Osasun etxe eta liburutegietako zerbitzuak euskalduntzeko neurriak proposatu ditu UEMAk Nafarroako Parlamentuan

IMG_6240Legeak herritarrei Nafarroako “zonalde euskaldunean” administrazio publikoarekin euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen dien arren, Nafarroako udalerri euskaldunetako liburutegi eta osasun etxeetan ez da euskarazko zerbitzurik bermatzen. UEMAk Nafarroako Parlamentura eraman du gaia, eta osasun etxe eta liburutegiak euskalduntzeko neurri zehatzak proposatzearekin batera, administrazioa euskalduntzeko bidea elkarlanean egiteko borondatea agertu du.

Eneka Maiz eta Jon Abril UEMAko zuzendaritzako kideek Nafarroako Parlamentuko Kultura eta Osasun batzordeetan aurkeztu zituzten atzo, ASNABI liburuzainen elkartea eta OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin elkarlanean landutako proposamenak.

Orain baino lehen hasi zen UEMA liburutegi eta osasun etxeetako zerbitzuen inguruko lanketa egiten. Egoeraren diagnostikotik abiatuta, eragileekin adostasunera iritsi, eta administrazioan hainbat ate jo dira. Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldia urrats berri bat izan da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egindako ahaleginean. Ikusi beharko da UEMAren proposamenek Nafarroako Parlamentuan egin dezaketen bidea. UEMA, bere aldetik, gaiaren jarraipena egin eta elkarlana sustatzeko borondateari lotuko zaio.

Osasun zentroetako zerbitzua euskalduntzeko UEMAk proposatu dituen neurri zehatzak:

– Eremu euskalduneko osasun etxeetako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea. Lehentasuna duten lanpostuak honako hauek dira: Pediatrak, Medikuak eta Jendaurrean lan egiten duten langileak.

– Eremu Euskalduneko emakumeen arretarako zentroetako lanpostuei plantilla organikoan eskakizun elebiduna jartzea.

– V1 jakite maila eskasa dela ikusirik, lanpostu horietan V3 jakite maila eskatzea.

-Euskarazko plazen ordezkoetan langile elebidunak egon daitezela bermatzea.

-Gainerako arloetan, urratsak ematen hastea: paisaia linguistikoa, informazio-orriak, mamografiako zitazioak, mamografiako txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SMS-mezuak, baja-agiriak…

-Urgentziazko zerbitzuetako langileen hizkuntz perfilak zehaztea.

Liburutegietako zerbitzua euskalduntzeko UEMAK proposatu dituen neurri zehatzak:

– Eremu Euskaldunean profil elebiduna ez duten lanpostuei profil elebiduna jartzea.

– Profil hori C1 mailakoa izatea.

– Dagoeneko lanpostu finkoa duten liburuzainen kasuan, horiendako euskalduntze plan bat diseinatzea.

– Eremu mistoko zenbait lanposturi profil elebiduna paratzea; batez ere liburuzain bat baino gehiago dauden liburutegietan.

– Plaza elebidunen ordezkoetan langile elebidunak egon daitezela bermatzea.

– Liburuzain guztiei, oro har, euskara ikasteko erraztasunak ematea.

– Nafarroako Gobernuak liburutegien sareko udalekin eginak dauzkan hitzarmenetan, hizkuntzaren erabilerari buruzko irizpideak ezartzea: liburu eta materialez hornitzea, paisaia linguistikoa, informazio-orriak, aplikazio informatikoa…