Zazpi euskal ekoiztetxek hartu dute parte Sunny Side of the Doc jaialdian
Zazpi euskal ekoiztetxek hartu dute parte Sunny Side of the Doc jaialdian –
Zazpi euskal ekoiztetxek hartu dute parte joan den astelehenetik (ekainak 20) gaur arte (ekainak 23) egin den Sunny Side of the Doc jaialdian. La Rochellen (Frantzia) du egoitza, eta lan dokumentalei buruzko merkatu nagusietako bat da. Urtero 60 herrialdetako 2.000 profesional baino gehiago biltzen ditu.
Aurten ere euskal profesionalek parte hartu dute, hainbat helbururekin. Ohikoa denez, Basque. Audiovisual. Sunny Side of the Doc jaialdian izan da berriro ere, euskal zinemaren azken nobedadeak eta gure lurraldean dauden zerga-pizgarriak ezagutzera emateko. Aurrekoetan bezala, interesa duten profesionalek lan guztiak ezagutu ahal izan dituzte topaketarako berariaz sortutako online katalogoan. Era berean, markak jaialdia inauguratu zen astelehenean bertan bi ekitaldi garrantzitsutan parte hartu zuen. Batetik, networking jardunaldi batean, ‘Luncheon: Meet the Italian & Spanish Delegations’ izenburupean, eta, bestetik, ’Spanish Rendez-vous: Meet our Docs’ saioan. Azken jarduera honetan, Mar Izquierdok, Zineuskadiko koordinatzaileak, aurkezpen bat egin du eta jaialdian izan diren euskal lanei buruzko informazioa eman du.
Bertan izan diren zazpi euskal ekoizleak hauek dira: Doxa Producciones (‘Cabeza y corazón’ eta ‘Itoiz_Udako Sesioak’), EsRec (‘Testigos invisibles’), Lacørte Films (‘Matxitxako. Apuntes sobre la marina de guerra auxiliar de Euzkadi’ eta ‘La alternativa de Tristán’), Lumiere Produkzioak (‘Aztarnak’), Maluta Films (‘Ainarak’, ‘Apaiz kartzela’, ‘Hezurrak’ eta ‘Manolo Kabezabolo’), Sonora Estudios (‘Grito invisible’ eta ‘Viento’) eta TAUI Media (‘Carlota’ eta ‘Tito Nazare’).
Zalantzarik gabe, hitzordu hau urteko garrantzitsuenetakoa da ikus-entzunezkoen sektorearentzat; izan ere, aukera ematen du bere proposamenak ezagutarazteko, merkatu berrietara iristeko, proiektuak garatzeko finantziazioa edo bazkideak bilatzeko eta sektoreko azken joerak ezagutzeko, bai eta hainbat profesionalekin topo egiteko ere, hala nola banatzaileei, erosleei, sortzaileei, ekoizleei eta dokumentu-merkatuko beste eragile batzuei.
Zazpi euskal ekoiztetxek hartu dute parte Sunny Side of the Doc jaialdian