Uztailaren 14tik zinemetan… ESTREINALDIAK!

Uztailaren 14tik zinemetan… ESTREINALDIAK! –

Estreinaldiak: Uztailak 14

Egilea: Maialen Goñi

.

Slava (Un minuto de gloria)

Kristina Grozeva eta Petar Valchanov bulgariarrek zuzendutako filma Locarnoko jaialdian estreinatu zuten iaz, eta aurten Nazioarteko Film Onenaren saria jaso du Edinburgheko jaialdian. Filmeko protagonista Tsanko Petrov da, trenbideetan lan egiten duen gizon bulgariarra. Egun batean milioi bat lev topatuko ditu trenbidean, eta dirutza Poliziari itzultzea erabakiko du. Eskerrak emateko, Estatuak ordulari bat oparituko dio, baina gutxira gelditu egingo da, eta Garraio Ministerioko harreman publikoen buru Julia Staikovak Petroven ordulari zaharra galdu egingo du. Une horretatik aurrera, bere ordularia ez ezik, lapurtu dioten duintasuna ere berreskuratzeko borroka egin beharko du gizonak.

.

.

On the Milky Road (En la Vía Láctea)

Eta Serbiatik, ostera, iazko Veneziako jaialdiko Sail Ofizialean eta Donostiako Zinemaldiko Perlak atalean ikusgai izan zen On the Milky Road lan berezia helduko zaigu. Balkanetako Gerran, Serbiako frontean soldaduei esnea asto gainean eramaten zien  Kosta ezagutuko dugu. Halako batean, Italiatik heldu den emakume misteriotsu baten atea joko du, eta pixkanaka, debekatutako maitasun istorio bat abiatuko dute, abentura fantastiko eta arriskutsuz josita. Emir Kusturicak zuzendu du filma, baita aktore nagusiaren papera antzeztu ere, eta emakumezkoa Monica Belluccik gorpuztu du.

.

Cars 3

Disney eta Pixar etxeek 2006an eta John Lasseterren zuzendaritzapean abiatu zuten Carssagako hirugarren atala da. Kasu honetan, Brian Fee arduratu da proiektua gidatzeaz, eta Rayo McQueen erretiroa hartzera behartu nahiko duen Jackson Storm pilotuaren etorrera kontatuko digu. McQueenek ez ditu lasterketak utzi nahiko, eta Stormen teknologia berritasunei aurre egiteko, Cruz Ramírez mekaniko gaztearen laguntza beharko du. Hala, gogor prestatuko dira elkarrekin Piston Kopan parte hartzeko.

.

Their Finest (Su mejor historia)

II. Mundu Gerran, naziek Londres bonbardatu zutenean, tropa ingelesen morala suspertzeko film patriotiko bat egiteko enkargua jaso zuen ekoizpen etxe britainiar batek. Baina eskaerak sexuen arteko gatazka sortu zuen, herrialde oso bat motibatzeko gai izango zen istorioa sortu behar izan baitzuten. Gemma Arterton, Sam Claflin eta Jack Huston dira filmeko aktore nagusiak, eta Lone Scherfig emakumezko zinegile daniarraren aginduetara egin dute lan.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Uztailaren 14tik zinemetan... ESTREINALDIAK!

Euskal pantailaren gunea

5 pentsamendu “Uztailaren 14tik zinemetan… ESTREINALDIAK!”-ri buruz

  • Pena da, ze film gutxi bikoizten da euskerara! ( eta azpititulatu ).

    Umeen pelikulak, euskerazko bertsioarekin ERE, dvd-tan erosteko aukera egongo balitz sikiera…

    Baina, enfin…

  • Bai, arrazoi osoa duzu! Guk dakigula, hiru film estreinatuko dituzte euskaraz udazkenean (Zineuskadiren bidez): https://www.zinea.eus/2017/06/12/zineuskadi-hiru-film-udazkenean/
    Eta film gehiago etorriko direla aurreratu dute.

    DVDei dagokienez, ez dakigu zeintzuk kaleratu dituzten euskarazko azpidatziekin, baina pista moduan, Zineuskadiren atarian (http://www.zineuskadi.eu/index.php?id=eu) ageri diren filmen DVDak begiratu ditzakezu. Haietako batzuek izaten dituzte euskarazko azpitituluak…

  • Eskerrik asko eratzuteagatik.

    Baina horretara nihoan ni, 14 film bikoiztea urtean ez da aski, ia astero pelikula bat estrenatzen denean umeentzako.

    Eta azpitituluei buruz, helduentzako film, serie eta dokumentaletan, hor bai ahalegindu beharko lirateke erakundeak, ez baita hain garestia izango, ziuraski teknika kontua eta egiletza eskubideak izango dira arazo.

    Ongi izan eta zorionak zeuen web gunearengatik.

  • Nik katalogo hau topatu dut sarean:
    http://www.zineuskadi.eu/files/informes/44_2.pdf
    Baina ez dakit horiek eskuratzerik dagoen, ez dakit nonbait eros daitezkeen. Uste dut Elkarren bilatu ditudala eta ez ditudala topatu.
    Baina DVDa zaharkitu samarra dago, ezta? Ongi legoke euskaraz Filmin.cat ( https://www.filmin.cat/ ) bezalako zerbait izatea, edo Filmin.es ( https://www.filmin.es/ ) plataforman euskarazko produktuei lekua egitea behintzat.

  • Kaixo Naparroan!
    Arrazoia duzu, dvdarena zaharkitu xamarra dago, baino oraindik ez da makala liburutegietara dvden bila maileguan hartzeko joaten den euskaldun kopurua.Gehienetan umeen filmak. Eta gehienetan,tamalez, gaztelerazko bikoizketa ikusteko.Hori dena diru publikoarekin erosita. (Gaztelera sustatzeko diru laguntzak dira?)

    Bestalde, erabat ados zurekin, gaur egun, euskaldunok behar duguna ikusentzunezkoak geurean disfrutatu ahal izateko, filmin.cat moduko bat da!
    Baino, ez dakit nolako kuota ordaindu beharko litzateke hilero errentagarria izateko.
    Hala ere, neri behintzat, ez zait beste biderik okurritzen.

    Bizkor ibili, Naparroan!!