Zortzi argudio Pretty Woman Gorrotatzeko

Zortzi argudio Pretty Woman Gorrotatzeko

OHARRA: [Duela bi aste, Pretty Womanez gaizki erranka aritu nintzen Euskadi Irratian; horren ondorioz, Karlos Cidek, filma defendatzeko asmoz, poema bat eskaini zidan -Pretty Woman defendatuko dut, Santi Leonéren kritiken kontra…-. Gaurkoa nire arrapostua da].

Zortzi Gorrotagarriak – Zortzi argudio Pretty Woman Gorrotatzeko (Arrapostua Karlos Cidi)

Zortzi Gorrotagarriak – Zortzi argudio Pretty Woman Gorrotatzeko (Arrapostua Karlos Cidi)Batzuentzat, Jesukristo gurutzetik (berpiztu gabe) jautsi zutenean akitu zen mundua; bertze batzuentzat, aldiz, Berlingo harresia erori zenean, 1989. urte hartan; niretzat, Karlos Cidek Pretty Womani gorazarre egin zion egunean.

Baina ez gaitezen dramatikoegi jarri: arrakasta beti izaten da misteriotsua, Dolores Redondoren trilogiatik hasi eta Kirmen Uriberen Bilbao – New York – Bilbaoraino, berriki ETB1en elkarrizketatu duten ile zuriko euskal herritar baina erdal idazlearen nobela historikoetarik pasatuz. Gustukoak adierazteko, maiz aski izaten da “gustatzen zait” erratea, edo, Facebooken tenore honetan, “badatsegit”; sozialki onartua dagoen kodea da. Ez gustukoek, ordea, lan handiagoa eskatzen dute normalean. Quentin Tarantinoren film berria gure aretoetan dagoela aprobetxatuz, zortzi argudio gorrotagarri emanen ditut Pretty Womanen kontra; zortzi argudio, film horren aurkako gorrotoa eragiteko.

1. Pretty Woman sanferminetako Mister Testis bezalakoa da. Filma –gutienez– hiru hilabetean behin ematen dute telebistan. Ez dut estatistikarik, baina erranen nuke Espainiako Antena 3k duela marka handiena Julia Robertsen eta Richard Gereren amodiozko istorioa emateari dagokionez. Film txarra izanda ere, noizbehinka emanen balute telebistan –eta noizbehinka dioenak igual-igual erranen luke inoiz ez–, pazientziaz onartuko genuke, baina eskandalagarria da nola tematzen diren telebistetako arduradunak film horrekin. Alde horretarik, Mister Testis bezalakoa da –Kukuxumusuren zezen urdin barrabil-handia bezalakoa, alegia–: ikusi genuen lehendabiziko aldian grazia eginen zion grazia egin zionari, baina hain gauza ergel eta sinpleak –hara, barrabilak agerian daramatzan zezen bat; hori da hori, irudimena!– ez du merezi sanferminak kolonizatu eta pribatizatu izana, kolonizatu eta pribatizatu dituen maneran. Orobat, bihotz oneko –eta sexuarekiko interes handirik gabeko– gizon dirudun baina sentiberaren eta prostituta alai, fresko, eder, espontaneo eta, hala ere, inuzentearen arteko maitasunezko sinplekeriak ez du merezi izan duen eta oraindik daukan arrakasta. Inolaz ere ez. Pretty Womanik gabeko telebista nahi dugu –eta Kukuxumusuren zezenik gabeko sanferminak, faborez–.

2. Pretty Womanek X-men-eko Professor Xavier bezala sentiarazten nau. Pretty Woman telebistan ematen duen aldioro, filmak irauten duen bi orduetan ez dute bertze filmik ematen: ez dute Wong Kar-wairen In the Mood for Love ematen, ez dute Peter Jacksonen Bad Taste ematen, ez dute Umberto Lenziren Incubo sulla città contaminata –edo, espainolez, La invasión de los zombies atómicos– ematen, ez dute Luis César Amadoriren La violetera ematen. Bere botere telepatikoei esker –eta makina baten laguntzaren bidez–, Professor Xavierrek munduko mutante guzien sufrimendua sumatzen du, eta hori jasanezina egiten zaio. Nire botere enpatikoei esker –eta telebistaren laguntzaren bidez–, Pretty Woman ematen duten bakoitzean, munduko zinemazale zintzo guzien oinaze kasik fisikoa sentitzen dut, eta hori tortura da.

3. Richard Gere ez da Clint Eastwood. Sergio Leonek erraten zuen, maltzurki erran ere, Clint Eastwoodek bi erregistro zituela: zapela jantzita, eta zapela erantzita. Richard Gerek, ezta hori ere. Darth Vaderren maskarak Richard Gereren aurpegiak baino ñabardura gehiago ditu; botoxez beteak izanda ere, Sylvester Stalloneren hazpegiek adierazkortasun handiagoa dute, Richard Gereren bisaiak baino. Nola eman zioten Donostia saria Richard Gereri? –Mikel Olaziregi, ez dizut inoiz barkatuko!–

4. Filmak urrin txarra ez usaintzera gonbidatzen gaitu. Richard Gere eta Julia Roberts –edo Vivian eta Edward– zaldi lasterketak ikustera joan dira, bero egiten zuen, zutik pasatu dute egun osoan. Hotelean bueltan, Edwardek zapatak erantzi ditu. Lehendabiziko eztabaida erromantikoa izan dute orduan bi protagonistek, baina mindutako sentimenduez eta sortzen ari den amodioaz solasean ari diren bitartean, ikusleak –naizen ikusle honek, bederen– ez du atzentzen ahal Gere ortotsik dagoela eta sekulako urrin txarra isuri behar zaiola hanketarik. Hori da segur aski eztabaidaren egiazko motiboa –inoiz aipatzen ez badute ere–, eta hori da filmaren benetako gaia: amodio erromantikoa aitzakia da errealitate zikina estaltzeko.

5. Pretty Womanek gure bihotz proletarioa eta gure bihotz burgesa berotzen ditu, iraultzaren sua piztu gabe. Vivian prostituta da, baina filmaren mezua da egiazko putak pelikulan ikusten ditugun gizon aberatsen emazteak direla –eta horrek kilikak egiten dizkio gure bihotz proletarioari–. King Kong teorian, Virginie Despentes-ek dio prostitutak direla burgesen artean kezka moral handienak eta salbatzeko gogo grinatsuena sorrarazten dituen taldea. Pretty Womanen samaritar onaren fantasia bete egiten da –Gerek Roberts kaletik erreskatatzen baitu–, eta horrek epeltasun goxoa ematen dio gure bihotz burges kristauari. Nolanahi ere, dena alfa ar dirudunaren izenean egiten da, Pretty Womanen ez da botere harremanen aldaketarik: bertzerik gabe, objektu bat –Julia Roberts, alegia– pasatzen da kalean adorno egitetik –edertasuna preziatzen ez dakien publiko batendako– aberaskume baten bulegoan apaingarri izatera –non edertasuna behar bezala balioesten baita–.

6. Filmeko protagonista maskulinoa espekulatzaile zikina da, baina aitarekin trauma bat izan duenez, pianoa jotzen dakienez, eta opera gustuko duenez, ikusleak dena barkatzen dio –baita krisi latz honetan ere–.

7. Quentin Tarantinok oinak maite ditu –gogoratu, bertzenaz, Jackie Brown-eko pasarte batzuk Bridget Fondarekin–; kritikari batzuen arabera, fetixismo horretan Tarantinoren zinemaren gaineko ikuspuntu perbertitua islatzen da: joera nagusia arbuiatu eta, aukeran, B edo Z serieko filmak nahiago ditu gure zuzendariak, bertsio ezezagunak eta film txiki azpibaloratuak. Ez da harritzekoa, mainstream-a aspergarria baita. Pretty Womanen, lehen segundoaz geroztik badakigu maiteminduko direla; badakigu Edwardek ez diola gizon zaharrari bere enpresa kenduko; badakigu, enfin, dena.

8. Alex de la Iglesiak zioen zinemaz aritzen garelarik gezurretan aritzen garela: Tarkovskik guregan eragin handia izan duela erraten dugu, baina behin eta berriz ikusi ditugun filmak Ozoresenak direla –De la Iglesia harro omen dago horretaz, baina hori bertze kontu bat da–. Telebistan film txarrak behin eta berriz ikusi ondotik, gure burua berriz edukatu behar dugu, film horiek gustuko ez izateko. Niri, dagoeneko, natural-natural ateratzen zait herra hori, eta inolako eginahal berezirik egin gabe gorroto ditut arrakasta handia duten film anitz. Gustu oneko gizontzat dut Karlos Cid –frankotan ados nago bere gustuko eta ez gustukoekin–, eta horregatik, Pretty Woman gustatzen zaiola aitortu zuenean, zerbait hautsi zitzaidan –krak!– nire bihotzean.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Zortzi Gorrotagarriak – Zortzi argudio Pretty Woman Gorrotatzeko (Arrapostua Karlos Cidi)

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Zortzi argudio Pretty Woman Gorrotatzeko”-ri buruz

  • Ñabardura bat “nire” poemari buruz: neurtitzetako batek ez dio “Santi Leoné-ren kontra”, “Santi Leoné-ren kritiken kontra” baizik. Aldea badago gero.