Abeltzainak eta artzainak komunikatzeko gogoz

Abeltzainak eta artzainak komunikatzeko gogoz –

Abeltzainak eta artzainak komunikatzeko gogoz

Konturatu gabe hilabetea pasatu da azken idatzitik. Ai, ze urrun geratzen den kanpainaren amaiera… Ordutik hona asko ikusi dugu. Baita zalantzaren laino beltzean sartu nauen kontu bat ere.

Blog honen arrazoia, beste batzuen artean, bazen –eta bada– gure mundu honekin harremanik ez duen jendeari baserri munduaren berri ematea, artalde baten bueltan gertatzen direnak kontatzea, gure kasuan. Maiz galdetzen diot neure buruari helburua lortzen ari garen, inorengana heltzen garen, gure errealitatetik hain urrun bizi direnengan interesik pizten duten testuok. Zentzu horretan, borobila litzateke hurrengoaren zain gogoz gelditzea eta baserriarekiko jakin-mina baserrietara gerturatzerainokoa izatea; bueno, gutxiagorekin ere konformatzen naiz…

Helburu bera duten bi proposamen topatu ditut teknologiari esker, biak ala biak ikus-entzunezkoak; baina estiloan oso ezberdinak. Hona ekarri nahi izan ditut, ziur aski, gure etxean solasaldi batzuetarako eman dutelako –eta gehiagorako ere–. Gaur bertan Catalunyako artzain batzuk izan ditugu bisitan, eta hizketagaietako bat hauxe izan da: zer bide hartu ahal dugu baserritarrok lehen sektorea kalera hurbiltzeko?

Ez dakit zer irizpide erabili hurrenkera aukeratzeko. Azkenik, erabaki dut kronologiaren gidaritzapean gelditzea, eta ezagutu genuen lehenak emango dio hasiera aurkezpenari.

Nel Cañedo Saavedra, asturiarra, Onisen artzain. Bere kasa orain dela bi urte hasi zen –lehenago beste artzain batekin aritu zen lanean–; behiak, ahuntzak eta ardiak ditu, euren esneekin Gamoneu gazta egiteko, gehienbat mendian. Nelen bideo batzuk youtuben topatu genituen, eta egia esaten badizuet, inbidia sentitu nuen: hori da hori komunikatzeko gaitasuna! Akaso, birao gehiegi nire gusturako, baina zenbaitetan eskerrak biraoak dauden unibertsoan, bestela auskalo zer nolako eztanda entzungo liratekeen mendialdean… Izan ere, susmoa dut baserri munduan ezinegonak baserritarren juntadizoen egunetan aireratzen ditugula, gure artean; baina aireak ez ditu eramaten behar den tokietara –gauzak konpondu behar badira, behintzat–, eta batzuetan, gainera, ardura duten horiekin biltzen garenean, xuxen-xuxen jokatu eta –zer edo zeren esperoan, beharbada– hitz goxoak oparitu. Mutil honen ausardiak, jarioak eta argitasunak kateatu gintuzten –bideo batzuk behin eta berriz ikusteraino–, eta artzain asturiarra ezagutzeko gogoa piztu zitzaigun, baita ezagutu ere!

Uztailaren amaieran, mezu bidez, Ganaderas en red izeneko ekimenaren bideo bat jaso genuen. Espainiar estatuko abeltzain eta artzain emakumeen artean sortutako sarea. Antza, Zamora eta Leongo abeltzain batzuk izan dira bultzatzaileak, eta dageneko, estatu osoko emakumeak daude –nik dakidala EAEko inor ez dago eta Nafarroan bat–.

Helburua oso interesgarria iruditzen zait: emakume abeltzain eta artzainen ikusgarritasuna aldarrikatzea –geu ere bagarela ukuiluetan, geuk ere lan gogor egiten dugula…–. Eta hori aitortzen badiot ere, ez nuke horretan parte hartuko. Nire izaerak badu zerikusia, lotsatia bainaiz, oso; dezente errazagoa egiten zait pantaila honen atzetik neure hausnarrak idaztea –baten batek koldarkeria deituko dio neure lotsari–; dena den, esango nuke lotsa baino gehiago dagoela nire kasuan; estilo kontua, agian? Eta ez gaizki ulertu, ez dut uste idazteak halako bideo batean azaltzeak baino glamour handiagoa duela, inondik inora! Baina denok ez dugu balio gauza berberetako, eta onartu egin behar dut: ez dut horretarako balio –koldarkeria deitu, nahi baduzu–.

Multimedia sarrera hau bukatu nahiko nuke beste bideo batekin. Orain dela pare bat urte gurean praktikak egindako batek –eta orain laguna dena– bidali zigun; hura ere azaltzen da. Gauzatxo bat aitortuko dizuet: hunkitu egin nintzen Albert ikusi nuenean, zeharo.

Poza ematen du nekazaritzan ari den hainbeste jende –eta asko gazteak– aktibo ikusteak, gogoz eurena aldarrikatzeko, munduan badirela beste modu batzuk egoteko, sentitzeko, duin izateko, baita animalien artean ere.

Nahiko genuke hori dena eta gehiago zuei ulertarazi, baina zaila da asmatzea nondik hasi eta nola egin.

Abeltzainak eta artzainak komunikatzeko gogoz  Abeltzainak eta artzainak komunikatzeko gogoz
artzantza, komunikazioa
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude