Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan 15 urte eta gero

Durangoko Azoka 50

Nafarroako Gobernuak Durangoko Azokan parte hartuko du 15 urte eta gero

Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan egongo da aurtengo edizioan, 15 urte eta gero, babesle publikoa izateaz gain, stand bat jarriko dute, Areto Nagusian parte hartuko dute eta inaugurazio ekitaldian egongo dira.

Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan 15 urte ondorenHamabost urte igaro dira Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan azken aldiz egon zenetik. 2000. urtea zen, eta Gobernu nafarrak erakuslehio bat izan zuen Azokako edizio hartan. Geroztik, ostera, ez du parte-hartzerik izan Azokan, eta hutsune hori bete nahian, Gerediaga Elkarteak hainbat urtetan “Nafarroako argitalpenak” izeneko erakuslehioa antolatu zuen, Nafarroan sortzen ziren lanak batuz.

Bada, aurten Nafarroako Gobernuak berriro ere presentzia izango du Azokan. Gobernu nafarrak erakuslehio bat antolatuko du, eta bertara gerturatzen diren lagunek hainbat argitalpen izango dituzte eskura. Erakuslehioan egongo diren nobedade nagusiak honakoak izango dira: Javier Iturbideren “Cuando las cosas hablan. La historia contada por cincuenta objetos de Navarra”; Koldo Azkuneren “Garatea”; Matias Mugicaren “Con letra aguda y fina. Navarra en los textos de Julio Caro Baroja”; Pedro de Axular eta Blanca Urgellen “Gero”; eta hainbat egile dituen “Nafarroa Julio Caro Barojaren begietan”.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak ere Areto Nagusiko “Gogoetaren plazan” partehartuko du. Hitzordua abenduaren 6an, 18:00etan, izango da, “Etxea: kultur politika eta eragiletza” mahai-inguruan, eta Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuaren zuzendari Dori Lopez Jurio izango da ordezkaria. Solasaldian honakoek ere parte hartuko dute: Maialen Beloki (Zinemaldia), Xabier Monasterio (Kafe Antzokia) eta Izaro Ieregi (Okela Sormen Lantegia).

Azokako inaugurazio ekitaldian ere Nafarroako Gobernuko ordezkaritza egongo da, Euskal Herriko beste erakunde publikoetako ordezkariekin batera. Ekitaldia abenduaren 4an izango da, 19:00etan, San Agustin Kulturgunean.

Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan 15 urte eta geroNafarroako Gobernua Durangoko Azokan 15 urte ondorenHalaber, Nafarroako Gobernua aurtengo edizioaren babesle publikoa ere izango da, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Durangoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta Kultura Ministerioagaz batera.

Gerediaga Elkarteak bere poza agertu nahi du Nafarroako Gobernuak edizio honetan eskaini duen babesarekin, azken urteetan nabarmena izan baita Azokan Nafarroako Gobernuaren hutsunea (Azokaren lehenengo urteetan Nafarroak Azokan parte hartu eta bere babesa eskaini zuelako). 50. urteurrena mugarri legez hartuta, atzera begiratzeaz gain, Azoka aurrera begira ere jarri da: hurrengo 50 urteetako historia idazten hasi gara. Azokaren etorkizunerako, beraz, ezinbestekoa da erakunde publikoen babesa eta konpromisoa, eta norabide horretan, urrats garrantzitsua da Nafarroako Gobernuak Azokan parte hartzeko eta Azoka babesteko hartu duen erabakia.

Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan 15 urte ondoren

durangokoazoka.eus

Nafarroako Gobernua Durangon 15 urte ondoren