[Nor zen?] Aurelio Arteta
Aurelio Arteta –
Aurelio Arteta Errasti (Bilbo, Bizkaia, 1879ko abenduaren 2a) margolaria izan zen, Euskal Herriak eman duen onenetarikoa. Felix Arteta margolari, marrazkilari eta karikaturistaren anai zaharra izan zen. Artetaren pinturak bere garaiko hainbat estilo eta joera sintetizatu zituen, eta arte hein batez idealizatua eta malenkoniatsua sortu. Gaien aldetik Euskal Herriko pertsona eta paisaiak nabarmendu zituen: baserritarrak, arrantzaleak zein Bilboko itsasadarraren inguruko giro industrialak.
14 urte zituela Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan sartu zen. Urtebetez marrazketa eta beste ikasgai batzuk jorratu zituen. Txirotasunak behartuta bere familia Valladolidera mugitu zen. 1897an Madrilera jo zuen. Han San Fernandoko Arte Ederretako goi-eskolan ikasketak burutzen zituen bitartean hainbat lanbide izan zituen, besteak beste, marrazkigile, brotxa lodiko pintore, Errege Antzokiko konpartsako kide, ukitu-emaile, brodatuen diseinatzaile, litografoa, moda-aldizkarien diseinatzaile, emanalditan banatutako eleberrien ilustratzaile… Diru-sarrera eskasak zituenez, Madrileko auzo ilunenak ezagutu zituen.
Bost urte egoera txarrean bizi ostean, zorionak Parisen ikasteko aukera eman zion: 1902an Bizkaiko Foru Aldundiak ikasketa-pentsioa onartu zion. Gaia “Lan-isripua” izan zen. Urte hartan, 23 urte zituela, Parisera jo zuen. Han Quintin de Torre eskultore izan zuen bizikide Montmartre auzo ospetsuan. Puvis de Chavannesen pintura soziala ezagutu zuen. Hala, jende apal, arrantzale, langile eta nekazarien gaiarekiko zuen atxikimendua sendotu egin zen. Hiru urte beranduago, 1905ean, irteera artistikoak egin zituen, besteak beste, Erroma, Florentzia, Milan eta Italiako beste zentro artistiko batzuetara. Bere kritiko guztiek esaten dutenez, bidaia horiek eragin itzela izan zuten pintorearengan.
Beka bukaturik, Bilbora itzuli zen, eta 1911n, beste pintore eta eskultore batzuekin batera, Euskal Herriko Artisten Elkartea sortu zuen. 1924an Bilboko Arte Modernoko Museoko zuzendari izendatu zuten, baina hiru urteren buruan utzi behar izan zuen kargua. 1936ko gerra hastean Madrilgo Pinturako Goi Eskolako irakasle zen. Errepublikaren alde egin zuen, eta gerran zehar Valentziara, Bartzelonara eta Biarritzera lekualdatu behar izan zuen. 1938an kokatu zen Biarritzen, eta gai bakartzat gerra zuten koadroak margotu zituen.
1940. urtean, azkenik Mexikora erbesteratu zen. Urte hartan bertan, Mexiko Hirian hil zen, tranbia istripu batean, abenduaren 10ean.
*Inork Aurelio Artetaren edozein ikus-entzunezko euskaraz topatzen badu, abisatu iruzkinetan eta gaztelaniazkoa kenduko dut