Xubiltz eta Oteiza
Xubiltz eta Oteiza –
Jorge Oteiza eskulturagile eta teoriagile handiak hutsune handia laga zuen euskaldunon parnasoan. Horrelako izarrak behin pizten dira, arrasto handia uzten dute gure artean eta haien oihartzunek mendeetan zehar irauten dute, belaunaldiz belaunaldi, hilezkortasunera hurbilduz. Horixe gertatu da Oteiza handiarekin. Behin bizi eta betiko iraun. Oteizak bere bidea urratu zuen gure herrian, geldiezinezko ibaiak mugiarazi zituen, eta zale eta jarraitzaile franko ditu utzi. Horietako bat dugu Xubiltz edo idazteko orduan, goitizen horren gibelean gordetzen zaigun Xabier Soubelet artista ziburutarra.
Soubelet artista euskalduna daukagu, bai irakurri dugun bezala, artista euskalduna, eta bietan da neurri berean. Bere artista izatea bere euskalduntasunarekin uztarturik dauka, arras uztarturik gainera. Euskalduna delako artista daukagu, eta alderantziz, artista da euskalduna daukagulako. Ez da binomio bat, nortasun bakarra baizik. Arte arloan, margolaria dugu, pintore zorrotz eta bizkorra. Baztango Arizkunen dauka bere estudioa. Eta margolaria bada ere, bestelako arte-sorotan erein eta bildu egin duela erran beharra daukagu. Kantu-egile, kantari, olerkari, bertsolari… eta idazle lanetan aritua da, eta ederki aritua, gainera.
Oraingo artikulu honetan, idazle fazeta jorratuko dugu. Betidanik kolaboratu du Iparraldeko euskal prentsan, Maiatz-en, Hatsaren Poesian… artikuluak, olerkiak, gogoetak eta istorioak plazaratuz. 2006an bere lehen liburua kaleratu zuen Maiatz-en bidez: Oroitzirriak. Baztango lapurtar baten leihotik izenekoa. Liburu honek 41 gertakizun eskaintzen zituen, Ipar Euskal Herriaren azken lau hamarkadetan gertatutakoak ongi ulertzeko aukera eskaintzen zigutenak. Umore handiaz eta itxaropenaz idatziriko narrazioak ziren.
2008 urtea oparoa izan zen Xubiltzentzat, bi liburu eder plazaratu baitzituen. Lehena Elkar-en bidez kaleratu zuen, Izotzetik izanera izenburuko eleberri esperimentala. Ene irudikoz, hauxe izan da Lapurdiko euskal literaturan azken hamarkada honetan argitaratu den libururik ederrenetako bat. Euskararen iturria bilatzen du eleberrian zehar, eta estetikari eta bihotzari jarraiki konklusio harrigarrietara iristen zaigu. Iza, hau da, ura omen da euskararen eta euskaldunon jatorria, gure nortasunaren funtsa. Liburu ederra, estetikoa, enblematikoa eta guztiz adoresua plazaratutako teorietan. Urte berean, Xubiltzek Bizil eta oldar izeneko olerki liburu zirikatzailea karrikaratu zuen Hiria argitaletxearen bidez. Olerkiak neurri handi batean biografikoak dira, baina ez denak, badira Euskal Herriko gaurko egoerarekin loturikoak eta baita Europara pateretan hurbiltzen zaizkigun etorkin gizajo horiei buruzkoak ere. Olerki hauetan Xubiltz grinatu, oldarkor eta kementsua azaltzen zaigu.
Hire etorkin
Erotzat naun, nik aldiz errotzat,
lur galduaren errotik erotu hiretzat.
Errotik natorkin,
errogabeko etorkin,
erotu nahi hirekin.
Hego haize, ero haize, uztargin,
agur urdin!
Kaixo herrimin eta bihotz min,
nere erroari eskumin.
Aurten, 2011ko apirilean, bere azken liburua plazaratu du: Iza ote iza? izeneko olerki bilduma berria. Liburua bi zatitan banaturik dago. Lehen zatian Jorge Oteizaren omenezko 34 olerki ditugu eta bigarren zatian etorkinen miseria eta zoritxarren berri ematen diguten 21 olerki. Alde batetik, bere eleberrian azaldutako sustraiak berreskuratzen ditu liburu berri honen nondik norakoan, eta izari, hau da, urari buruz egindako gogoeta sakonak dakarzkigu berriz ere, oraingo honetan, olerki sentikor bilakaturik. Iza, ura omen da gure jatorria, euskaldunon sehaska, gure mintzaira miresgarriaren oinarria. Estiloz aldatua datorkigu. Inoiz baino erasokorrago, inoiz baino oldarkorrago, sumindura pittin batez zipriztindurik. Ez, oraingo Xubiltz, ez da aurreko liburuetan ezagutu duguna. Zimiko gaiztoek bihotza bihurritu diote. Suminduta dago, amorruz betea, gorrotoz gainezkaturik, euskal sumendi baten antzera azaltzen zaigu.
Liburuaren hasieran eskaini digun sentimendu handiko sarreran daukagu aldaketa hau ulertzeko beharrezkoa dugun kako edo giltza. Euskal Herria kolpatu duten azken gertakizun lazgarriek bihotz eta gogoa lausotu dizkiote, oso hurbileko ahaide bat arrotz presondegi batera eraman izanak ere odola enerbatu dio, eta hori guztia olerkien lerroetan zehar nabari egiten da. Eta bestaldetik, miresten duen Oteizaren idazmoldea bere egin nahi izan du. Oteizaren erasokortasuna, Oteizaren maisutasuna, Oteizaren sotiltasuna bere egin ditu, eta estilo oteizatiar garbi batez egiten ditu munduaren aitzinean aurkeztu nahi dituen aldarriak, ozen eta argi.
Oteizatiar estilo horri jarraiki gorpuztu ditu bere olerkirik ederrenak, oteizatiar estiloari jarraiki eraiki ditu bere gogoeta sakonenak eta halaber, bere salaketa gogorrenak dizkigu plazaratu. Pirata oteizatiarra izan nahi nuke, aldarrikatzen du liburuan zehar; somaliarra banintz pirata nintzatekealdarrikatu zuen, ekainaren 2an, Larrabetzuko Literaturian egin zuen liburu-aurkezpenean; Oteizaren oihua nerea dagit dio liburuan irakur daitekeen eskaintzan. Eta horrela egin duela baieztatu beharko genuke guk, haren liburua irakurri dugunok. Liburua indarrez, irudi plastiko gartsuz, mezu ezin argiagoz jantzirik datorkigu. Xubiltz oraingo honetan erupzioan den sumendia daukagu, Euskal Herriaren alde egin nahi duen erreka geldiezina. Hainbat olerkarik liliz betetako olerkiak idazten dituzte; hau ez da Xubiltzen kasua, Xubiltzen olerkiak basak dira, tiro egiten duten fusilak, Euskal Herrirako eta euskaldunontzat askatasun bideak amesten dituzten itsas joairak, ama-lurra blaitzen duen euri tropikala. Bere gogoetak irakurtzean Mark Legasse datorkit gogora. Xubiltzen olerkiek ez dute errimarik, ez metrikarik, baina bai barne musika berezi bat olerkiak edertasun erritmiko batez janzten dituenak. Kantatzeko moduko olerkiak dira, ozenki aldarrikatzeko poesiak. Xubiltzek bere olerkietako ainitz musikaturik ditu, eta aldean beti daraman kitarra laguna hartzen duelarik, barne-barnetik idatzi dituen olerkiak ahots sentituaz abesten ditu.
Sentimendu biluzia, Oteizaren hutsa dira bere ezaugarririk handienak; eta biluztasun horrek, hustasun horrek argi eta garbi uzten digute Soubeletek guregana iritsi arazi nahi izan duen mezua. Askatasuna amesten du, Euskal Herriari zor zaion etorkizuna aldarrikatzen du, gizateriaren bekatuak gorroto ditu eta mundu hobe baten etorrerarekin bat egiten du. Horrelakoa dugu azken liburuan agertzen zaigun Xubiltz adiskidea. Aipatzen dituen auzi horietako askotan geroak arrazoia emanen diolakoan nago. Geroak erranen.
Geroa
Demokraziari bai, buru mozteari ez!
euskarari bai, itotzaileari ez!
aspertu bainaiz frantsesez eta espainolez,
dioten kultura unibertsalez,
ukazioz eta eraileez,
irensleez, lukutriez eta laketriez,
eta gu omen gara baztertzaileak… nekez,
ez baitugu inor ito, erdaraz eta erdarez.
Popatik hartzera, demokratak! Zinez.
Hastapenetik hona josi gaituztenak, minez.
legez, kolpez, negarrez, beldurrez,
mintzairez eta gezurrez,
haien estatua baizik adoratzen ez dutenez,
haien handitasunez lehertu arte hantzen direnez,
haien hizkuntza baizik gurtzen ez dutenez.
Ni abertzalea naiz, berez,
eta zuen aldeko ukamena
ez da izango azkena,
ezta ere lehena
segitzen baitu zuena.
Ni euskalduna naiz, berez,
bizirik dirauzkit zuen aldeko ukazioak,
ez baititut onartzen klonazioak,
transfusioak, esklusioak,
presio eta opresioak,
eta agresioak.
Assez, c’en est trop mon kiki,
hasta los cojones de tí,
eta nik idatzitako bi olerki.
Milesker gure konozimenduaren eskura jartzearren Xubiltz, ez nian ezagutzen-eta!
Bada ZI duk ura, ibaia eta isuria (nandertalaren monosilabazko hizkera (Zi edo IZ bere metonimoa); Zidako, Ziaurriz, Zigoitia eta hainbat ZI edo IZ: Izbania (Hispania); Istanbul, LISboa…; ZIerbena, Zierdania….Izaro, Izpazter…, TameSIs eta Europa guztiko haibat ZI eta IZ/IS Alemanian eta hainbat lekutan ITSASO, ERREKAK eta ARROYOAK eta URA dagoen leku oro izendatzeko
Arroyoak?
Eta zuk daukazun rolloa ere bai?
Zozoak beleari ipurbeltz! Zuen bien protagonismo gosearekin Zuzeuko artikulugintza bikaina lausotzen duzue.
Soubelet, bere txikitasun eta apaltasunagatik artista handi, euskal nortasunaren ispilu. Zu bezala, Joseba, ilunpekoak pizten, apaltasunean bikain. Bi friki, zuen lan xumean eder.
Joseba,
Birigarroren bidetic, nireac eçabatu nahi bacenitu, eguiçu lassaiquiro.
Halaber erraiten derauet berce post-eguile eta zuzeuco administratzaileei. Eçaba eta ken eçaçue laket ez çaiçuen oro contemplationeric gabe.
Ni neu ez naiz horregatic nehoiz haserretuco!
Josu, nik hori ez dut nehoiz eskatu eta ez dut nehoiz eskatuko.
Zenbat buru, hainbat aburu! erraten da Iparraldean. Eta ene irudikoz, iritzi guzti-guztiak errespetagarriak dira, eta ainitzetan, gure iritzien osatzaile eta baita aldatzaile ere. Adeitasunez.