Zaharrak baleki
Umetan, egia erraten omen dugu; zahartzaroan, jakintsu bihurtuko gara, eta beharbada jakinduria horrek galaraziko digu egia erratea, baina, nolanahi ere, gure hitzek esperientziaren pisua eramanen dute. Haurrak enperadorea ikusi eta ausartu egiten da biluzik dagoela ikustera; zaharrak ez du ez desfilerik ez gorterik ikusi beharrik jakiteko enperadoreak ez daramala arroparik, bizitzan aurkitu dituen enperadore guziak hala baitzebiltzan. Baliteke zuhurtziagatik egia hori erran nahiago ez izatea, baina eszeptiko edo burlati begiratuko liguke enperadorearen jantzia zer polita den azaltzen saiatuko bagina. Gu, azken buruan, linbo batean bizi baikara, haurtzaroko freskotasuna ahaztuta, batetik, eta, bertzetik, urteek ematen duten esperientzia oraindik eskuratu gabe dugula.
Joseba Sarrionandiak, adibidez, umeen sena baliatu zuen ipuin laburren aldeko argudioa egiteko: “Haurrek ohetik eskatzen dute: ‘Kontatu beste ipuin bat, amama, bihar ez dugu eskolarik eta…’ Ez dute esaten: ‘Kontatu beste nobela bat’”. Baina hori sinestera, onartu beharko genuke Fanta dela munduko edaririk hoberena (haurrek, ostatuetan, ez dute eskatzen: “Atera ezazu bertze Dom Pérignon bat”); patata frijituak, janaririk zoragarriena; eta Doraemon eta Novita Holmes, zinemaren gailurra (haurrek ez dute eskatzen: “Aita, goazen La vie d’Adèle jatorrizko bertsioan ikustera”, edo “Internetetik jautsi dezagun”, haurra teknofiloa bada – halere, kontatu didatenez, film horretan ere enperadorea biluzik dago, nahiz eta inor guti ausartu den hori erratera. Baina hori bertze kontu bat da). Umeak maiz tronpatzen baitira (gureak, adibidez, uste du nik dena dakidala), eta, bertzalde, literaturan edo zineman, neketan aurkituko dugu haurren freskotasuna baino motibo higatuagorik.
Hori, jakina, nire iritzia da, hau da, oraindik gazte samarra izanik (!) jakinduriara ailegatu ez den baten iritzia. Adin batetik aitzinat, gure ikuspuntuek esperientziaren zama eramanen baitute. Eta jakinduria biderkatu eginen litzateke eskolarik ez bagenu eta herri batean biziko bagina. Orduan, urteak eta urteak pasatzen ikusi izanari gehituko litzaioke kutsaduratik libre egotea: eskolak edo unibertsitateak ematen duen jakintza ofizialetik libre, eta hirietan izaten den benetakotasun falta horretatik libre.
Zahartzea, halere, inertzia kontua ere bada: Mafaldak behin kargu hartu zien gurasoei, eta galdegin zien ea uste zuten beti arrazoi zutela soilik handiak zirelako; eta, ondoren, pentsatzeko zergatik ziren hain handiak, ez ote ziren handitu bertze erremediorik izan ez zutelako: “bai, horregatik izan da”, egiten zuen gogoeta gero Mafaldak, “gaixoak!” (Hara! Nik ere haur baten freskotasuna erabili dut nire argudioak defendatzeko!). Aulki batean jarrita geldituko banintz ere, edo gaurtik aurrera etxetik inoiz aterako ez banintz ere, berdin-berdin zahartuko nintzateke, baina nire esperientzia franko mugatua litzateke. Eta esperientzia zabala izanda ere, ingurukoa interpretatzeko, akaso gazte nintzeneko gakoak erabiliko nituzke, eta ez nire orain berriak eskatzen dituenak.
Maiz, zaharrek zaharren papera egiten dute, maisuarena: hori dagokien zeregina delakoan, uste dute aholkuak eman behar dituztela, zer aholkatua ez izanda ere, edo aholku hori lekuz kanpo egonda ere. Gure aitatxi zenak hamaika aldiz azaldu zidan zeinen kaltegarria den tabakoa, eta bertze horrenbertze aldiz erran zidan ez erretzeko. Alta, ni ez naiz inoiz erretzailea izan –bizitza osoan bi zigarreta erre dut, kerik irentsi gabe–, eta aitatxik ahotik kea bota ondoren eta behatz artean farias bat zuela ematen zidan gomendio hura. Igandero bazkalondoan gertatzen zen eszena hartan, kontua ez zen, nire ustez, jakinduria transmititzea; kontua ez zen niretako benetan praktiko izan zitekeen deus zabaltzea. Kontua zen aitatxiri zegokiola aholkuak ematea (eta aholku horiek ez betetzea, adin batetik aitzinat ez baitugu ikasi behar), eta bilobari aholkuak aditzea eta ikastea.
Behin, Idurre Eskisabelek, batetik eskolarik izan ez duen jendearen konplexuak komentatuz, eta, bertzetik, Wert ministroa –mila urtez biziko balitz ere, inoiz jakintsua izanen ez litzatekeena– egiten ari den barrabaskeriak mintzagai hartuta, bere aitatxi batek errandako zerbait ekarri zuen gogora, eta hari buruzko komentario hau gaineratu zuen: “Ez zuen eskolarik, jakintsua zen”. Ez dakit bada. Susmoa dut (oro har ari naiz, bistan da, ez Eskisabelen aitatxiz) gure konplexuak sartzen direla hor tartean: hainbertze ikasi eta gero, ohartzen gara gaztetan prestakuntza formalik izan ez duen adineko jendea ere gai dela noizean behin gauza zentzudunak errateko (baina niri ere gertatzen zait, zenbaitetan –guttitan–, nahi gabe ere, fundamentuzko gauzak erraten ditut), eta horri jakintsua izatea deitzen diogu. Eta bai, egia da, batzuetan zaharrek badituzte guretako esoteriko bihurtu diren ezagutza batzuk, eta zenbait egoeratan gu baino hobeki moldatzen dira. Baina iduritzen zait aitortzen zaien ustezko jakinduria horrek baduela anitz konbentzio sozialetik. Enperadorearen jantziarekin gertatzen zen bezala, gure nagusien jakinduria aitortu ezean, beldur gara ingurukoek ez ote gaituzten harroputz errespetugabetzat joko, baina batzuetan haur baten freskotasuna beharko genuke ozenki errateko ustezko jakinduria hori ez dagoela urrezko hariz josia; are gehiago, enperadorea biluzik dabilela.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Jopeta, Santi! Nik nire aitona defuntua mitifikatuta neukan ba! Zure idazkia irakurrita, mito hori ere erori zait eta umezurtz utzi nauzu. Zein mito besarkatu orain? Beleiakoa akaso…?