Sagastiz sagasti, sagarrondoak gurtuz

Sagastiz sagasti, sagarrondoak gurtuz –

Sagarrondoak landatu, sagar-ipurdiak jorratu, ongarritu eta gerriak kareztatu ohi ditugu garai hauetan. Aldi berean, neguan ere, kalerik kale eta baserriz baserri kopla kantari ibili ohi gara eskean.

Sagastiz sagasti, sagarrondoak gurtuzGure atlantiar kulturan bada ordea garai beretsuan sagastiz sagasti kantuan dabilenik. Mozorroak jantzi eta sagastiko sagarrondorik helduena inguratuaz kantuan eta dantzan, zintzarriak eta zartaginak astinduz. Neguko lozorroan den sagarrondoa iratzarri nahian, gaitzak uxatuz eta sortu den Eguberria iragarriaz, hazten bai doa eguna. Uzta oparoa eskatzen diete sagarrondoari eta osasuna opa elkarri. Iazko uztaren sagardoa sustraitara bota eta haur txikienek sagardotan bustitako ogi zopak adarretan ezartzen dizkie, sagastiko txorien gozagarri izango direnak. Erdi arotik behintzat ba omen datorren ohitura hau, gabon eskearen aitzindari gisa hartzen duenik ere bada.

Ez dira urrutiko kontuak, gurean bezalako inguru berdetan, flora eta klima berean, itsaso berak bustitzen dituen lurraldetan; Ingalaterrako hegoaldean bizirik dirau guzti honek, gure Europako atlantiar kulturan. Wassailing izenez ezaguna da ohitura zahar hau. Txoro haizeak jota daudela esango lukenik izango da baina, sagarraren lanketa gurean baino biziago mantendu eta garatu dituzte hortik. Gaur sagardo kopuru gehien egin eta edaten duten lurraldeak dira. Sagardo mota desberdinak lantzen dituzte, bakoitza bere izenarekin. Hartzidura maila ezberdinekoak, gozoak edo lehorrak, nahiz egurrezko kupeletan onduak, apartsuak edo aparrik gabeak, beste fruituen zukuekin gozatuak, edo gure sagardoaren antzera oinarrizko “hard cyder” edo “farmer cyder” deituak direnak.

Naturatik inoiz ez bezala urrundu garenean, harremanetan sartzeak, osasun iturrirako bidea egiteak eta ezagutzeak, zentzu gehiago hartzen du. Gaur, lurrik gabe ere egiten bai dira fruituak, fruiturik gabe ere zukuak, zukurik gabe ere sagardoak.

Sagastiz sagasti, sagarrondoak gurtuz Sagastiz sagasti, sagarrondoak gurtuz