Gorputzaldi arraro hau

Gorputzaldi arraro hau –

Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Hitzan.

Gaurkotasuneko albisteren bati heldu nahi nioke, baina badirudi udan ezin dela, ez? Ezin dela edo… gutxiago inporta duela gertatzen den edozerk. Ze hemen bakoitza hasi da bere opor egunetarako geratzen diren orduak zenbatzen atzeraka, kendu daitezela denak paretik. Lehen udak eternoak ziren; ekainaren 20tik irailaren 9ra bitartean zenbat mundu eta bizi osorako oroitzapen. Baina uztaila trantsizioko hilabete itogarri bilakatzen da langile bilakatzen zaren momentutik aurrera. Gorputzaldi arraroa, ezin duzu gehiago baina oraindik ezin duzu amore eman guztiz. Zugandik espero den produktibitate eta kalitate mailari eutsi ezinda zabiltza, eta gainera pixka bat berdin dizu. Denak, orokorrean. Horretarako prestatu zaitu munduak: hamabost opor egun izan ditzazun libre zarela sentitzeko. Ondo aukeratu zer egin.

Behin batek esan zidan gauza bat, eta kontagiatu egin zidan nostalgia betirako: “Udako solstizioa igarotzen den momentutik aurrera triste jartzen naiz, egunak minutuka laburtzen hasten baitira”. Madarikatua esan zidan momentua, ordutik ezin izan baitut bizi. Momentua bizi. Beti da gero, beti da bihar, beti da “nora zoaz oporretan”, kontatu iezadazu eta eman bazka nire irudimenari. Costa Brava, Landak, Peru, Albania, Boise, Grezia, Thailandia. Ondo pasatu beharko duzu behin haraino joanda. Ze morena itzuliko zaren eta ze bio-erritmo barean, larrutan edo kaka egin ostean izaten den berezko argitasun horrekin.

Uztaila, noraeza, entzierroa ikustera altxatu edo ez erabakitzea, zezenketen aurka zaudelako baina, zera… hori. Eltxoen lehenengo hozkada mutanteak, ezki-arbolen usaina, Karmen usaina gure herritarrentzat, depilatu barik irtetea kalera, erabaki politikoz ere bai, baina gehiago da ez duzulako astirik izan depilatzeko txandarik hartzeko. Kafesneak izotzarekin eta zerbezak limoiarekin, batez ere hori, zerbezak bizitzatik deskonektatzeko modu bakar bezala, berez bizitzarekin konektatu beharko zenukeenean, eta gero ajeak eta erruduntasuna, esan zenuelako berez esan nahi zenuen hori baina agian une desegokian eta forma desegokietan, ziurrenik argia egiten duten betaurreko berde handi batzuk buruan jarrita. Ez duzu oroitzen oso ondo zer erantzun zizuten gero. Bihar lanera itzuli behar duzu.

Gorputzaldi arraro hau

Uztaila, urte osoan zeure burua zaindu ez izanak dakarren erredura hori. Esfortzu gogorraren eta deskantsurik ezaren sarian sinestera garamatzan pentsamendu kristau-kapitalista horrek janda zauzka zu ere. Alferra zarela entzutea baino nahiago hil. Oporrak behar dituzu Gabonetako oporrak arte iraun ahal izateko. Gauzak gehiegi ez kuestionatzeko. Abuztuak ezabatzen dizu uztailak bistaratzen dizun guztia.

Iritsiko da udazkena El Corte Inglesera, eta zure bizitzara ere bai beranduxeago, eta agian gustuz hartuko duzu berriro “lehengo martxa”. Ze begira ze arropa politak anuntziatu dituzten, gustatzen zaizkizu katiuskak eta bufandak, eta agendak, eta ordutegi koloretsuak, berriro makineria erraldoi honen engranajeko pieza eraginkor bat izateko gogoa piztuko dizuten gauza horiek guztiak, eta gero beste bederatzi hilabete udako solstizioa noiz helduko zain.

Gorputzaldi arraro hau

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.