Zer da klasiko bat?
Zer da klasiko bat? –
Irene Vallejoren Infinitua ihi batean liburuan bada Fernando Reyk artoski euskaratutako aipu bat, non Mark Twainek definizio ironiko bat proposatzen zuen: “Mundu guztiak irakurria izan nahi baina inork irakurri nahi ez duen liburua, hori da klasiko bat”.
Klasikoetan klasikoena, Mary Shelley-ren Frankenstein, zeren eta bat baitator Mark Twainen definizio ironikoarekin: Frankenstein mundu guztiak irakurria izan nahi du baina inor ez da berez animatzen irakurtzera, izan istorio ezaguna zaigulako, izan bestelako liburu berriak zain ditugulako.
Haatik, Irakurle klub batean egoteak badu abantaila bat, askoren arteko bat, eta horixe da bestela inondik ere irakurriko ez zenituzkeen liburuak irakurtzen dituzula. Horixe gertatu zaigu Erronkaribarreko Irakurle taldean biltzen garenoi. Martxoaren azken egunean dugu hitzordua Erronkarin, hilaren 31n, eta badakit hiru aste ditudala XIX. mendeko eleberri klasiko bat gozatzeko, dastatzeko eta, nik neuk ere, estreinakoz irakurtzeko.
Eta bai, Mark Twainen definizioa ironikoa da, zeren eta, irakurri eta gero ere, ez dut uste Frankenstein-ek klasiko izateari sekula utziko dionik.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko martxoaren 15ekoa]