Yoko eta lagunak, zinema eta jolasa
Gaur heldu da Euskal Herriko zinema aretoetara “Yoko eta lagunak”, Somuga etxeak euskaraz eta 4 urtetik aurrerako umeentzako ekoiztu duen filma.
Edorta Barruetabeña da filmaren gidoigilea, eta zuzendaritzaz Juanjo Elordi eta Rishat Gilmetdinov arduratu dira, errusiar ekoiztetxe batekin elkarlanean egindako egitasmoa baita “Yoko eta lagunak”.
Elordi eta Barruetabeña bizkaitarrek eskarmentua dute haurrentzako ikusentzunezkoetan, besteak beste Betizu eta Superbat (telebistarako) zein “Munduaren bira doan!” eta “Gartxot” filmetan lan egin baitituzte.
“Gero eta ume gehiago bizi da hiriguneetan eta, ondorioz, gero eta zailagoa da umeentzat aire librean jolastea”, diote lanaren egileek.
“Yoko eta lagunak” filmak, “aire librean jolastearen garrantzia aldarrikatu nahi du. Umeek behar-beharrezkoa dute askatasunarekin -eta segurtasunarekin- jolasteko aukera emango dien ingurune bat, beraien garapen emozional, sozial eta fisikoa bideratzeko. Umeek beraien kasa jolasten direnean sortzen dituzten `ingurune magikoek´ erraztu egiten dute umeentzat beste umeekin eta naturarekin harremanak izatea, edo beraien ametsak, beldurrak eta gurariak bideratzea”.
Vik eta gurasoak hirugarren aldiz aldatu dira beste hiri batera. Vik lotsatia da eta nekez egiten ditu lagunak. Gainera, harremanak egiten dituenerako, aitari beste lan bat ematen diote urruneko tokiren batean.
Vik oso pozik dago, oraingoan, berehala egin dituelako lagunak hiriko parkean: Mai eta Oto. Haien jolasak hain dira alaiak ezen parkeko izaki magiko bat erakarriko baitute: Yoko.
Egunero, eskolatik irten ondoren, Vik korrika joango da parkera lagunekin batu eta abentura liluragarriak bizitzera.
Baina berriro ere aitari lanpostua aldatu diote, beste hiri batera…
“Amama”, “Yoko eta lagunak”, “PAN”… Gero eta film gehiago euskaraz zine aretoetan. 🙂 Nahiz denak ez diren iristen Ipar Euskal Herrira, Arabara eta Nafarroara.