Zarauzko Adarretatik aire gozo-epelak datoz
Zarauzko Adarretatik aire gozo-epelak datoz –
Musika jaialdien artean bada bat ezkutuan datorrena, gaur bertan hasiko den Adarretatik; Zarauzko hitzordu udatiarra, nortasun propioa duena eta, aurkezgai dituen artistak gorabehera, iaz sortutako giro ona berme duena (ikusi bideo laburpena).
Hiru eguneko jaialdia izango da, uztailaren 19tik 21era, hiru kokagune ezberdinetan (Berazako txiringitoa, Frontoi Txiki eta Borghetto inguruko malekoia); kalean eta doan. Eta beste horrenbeste musika erritmo ditu adar nagusiak: euskal folk eta rock musika, jazza, eta batez ere, dantzarako musika hegoamerikarra.
Jaialdia Musikenen eratutako No-Land Trio jazz hirukoteak irekiko du, gaur 19.00etan, Berazako zuzeneko bakarrean (eskumako argazkian).
Eta hasi bezala itxiko da, igandeko zuzeneko bakarrak ere, Antonio Lizana Triorenak, jazz doinuak izango baititu ardatz (20.00etan Borghetton). Cadizen jaioa, Lizana saxofoi jotzaile eta kantaorea ere Musikenen ikasitakoa da, eta jazza flamenkoarekin uztartzen du bere hirukotearekin.
Frontoi txikian (20.00etan), ibilbide luzeko bi euskal musikari estimatu izango dira. Batetik, gaur bertan, gurean aurkezpenik behar ez duen Ruper Ordorika, gitarra soilez lagundua, bakarka, bere azken lanean bezala. Bestetik bihar, Joseba Irazoki, zaratatsuago, lagunekin batera.
Nazioarteko taldeen oholtza Borghetto pareko malekoia izango da, bertan joko baitute 22.30etatik aurrera Sociedade Recreativa eta Kumbia Borukak, biak ala biak Ameriketatik datozenak.
Sociedade Recreativa talde brasildarra da, herrialdeko ipar-ekialdeko kultur adierazpen diren samba de coco, capoeira, baiao, forro, maracatu… erritmo musikalak eta egungo musika urbano eta elektroniko dantzagarriak uztartzen dituena, hip-hop, dub, tropical bass eta beste. 2019koa dute azken lana, “Sociativa”.
Bere aldetik, Kumbia Boruka Mexikotik datorren taldea da, Hernan Cortesek sortua kunbia modernoaren erdigune den Monterreyn. Taldeak 60ko hamarkadako kolonbiar kunbiako klasikoak eta konposizio berriak jotzen ditu, reggae doinuekin uztartuta, Jamaika Kolonbia bezain hurbil baitute mexikarrek. “El remedio” dute azken lana, 2019koa.
Disko jartzailee dagokienez, Sociedade Recreativa taldeari aurretikoak eta ondorengoak Maga Bok girotuko dizkio, eta gauza bera egingo du Sr. Lobeznok Kumbia Borukarekin, 21.00etan hasita.
Iaz, jaialdia aurkezterakoan, “bazterreko musikak erdigunera” ekartzeko asmoa dutela adierazi ziguten Adarretatik festibalaren arduradunek, baita “euskal kultura erdigunean jarri eta prestigiatzekoa ere, gu ere munduko zati garen heinean”, nazioarteko jaialdi baten bitartez.
Aurten jaialdian joko duten taldeen bideoak www.adarretatik.eus atarian dituzue ikusgai, eta bakoitzaren kantu bana entzungai Dj-en azpian utzi dizuegun zerrendan.
.