Azterketak

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Uda hastapena lotzen dugu herriko bestekin, hondartzarekin, mendiarekin, oporrekin, bisitatuko ditugun herrialde eta hiriekin… eta azterketekin. Brebeta, baxoa, selektibitatea, unibertsitateko azterketak, EGA, ingelesa… ekaineko amesgaiztoak dira milaka ikaslerentzat. Gisa bateko edo besteko azterketa ereduak baldin badaude ere, urte bukaerako azterketa hesi bat da aitzina segitu nahi dutenentzat. Hesi hori irekiko zaie azterketa gainditu dutenei bakarrik.

Azterketak egin behar dituzten ikasle gehienek Azterketakegunak eta asteak iragan behar izaten dituzte ehunka orri gogoz ikasten, gero orri zuri batean idazteko gogoan hartu duten hori… nahiz eta biharamunerako dena ahantzi. Gaur egun, oraino, aitzina edo gibelera egiteko irizpide indartsuenetako bat da gauzak buruz ikasteko gaitasuna, buruz ikastea balitz bezala adimenaren eta jakintzaren ezaugarri nagusia.

Ikasleak gisa anitzekoak dira, ordea. Batzuek gaitasuna daukate gauzak gogoz ikasteko, baina beste gaitasun batzuk falta dituzte. Hezkuntzako ikasgai “izarretan” trebe ez direnak edo hezkuntzako metodologia tradizionaletan moldatzen ez direnak “eskolako porrotaren” adierazle gisa hartzen dira.

Agertu dira boz batzuk termino horren kontra, gaitasun hobetsia ez ukateak ez duelako erran nahi beste gaitasun batzuk ez dituztenik. Baina hezkuntza sistemak ez dienez beste gaitasun horiei begiratzen, ikasle horiek gizarteko bazterbidera kondenatzen dira. Zer zentzu dauka ezagutza selektibo horiek memorizatzeak, ezagutzaren itsasoa urtetik urtera zabaltzen ari denean? Munduan dagoen ezagutzaren bikoizteko mendea behar zen lehen. Orain eta epe laburrean, hilabete batzuk aski izanen dira. Hots, heldu den irailean unibertsitatean hasiko den ikasle batek ikasketak bururatuko dituenean, hasiko denean baino lau aldiz ezagutza gehiago izanen da munduan. Ezagutza horietara heltzeko bideak ere biderkatu dira: eskuragarriago dira, baina beharbada mapak behar ditugu jakiteko nola heldu ezagutza horietara eta nola jakin zein eduki eta iturri diren fidagarriak eta zein ez.

Horregatik ere, irakaslearen rola aldatu da, irakasle batzuek eskema zaharrarekin segitzen badute ere. Irakaslea ez da gehiago ezagutza daukana eta ikasleari transmititzen diona. Informazioa orain bezain eskuragarria ez zen garaian, ezagutza iturri nagusia irakaslea zen, eta ikasleak hortik edan behar zuen. Orain, irakasleak daukan ezagutza eta hori baino gehiago klik batera eduki dezake ikasleak. Irakasleak ikaslea lagundu behar du ezagutza horretara heltzen, pentsamendu kritikoa eraikitzen, analisirako gaitasuna ematen, sormena garatzen eta abar. Irakaskuntza sistemak, nahi ala ez, etengabe egokitu behar du gero eta lasterrago aldatzen ari den mundu horretara. Bistan da, horrek ez du erran nahi aldaketa horien tarrapatan ibili behar duenik; distantzia pixka bat hartu behar du, gauzak aztertzeko astia hartu, baina XXI. mendean zenbait eredu zaharkituak dira. Buruz ikasaraztea baino hobe da lan sakonak eginaraztea. Are gehiago, kaltegarri izan daiteke ikasteko denbora zati handia zenbait ezagutza buruz ikasten pasatzea, horrela denbora kentzen zaiolako ezagutzaren itsaso zabal edo labirinto honetan orientatzen ikasteari. Azterketen eredua zigortzailea da eta mugatzailea. Urtean zehar proiektuen bidez lan egiten den zentroetan, diziplinartekotasuna lantzen denean, ikasleek hainbat konpetentzia lortzen dituzte eta ezagutza anitz bereganatzen dute, zuzenean edo, maiz, zeharka. Ikasleek ez dute lan egiten azterketa gainditzeko helburuarekin, baizik eta ikasteko. Anitzez motibagarriagoa eta emankorragoa da.

Eneko Bidegain

Azterketak

Azterketak