Panpi Ladutxe pilotari eta kantaria hil da

Panpi Ladutxe pilotari eta kantaria hil da –

Panpi Ladutxe pilotari eta kantaria hil da

Panpi Ladutxe pilotari eta abeslari lapurtar artista 66 urterekin minbiziak jota hil da. Pilota arloan Ladutxe bezala ezaguna, Azkainen jaio zen 1955eko uztailaren 13an, Joseph Laduche pilotariaren semea zen. Aurrelari argi eta bizia, atzelari ere aritua, Trinketean hasi eta ezker paretera saltoa 26 urte zituela egin zuen. 1974an, 19 urte zituela, munduko txapeldun izatera iritsi zen Trinketean, Uruguaien, Montevideon jokatutako Munduko Txapelketan. Errematerako trebetasun ikusgarriaz, binakako txapelketa nagusian txapela 1987 eta 1989an irabazi zituen, Joxean Tolosa atzelari zuela, eta txapeldunorde izan zen 1988an Martinikorena atzelari, Retegi II.aren eta Errandonearen aurka galduta. Ezker paretako txapelketa nagusietako bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria izan zen. 1994an utzi zion pilotari izateari, eta Sebastien Gonzalez eta Yves Salaberriren prestatzaile izan zen, eta trinketeko hainbat jokalarirena. Abeslari ere bai, urtean 120 emanaldi inguru egitera iritsiz, Xabi Peryk ekoitzitako Chansons du Pays Basque izeneko diskoa aipatu. Hiru disko argitaratu zituen, “Aitari” (1995), “Chansons du Pays Basque” (2002) eta Orhoit (2012). Aktore lanetan ere aritu zen Pilotari telesailean.

Milesker eta Agur adiskide!

Panpi Ladutxe pilotari eta kantaria hil da

Irriz eta kantuz

BAHUEN ZERBAIT DESBERDINA: JARRERAK, JOKALDIAK, BIZITASUNA, IRUDIMENA… ETA, BATEZ ERE, IKASTEN EZ DEN HORI: MAGIA ETA KARISMA

Xabier Euzkitze  2021.12.05 deia

Irriz eta kantuz

HITS azoazak egunak, Panpi, asteazken goizean hire hilberria eman zigutenetik. Hits eta huts, pertsona handiok uzten baituzue hutsunerik handiena. Etengabe ari nauk hirekin eta hiri esker bizi izandako une goxo ahantzezinak berritzen. Gure osaba Jabierri esker, umetan hasi ninduan Bergara eta Eibarko profesionalen jaialdietara joaten, eta badakik lehen aldiz ikusi hindudanetik xarmatu ninduela hire jokoak. Bahuen zerbait desberdina, besteek ez zutena: jarrerak, jokaldiak, bizitasuna, irudimena… eta, batez ere, ikasten ez den hori: magia eta karisma.

Trinketean nagusi hintzen, alde handiegiz nagusi. Ezker paretan, aldiz, hutsetik abiatu behar izan huen. Ez hekien non kokatu, jokatzeko moldeak arras bestelakoak, pilota bortitz eta astunak… Han ere gorenera heldu hintzen, ordea. Bi txapel irabazi hituen, biak Tolosarekin. Bikote izugarria zineten: hark eman eta hik bukatu. Txapelketa hartan partida denak irabazi zenituzten, tartean Retegi II-Arretxe bikote handiaren aurkako finala. Ba al dakik zer esan duen Julianek hitaz? “Panpik errailetik ateratzen ninduen”.

Halere, nik meriturik handiena ematen diodan balentria beste bat duk: ezker paretako profesionala izanik, trinketea utzia huelarik, hamasei urtez jarraian irabazi huen trinketeko txapeldunaren aurkako erronka. Horrek erakusten dik hire benetako dimentsioa, pilotaren historia luzean izan den izarrik handienetariko batena.

Hire adiskide izatea, berriz, bizitzaren oparia izan duk. Zenbat otordu, zenbat lagunarte, zenbat kantu, zenbat negar eta irri. Negarrez ari gaituk, baina irriz oroituko haugu. Irriz eta kantuz. Gu gira pilotariak, elgarren lagunak...

 

Nire begietatik ...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude