmititzea, eskuen bidez, gero mukosekin edo konjuntibekin kontaktuan jartzen baitira zerbait ukitu ondoren, adibidez, ateetako heldulekuak, telefonoak, garraio kolektiboetan heltzeko barrak, etab. Horregatik, eskuak maiz garbitzea, gel hidroalkoholikoa erabiltzea eta asko ukitzen diren gainazalak desinfektatzea gomendatzen zaigu, hala nola gimnasioetako ekipamenduak, ikasgeletako saguak eta teklatuak, etab. Eta, prebentzio-neurri horiek guztiak hartuta ere, pertsonak SARS-CoV-2a harrapatzen badu, orduan bakartuta egon behar du, transmisio-bideak hausteko, sendatu arte.

Hiesa ere jatorri infekziosoa duen gaixotasun bat da, baina kasu honetan transmisioa EZ da kasuala. Horrek esan nahi du transmisioak bide eta praktika jakin batzuen beharra daukala. Gaixotasuna sorrarazten duen gib birusa ez da pertsona batengandik beste batengana transmititzen ingurumen-kondizioen edota kontaktu sozial soilaren eraginez, Sars-Cov2-arekin edo beste patogeno biriko (gripea) edo bakteriano (tuberkulosia) batzuekin gertatzen den bezala. Pertsona baten odol-fluxuaren eta beste baten gorputz-jariakinen arteko zueneko kontaktuaz baino ezin daiteke transmititu, baldin eta azken horietan (odola, semena, baginako jarioa edo ama-esnea) GIB birusa kantitate nahikoan badago. Eta hori praktika jakin batzuen bitartez gerta daiteke soilik. Zehazkiago, gaur egun, gure ingurunean, drogak kontsumitzeko xiringak partekatuz edo uzkiko edo baginako sarketa bidezko sexu-harremanak preserbatiborik gabe edukiz gerta daiteke solik, transmisio perinatala ia desagerrarazi baita. 

Gainera, aldez aurretik esan dugun bezala, egun eskuragarri dugun medikazioarekin tratamendu egokia daraman pertsona batek birusa kontrolpean edukiko du betiere, eta beraz, babesik gabeko koito harreman baten bitartez ere ez luke birusa transmitituko.

Alabaina, Euskadin, gaur egun, gib birusa duen pertsona batek ezin du oraindik lanbide jakin batzuetan jarduteko eskaerarik egin, segurtasunaren alorretan bereziki, hau da, Ertzaintzaren oposizioetan parte hartzeko edo udaltzain edo suhiltzaile izateko plaza bat lortzeko aukera ukatzen zaio, eta, Euskadik espetxe-erakundeetako eskumenak hartu dituenez geroztik, enplegu publikoko hurrengo deialdietan eremu horretan lan egiteko aukera ere ukatuko litzaioke. 

2018an Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari proposamen bat aurkeztu genion horren harira, Gehitu eta Euskalsida erakundeek sustatuta eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren eta Alcalá de Henareseko Unibertsitateko Klinika Juridikoaren ordezkari ziren emakumezko bi abokatu gaztek aurkeztuta. Batzorde horretako legebiltzarkideak ebazpenaren alde azaldu ziren, eta jarrera hori urte bereko abenduaren 1ean berretsi zen, hiesaren Nazioarteko Eguna zela-eta erakunde-adierazpen formal batean jasota, gero praktikan inolako ondoriorik ekarri ez bazuen ere. 

Urtebete geroago, 2019ko otsailean, Gehituko Osasun-batzordeko kideak garai hartako legebiltzar-talde guztietako ordezkariekin bildu ziren, eskaera berri bat aurkezteko, eta, beste behin ere, horren inguruan azkar eta modu efektiboan jardun zezatela eskatzeko.

Hala eta guztiz ere, legebiltzar-ekimen bat ere ez dugu ikusi, eta Eusko Jaurlaritzak ere ez du bidea erraz lezakeen formularik artikulatu. Proposamen bat ere ez orduan itxuraz aho batez erakutsitako borondate politikoa betetzeko eta, horrela, hasiera-hasieratik hiesari lotutako estigman eta aurreiritzi zaharretan ainguratutako bazterkeriari amaiera emateko. 

Izan ere, lanbide batek ere ez lituzke, oro gar, gib-a duten pertsonak bere jardunetik baztertu behar hirugarrenei transmititzeko arriskua aintzat hartuz, hirugarren horiek lankideak, hornitzaileak edo bezeroak izan, horri dagokionez justifikazio zientifikorik edo legalik ez dagoelako. Horregatik hain zuzen, gib-a duten langileek ez dute, legez, beren lanpostuan kondizio horren berri emateko betebeharrik. Eta horregatik Lanaren Nazioarteko Erakundeak gomendatzen du, 2001. urteaz geroztik, enpresako osasun-azterketetan gib-a detektatzeko probarik ez eskatzea, ez kontratazioa egitean, ez lan-harremanari jarraipena emateko betekizun gisa, proba hori egitea beharrezkoa ez dela eta justifikaziorik ez duela aintzat hartuta.

Gure Erkidegoko egoera harritzekoa da benetan, gure esakeren bitartez hemen ere errealitate bihurtu nahi ditugun neurri horiek 2018an onartu zirelako jada, kolektibo sozialek, Hiesaren gaineko Plan Nazionalak eta Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioak bultzatutako Gib-ari lotutako diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren aldeko itun sozialean. Eta euskal parte-hartze ofizialik izan zen horretan.

Haatik, ia lau urte geroago, gure agintariei berriz ere eskatu behar diegu gure Autonomia Erkidegoarentzat ere, beste batzuek jada onartutakoen antzeko neurriak har ditzatela, 2018an ere aitzindaria izan zen Valentziako Erkidegoaren ereduari jarraikiz. Gauza bakarra egin behar dute: osasun-bazterketako koadroekin lotutako ataletan dagozkien aldaketak txertatzea, formula ez-baztertzaileak erabiliz gib-a duten pertsonek, hala nahi badute, jarduera profesional horietan aritzeko beren burua hautagai gisa proposatzeko aukera izan dezaten (180/2018 Dekretua, urriaren 5ekoa, Consell-arena, Valentziako Komunitateko udaltzaingoak koordinatzeari buruzko Generalitaten abenduaren 13ko 17/2017 Legearen lehen xedapen iragankorra garatzen duena. [2018/9344] (8400. zenbakiko DOGV, 2018.10.10ekoa)

Edo gobernu zentralaren beraren pausoei jarraikiz 2018ko azaroaren 30eko Ministro Kontseiluaren erabakiarekin, zeinaren arabera onartu egiten diren langile funtzionario, estatutupeko, eta lan-kontratudun, zibil eta militarren hautaproben deialdiak eguneratzeko jarraibideak, enplegu publikoa lortzeko baztertze-arrazoi mediakoak ezabatzeko helburuarekin, otsailaren 19ko PCI/154/2019 Aginduan argitaratua, non proposatzen den ezabatzea gaixotasun zeliakoa, mellitus diabetea, psoriasia eta GIB bidezko infekzioa, eta, horrenbestez, dagozkion arauak aldatzea ere sustatzen du, neurri hori deialdi guztietara aplikatuko delarik, deialdi horiek egungo ebidentzia zientifikora egokituz eta betiere izangaiaren egoera klinikoa balioetsiz, ez soilik haren diagnostikoa. Erabaki hori, adibidez, Polizia Nazionalean sartzeko baztertze-koadro medikoa onartzen duen maiatzaren 11ko 326/2021 Errege Dekretuan gauzatu da (2021eko maiatzaren 12ko 113. zenbakiko BOE, 56772-56781 tarteko orriak).

Hemen, haatik, eta adibide bakar bat aipatzearren, 2021eko apirilaren amaiera-aldera aldizkari ofizial batean –Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean– deialdi bat irakur genezakeen udaltzainen lan-poltsa bat sortzeko, Arrasateko Udalarena, non otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuaren (aldatu gabea) erreferentzia egiten den eta, horrenbestez, giba duten pertsonekiko diskriminazioa mantentzen den oraindik ere.  

Ondorioz, abenduaren 1 honetan, hiesaren Mundu Egunean, talde politiko guztietako legebiltzarkide guztiei eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu ez ditzatela, arren, adierazpen solidario soilak egin. Horren ordez, konpromiso publikoa har dezatela giba enplegu-deialdi publiko guztietako indarrean dauden baztertze-koadro medikoetatik kentzeko, Euskal Herriko poliziaren hautaketa eta prestakuntza-araudia onartzen duen dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 DEKRETUAREKIN hasita (2004ko martxoaren 2ko 42. zenbakiko EHAA), zeina eredu izan den gainerako deialdietarako.

CESIDA gibaren eta hiesaren estatuko koordinakundearen erakunde kide den Gehitu osatzen dugunok estatu osoan aho batez –eta urteak direla– defendatzen ari garen funtsezko helburuetako bat erreibindikatzen jarraituko dugu orain ere: datozen urteetan Espainiako gobernutik eta gobernu autonomikoetatik eratorritako literatura ofizial, normatibo eta arauzko osoan gibari gaixotasun infektokutsakorraren katalogazioa kendu diezaiotela, giba duten pertsonen diskriminazioa saihesteko eta pertsona horien aukera-berdintasuna bermatzeko enplegua lortzeko garaian. Baita zerbitzu publiko eta pribatuak baliatzeko eskubiderako ere, hala nola adineko pertsonentzako egoitzetan sartzea. Amaitu gabe dagoen beste kapitulu bat zabaltzen duen gaia dugu, berriz ere bi pandemiak eta haien ondorioak erlazionatzera eramaten gaituena.

.

GIBARI BURUZKO MUNDU-ESTATISTIKAK (iturria, NBEHIES). 2020ko abendura arte eguneratutako azken datu globalak. Urte horretan:

  • 1,5 milioi [1,0 milioi – 2,0 milioi] pertsonak hartu zuten GIB bidezko infekzioa 2020an. 2020ko infekzio berri guztien % 50 emakume eta nesketan gertatu ziren. 79,3 milioi [55,9 milioi – 110 milioi] pertsonak hartu zuten GIB bidezko infekzioa epidemia hasi zenetik.
  • Haietatik, 37,7 milioi [30,2 milioi – 45,1 milioi] GIBarekin bizi ziren mundu osoan iaz. 27,5 milioi [26,5 milioi – 27,7 milioi] pertsonak terapia antirretrobirala baliatu ahal izan zuten. 10 milioik baino gehiagok ez dute inolako tratamendurik jaso.
  • Dena den, 680.000 [480.000 – 1,0 milioi] pertsona hil ziren hiesarekin erlazionatutako gaixotasunen ondorioz 2020an. 36,3 milioi [27,2 milioi – 47,8 milioi] pertsona hil ziren hiesarekin erlazionatutako gaixotasunen ondorioz epidemia hasi zenetik.

.

Joseba Errekalde Lekuona (Gehitu elkarteko presidentea)

2021eko abenduaren 1a HIESaren aurkako 2021eko abenduaren 1a HIESaren aurkako 2021eko abenduaren 1a HIESaren aurkako 

Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude