Orain ez dakit gaurkoa ote den nire azken eguna institutuan

Orain ez dakit gaurkoa ote den nire azken eguna institutuan –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Muzdha-ren adierazpena. Afganistango 16 urteko neskatoa.

Orain ez dakit gaurkoa ote den nire azken eguna institutuan

Muzdharen adierazpen hau asteartean entzun nuen podcast batean. Ez da gaur-gaurkoa: 2021eko urrikoa da saioa. Hibai Arbide eta Adriana Cardosok zuzendu eta aurkezten dute La Internacional irratsaioa hilean behin Radio Primavera Sound-en. Programa hau Afganistani buruzkoa izan zen eta Olga Rodríguez kazetariari eginiko elkarrizketa du ardatz. 9. minututik aurrera entzun dezakezue Candela Malmierca Muzdharen testuari ahotsa jartzen (gaztelaniaz). Nik euskaratu egin dut.

Muzdha naiz

Muzdha naiz, Afganistanen jaioa. 16 urte ditut, eta herritik alde egin izan ez banu, ziur aski orain taliban batekin bortxaz ezkonduta egongo nintzateke. Hori gertatu zitzaion nire izebari.

Talibanek gure herria konkistatu zutenean, bahitu zituzten, eta geroztik haietako baten emaztea da. Talibanek ez zuten konkistatu Afganistan abuztuaren 21ean, jendeak uste bezala: urte luzez konkistatu zuten, Estatu Batuetako soldaduek eragozten ez zuten eta gainerakoei berdin zitzaien bitartean.

Talibanen aurrerapena geldiezina zenean, aita Dilawar-ek eta ama Shafika-k ez zuten arriskatu nahi izan guri ez gertatzeko gure izebari gertatutakoa.

Lau ahizpa ditut (oharra: ez dakit izenak ondo idatzi ditudan): Palwasha, 20 urtekoa, Marwa, 11koa, Jadiya, 10ekoa, eta Jushgu, 7koa. 2019an iritsi ginen Greziara. Beste askok bezala, itsasoan bizitza arriskuan jarri genuen, Turkiatik Samos irlara bitarteko bidaia txalupa batean gurutzatzeko. Lehenengo aldia zen itsasoa ikusten genuela, baina hauxe ez zen izan bidaiaren arriskurik handiena. Europatik ikusten ez den zatia askoz ere okerragoa da, amak beti dioen bezala. Iran autoz zeharkatzea deserosoa izan zen, baina larriena Iran eta Turkia artean hasi zen.

Polizia eta soldadu turkiarren kontrolak saihesteko, mendian gora eta behera ibili ginen astebetez. Egunsenti batean, gidarietako bi borrokan hasi ziren elkarren artean, biek espedizioaren buru izan nahi baitzuten. Eztabaida irabazi zuenak labana sartu zion besteari nire ahizpa txikien aurrean, eta bere atzetik oinez jarraitzeko agindu zigun.

Turkian soilik hamabost egun pasa genituen, baina bi aste horiek hondamendira eramango gaituzte. Greziako asilo lege berriak, 2021eko maiatzean onartu zutena, Turkia herrialde seguru izendatu zuen. Horrek esan nahi du orain ukatu egiten dituztela asilo-eskaera guztiak Turkiatik iritsi bazara Greziara. Eta ez dago iristeko beste modurik.

Gure familiak urteak daramatza errefuxiatu-eremu batean espedientea noiz ebatziko zain. Greziako Gobernuak legea onartu bitartean nahita atzeratu ditu erabaki guztiak, eskabide guztiak atzera bota ahal izateko. Eta esan digute lege berriak Turkia herrialde seguru izendatu duenez, Turkiara bueltatu beharra daukagula, onean edo txarrean.

Oraindik ez dira Turkiako deportazio masiboak hasi, baina horren beldur, errefuxiatu eremuko gure bizilagunetako askok alde egin dute. Balkanak oinez zeharkatu nahi dituzte, Europa erdialdera joateko 2015ean bezala, baina 2015ean ez zegoen gaur egun bezainbeste hesi eta muga-kontrol. Ez dakite ibilbidea posiblea ote den, baina azkenak izateko beldur dira.

Pozik nintzen eskolara bueltatu nintzelako hainbeste bidaiaren ondoren. Iaz nota onarekin gainditu nuen dena. Gero eta hobeto hitz egiten dut grekoz. Uste nuen hemen geratuko nintzela bizitzen.

Orain ez dakit gaurkoa ote den nire azken eguna institutuan.

.

Solidarité

Badirudi jada pasa dugula Afganistango orrialdea, Putinen esku-hartze kriminalak Ukrainia eta Errusiaren arteko gatazka lehen lerroan jarri duelako, gainerako guda eta gatazka armatuak bigarren maila batean utziz. Datua oker artxibatu ez badut, une honetan laurogei gerra baino gehiago daude planeta osoan.

Otsailaren 24ko inbasioak blokeatuta utzi nau. Ulertzen dut, beraz, beste asko egoera berean egotea.

Duela egun batzuk hogeitaka urteko gizon afganiar baten kasuaren berri izan nuen. Errusian hiruzpalau urte pasa ditu, baina bertako agintariek ez zioten asilo-eskabidea onartu eta 2021eko bukaeratik egoera irregularrean dago. Bere herrialdera deportatua izateko arriskuan, gainera; eta neurri hori heriotza-zigorra izan daiteke berarentzat. Espero hori ez gertatzea eta Europako herrialde batek hura babestea.

Goian aipatutako irratsaioan, kanta bat entzun nuen, buruan bueltaka dabilena azken ordu hauetan. Solidarité du izena eta 2017an M (Mathieu Chedid) zein Toumani eta Sidiki Diabaté-k eginiko Lamomali diskoan ageri da.

Orain ez dakit gaurkoa ote den nire azken eguna institutuan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude