Zer gertatzen da kulturarekin?

Zer gertatzen da kulturarekin? –

Bigarren olatua gainean dugu eta horrek murrizketa gehiago ekarriko dituela iragarri zuen Iñigo Urkulluk astearen hasieran. Eta hala izan da, ostalaritza itxi egingo da. Europako bizilagunen erreakzioak batetik, eta noski, aurretik hartu diren neurriak ikusita, kulturaren sekzioak murrizketak izango dituela denok aurreikusi dezakegun kontua izan zitekeen.

Datuen arabera, kultur esparruetan emandako gaitzen kasuen ehunekoa oso txikia bada ere, kultur eragileek kultura segurua dela gogorarazi behar dute etengabe. Haien sektorea arriskuan ikusten dutelako, ulertzekoa, nik ere baitakit haiek nire lantokia baina lehenago itxiko dutela. Neurriak beste sektoreek bezala hartu badituzte ere, museo bat enpresa bat baina lehenago itxiko dutela badakigu.

Gertatzen ari dena injustizia bat bada ere, gure gizarteak ez du inolako kulturaren babes formal eta nabarmenik egin. Agintariek hartutako neurriei men egin diogu, neurriok norberari noiz eragingo zioten esperoan seguruenik. Baina bitartean, kulturarekin gertatzen dena ulertzen saiatu naiz, eta bi arrazoi topatu ditut.

Kultura lana da, hori badakigu (ez?). Eta orduan zergatik kostatzen zaio hainbeste gizarteari lan bezala onartzea? Soldatapeko lan tradizionaletik haratago lana zer den zehaztea zail egiten zaigulako. Eta hor dator arazoa: kultura hobby bat bezala hartzeko joera handia dela oraindik. Bere pasio egin duen bakarlari horren lana agian askoren hobby berdina delako.

Baina eta kulturak sortzen dituen lanpostuak zer. Kultur eragileen lana kultur eragileak izatea da eta hori bermatzeko azpiegiturak ere lanaren parte dira. Teknikariak, aretoetako jabeak, managerrak, lokalak, artistei materiala saltzen dietenak, galeriak, museo eta zineetako langileak, kultur eskaria kudeatzen dutenak eta abar. Horiek ere kultur-sektoreak berekin sortzen dituen lanpostu (tradizionalagoak) dira.

Musikari elkartetik ateratako irudia

Arazoa orduan aisiarekin dagoela konturatu naiz. Kultura aisiarako merkantilizatzean, hots, kultura prezio baten truke jendea entretenitzeko dena bezala ulertzea. Logika horretatik, sektorean emango diren murrizketak erraz ulertzen dira. Zeren gauden egoeran egonda, jendea ez da entretenitu behar, “lanetik etxera eta etxetik lanera” agintzen digute. Jendea ez da lanean kutsatzen, aisian kutsatzen da. Orduan gizarteak logiko eta normal ikusten du bere 8.000 pertsonako fabrika ordez, auzoko musika aretoa lehenago ixtea.

Nik pertsonalki uste dut borroka honetan kultur eragileak bakarrik utzi ditugula. Haiek, artistak edo dena delakoak, euren ahotsez eta publikora helarazteko duten abantailaz baliatuko zirela berea defenditzeko. Eta ikusi dugun bezala, hori egin dute bai, baina bakarrik egoten jarraitzen dute. Guk hein batean, gertatutakoa normaltzat jo dugulako.

Zer gertatzen da kulturarekin?