Hezkuntza lege berriaren norabidea eta hezkuntza sistema publikorako arriskuak

Hezkuntza lege berriaren norabidea eta hezkuntza sistema publikorako arriskuak –

Aurreko apirilaren 7an, Eusko Legebiltzarreko lau alderdi politikok, EAJak, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, etorkizuneko EAEko hezkuntza sistema berria arautuko duen hezkuntza lege berrirako oinarrien inguruko akordioa onartu eta irudikatu zuten aho batez poz-pozik. STEILAS sindikatua, ordea, kalean zegoen hezkuntza akordio horri ezezko borobila ematen eta hezkuntza publikoaren indartzea, eskola segregaziorekin amaitzea, benetako euskalduntzeko konpromisoa eta hezkuntza sistemaren publifikazioa, besteak beste, aldarrikatuz. 

Hezkuntza lege berriaren norabidea eta hezkuntza sistema publikorako arriskuakBehin akordio politikoa irudikatuta, orain EAJari dagokio, Hezkuntza Sailaren buru gisa, akordioan oinarritutakoa konkrezio bidez dekretuetara xedatzea eta lege berrirako artikulatuaren lehen idazkian lanean jartzea. Orain gutxi horren lehen urratsa eman da: EAEko hezkuntza ez unibertsitarioko ikastetxe sareen hezkuntza eskaintzaren planifikaziorako dekretuaren zirriborroa ezagutu dugu eta gure susmoak egi bihurtu dira. Izan ere, proposatzen diren irizpide eta neurri zuzentzaile guztien konbinazioak Itunpeko Ikastetxe Pribatuen joko zelaia handitu eta babestera datoz, EAEko eskola publikoen sarearen kaltetan, eta etorkizun labur batean ikastetxe publiko ugariren etorkizuna kolokan jarriz.

Hezkuntza planifikaziorako dekretu proiektuak hezkuntza zerbitzu guztiak berdintzen ditu, beren titulartasunari jaramonik egin gabe. Ez du zuzentzen jaiotza-kopuruaren beherakadaren aurreikuspenen aurrean sare pribatuko itunpeko ikastetxeek duten gaineskaintza, ezta aurretik zeuden desorekak ere. Eskola eskaintza planifikatzeko familia batzuek duten erabakitzeko eskubidea gauza guztien gainetik jartzen ditu, 2022-2028ko ikastetxe pribatuen planifikazioa negoziatzeko momentua denean.

Planifikazio dekretu honen aplikazioa zein testuingurutan gauzatuko den ulertzea ezinbestekoa da Hezkuntza Sailaren asmo pribatizatzaileak ulertzeko:

– Eskola eskaintzaren desorekaz ari garenean, itunpeko ikastetxeen ikaspostuen eskaintza guztiz puztuta dagoela ulertu behar dugu, behar diren plaza kopuruen gainetik. Adibide ugari daude, Oñatin adibidez, HH3n ikastetxe pribatuek duten eskaintza 125 posturena da eta soilik 55 haur dituzte maila horretan matrikulatua.

Herrien artean ere desoreka ugari daude, Andoainen esaterako, sare publikoaren eskaintza herriko eskaintza guztiaren % 13 baino ez da. Herri edo hiri gehienetan, sare publikoaren eskaintza ez da iristen eskaintza osoaren % 40ra, hala nola: Tolosa, Arrasate, Bergara, Villabona, Zarautz, Oiartzun, Bermeo, Gernika, Mungia, Trapagaran, Amurrio, Donostia… Eta haien eskaintza inguru horietako ikasle guztien % 90 jasotzeko adinakoa da. Baditugu hainbat herri eskaintza publikorik ere ez dutenak: Lazkao, Irura, Usurbil, Loiu…

Hori da egungo erradiografia: hezkuntza publikoa ez da eskola eskaintza osoaren % 50era iristen, ez du gaineskaintzarik. Urtero ajustatzen dira ikastetxe publikoen lerro kopuruak eta, bitartean, ikastetxe pribatuen ituntzea unibertsala da, matrikula kopuru minimoetara iritsiz gero dena ituntzen da, inguruko eskola mapan behar errealik egon gabe, ondorio gehiagorik begiratu gabe eta ikastetxe pribatuek ituntze dekretuak betetzen dituzten begiratu gabe. Are gehiago, jaiotza tasaren beherakada izugarria espero denez, ikastetxe pribatuei gelak itundu ahal izateko ikasle ratio minimoa 17tik 13ra jaitsi diete gehienezko ratioak ukitu gabe, hezkuntza sistema publikoaren esentzia komunitarioaren oreka haustera datorren lehiakortasun aukerak lehenetsiz. Eta sare publikoari begira, ordea, dekretuan ikastetxeen betekizunak zorroztu dira, lerro bakarreko ikastetxeak ixteko edo fusionatzeko arriskuan ipiniz, baliabideak optimizatzeko.

Planifikazio-dekretu zirriborroak “Euskal Hezkuntza Zerbitzua” hartzen du erreferentziatzat, ikastetxeen titulartasuna kontuan izan gabe eta LOMLOEk berak planifikaziorako ezarritako gutxienekoak bete gabe. Hezkuntza eremu guztietan ikaspostu publikoak izan beharrean doako ikaspostuak egotea bermatuko dela aipatzen da, oraindik ikusteko gaudenean benetan itundutako ikastetxe publikoen kuota ilegalak desagertuko diren, benetako doakotasuna bermatu ahal izateko. 

Horren guztiaren arriskua izugarria da, kontuan izanda bi sareen arteko abiapuntua eta lehiakortasun gaitasuna ez dela berdina. Zerbitzu publiko guztiek bezala, eskola publikoak betetzen duen funtzio berdintzaile eta sozialaren aurrean errekonozimendua, baliabideak, kalitatezko programa berritzaileak, azpiegitura berriak eta lan baldintza duinak izan beharrean, gizartearen estigma jaso du. Zer etorkizun espero daiteke, itundutako sareak duen gaineskaintzaren aurrean, sare publikoarentzat familien erabakitzeko eskubidea bada planifikaziorako oinarrizko irizpidea?

Azkenik, eskola segregazioarekin amaitzeko asmoz, hezkuntza premia bereziak dituztenen eta egoera zaurgarrian edo egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen presentzia orekatua funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietan bermatuko dela esaten da. Hortaz, erraz ondoriozta daiteke ikasle zaurgarrienen familiek ez dutela ikastetxea aukeratzeko eskubidea bermatuta izango, Hezkuntza Sailak eskolatuko baititu, itundutako ikastetxe pribatuetan oreka hori lor dezaten. Beraz, ikasle gehiago eta jokaldi borobila. 

Dekretuaren zirriborro honekin, Hezkuntza Sailak beste behin nabarmen utzi du zein gutxi estimatzen duen sare publikoa, maskara kendu du eta benetan egin nahi duena erakutsi du: sare pribatua hezkuntza sistemaren ardatzean ipini, publikoa haren osagarri bihurtu. STEILASek Legebiltzarreko alderdiei planifikaziorako dekretu-proiektu hori ez onartzea eskatzen die, eta denona eta denontzat den ezinbesteko eskubidearen bermatzaile unibertsal bakarra den eskola publikoari erdiguneko tokia ematea exijitzen die. Aldaketarik egon ezean, dekretu honen aurka kalera aterako gara eta edozein eskola publikoren itxieraren aurrean, herriz herri, auzoz auzo, sortuz joango diren ekimenetan egongo gara tinko publikoaren alde.  

Hezkuntza lege berriaren norabidea eta hezkuntza sistema publikorako arriskuak  

Zer duzu buruan “Hezkuntza lege berriaren norabidea eta hezkuntza sistema publikorako arriskuak”-ri buruz

  • Baskoniarra 2022-06-23 19:37

    Zergatik esaten dute publikoa, estatuarena esan nahi dutenean. Eta zergatik esaten dute euskal, Espainiako EAEri buruz soilik esan nahi dutenean. Menpekotasunetan blai!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude