[Zine Kritika] Green Book

Zine Kritika Green Book – 

Estreinatu zen eguneko lehenengo saiora eta jatorrizko bertsioan filma ikusteko irrikaz joan ginen zinemara, poz-pozik. Eserleku bikainak hartu genituen, erdi aldera, zortzigarren ilaran, oker ez banago.

Filma hasi zen, pertsonaia protagonista aurkeztu ziguten, eta gu kontakizunean erabat murgilduta ginela dozena erdi bat atso sartu ziren zineman eta gure atzeko ilaran eseri ziren. Zalaparta ederra sortu ondoren, eseri ziren halako batean. Ordurako gu atzera begira, eta kontzentrazioa erabat galduta, atsoei isiltzeko eskatzen hasiak ginen, ikusten zuten eszena bakoitza ozenki komentatzea otu baitzitzaien infernuko gizaki maltzur haiei.

Baldintza hauetan ikusten hasi ginen beraz Green Book. Zorionez, eta Peter Farrelly-ren (All About Mary, Dumb & Dumber) azken filmaren edertasunean murgilduta seguruenik, gure jubilatu aztoratzaileak isildu ziren azkenean…

Gertaera errealetan oinarritutako film honetan apetitu aseezineko Tony Vallelonga Lip (Viggo Mortensen) italiar-amerikarraren istorioa kontatzen zaigu. Lip goitizena bere hitz-jarioagatik jarri zioten aspaldi, hainbat egoera zail, arriskutsu eta deserosotik airos ateratzen lagundu dion abilezia.

Tony Lip-ek New York-eko Copa Cabana klub ezagunean harreman publiko bezala lan egiten du baina dantzalekuaren zaharberritze lanak direla eta, beste zeregin bat aurkitu beharrean geratzen da. Familia gazte baten buru, eta diru sarrera bakarra, ez dira garai samurrak gure Tony-rentzako.

[Zine Kritika] Green BookParaleloki, Don Shirley (Mahershala Ali) jazz pianista beltz bertutetsua, EEBBetako hegoaldera joango da 2 hilabeteko biran eta bidean topatuko dituen zailtasunak kudeatuko dituen gidari bat behar du. Tony Lip eta Don Shirley-ren bizitzak batzen dira orduan eta italiar arrazista eta ezjakinari begiak irekiko dizkion road movie zoragarri batean barneratzen dira. New York-etik ateratzen diren egunean Tony-ri The Negro Motorist Green Book bat oparitzen diote.  Green bookGida 1936tik 1966ra publikatu zuten eta negro-friendly ziren jatetxe eta ostatuen zerrenda hau pertsona beltzei ezinbestekoa egiten zitzaien, bidean non hartuko zituzten establezimenduak topatzeko. Memphis, Little Rock, Baton Rouge-tik pasa eta Alabamako Birmingham-erainoko bide gorabeheratsuan bi gizonen arteko harremana hazten ikusten dugu, baina baita arrazakeria, erasoak, eta atxiloketak, 60.hamarkada hasieran EEBBetan bizi zen egoera sozial eta errealitate latzaren isla.

[Zine Kritika] Green BookBeste Oscar-friendly film bat dugu Green Book, aktore printzipalen lanek, baina batez ere Mortensen-enak, puztu egiten dute filma egiatasun eder bat emanez. Muturreko izaerak dituzten bi gizon hauek jasaten duten aldaketa oso nabarmena da eta Birminghamera, biraren azken helmugara iristen direnerako Tony toleranteago bat eta Don irekiago bat aurkituko ditugu.

 

Filmean zehar, bai soinu banda zoragarrian eta baita Don Shirley pianistaren musika ederrak zipriztinduko dute kontakizuna, identitateari buruzko hausnarketa sakon eta hunkigarriekin batera.

AIPAGARRIA: Vigo Mortensen-en italiar azentua.

IZARRAK: 4 1/2

 

TRAILERRA:

[Zine Kritika] Green Book 

Izaskun Arandia

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude