Xano Haltzuet artista

Xano Haltzuet artista –

Urruña betidanik izan da kantarien eta musikarien habia, eta orain ere, ainitz dira arlo horietan buru-belarri dabiltzanak.  Horietako bat dugu Xano, Urruñan eta Lapurdi osoan aski ezaguna den musikari fin eta oparoa.

Xano Haltzuet artista

 

1.- Xano Haltzuet, gizona

Xano Haltzuet Perugorria Urruñan sortu zen 1970eko martxoaren 2an. Aita Albert Haltzuet zuen, “Kixo” deitua, Kixoenea etxeko semea zelako. Ama, berriz, Antoinette Perugorria Oleta auzoko Argintxume etxeko alaba zen. Bi etxeak laborari tradiziokoak ziren, lau aitatxi-amatxiak laborariak izan zirelarik.

Haurra zelarik Urruñako eskoletan ikasi zuen, Donibaneko kolegioan ondoren, Hazparneko eta Paueko lizeoetan geroxeago, eta azkenean, Baionako lizeoan ikasketak bukatu zituen, bertan prefabrikazio mekanikoa eginez.

 

2.- Musikagintzan eman lehen urratsak

Gazte-gaztetik, musikagintzan aritu zen, eta ordutik zaletasunaz gain, bizimodu edota lanbide ere izan da Xanorentzat. Hemezortzi urterekin, Urruñan eta inguruko herrietan famatua izan zen  “Prestuak” rock taldean ibili zen euskaraz kantatzen. 1988tik 1992ra bitarte kontzertuetan ibili ziren beti, eta ez zuten diskorik plazaratu. Bilduma bat badute egina orduko kantu guztiekin, baina tamalez, ez dute inoiz argitara eman.

Geroago, “Itoiz” taldeko bateria-jolea zen Jimy Arrabit-ek “King Mafrundi” taldean parte hartzera deitu zuen eta hor ibili zen 1995etik 2000 urtera arte. Talde horrek bi diska plazaratu zituen, “King Mafrundi” izenekoa lehena eta “Diah!” izeneko bigarrena. Kontzertuz kontzertu ibili ziren Euskal Herri osoan, Iparraldean zein Hegoaldean, baita Espainian, Suitzan eta Italian ere. Hauxe izan zen, Xanok profesional gisa egin zuen lehen lana. 1993an soldaduskarako deia iritsi zitzaion, baina bere burua kontzientzia-eragozletzat harturik, hainbat urtetan zerbitzu soziala egin zuen Baionako Gure Irratian. Urte horiek biziki emankorrak izan ziren Xanorentzat. Zerbitzu soziala bukatzean, Gure Irratian jarraitu zuen “Planeta Bi” izeneko emankizun musikala eskainiz. Emankizun hauek astelehenetik ostiralera ematen zituen eta egun oroz hiruna disko aurkezten zituen. Horrela ibili zen lau urtez, hau da, 2000tik 2004ra. Emankizun hau biziki famatua egin zen Lapurdi osoan eta jarraitzaile franko ukan zituen.

Xano Haltzuet artista

 

3.- Xanoren diskografia aberatsa

Hortik aitzina sorkuntzan murgildu zen buru-belarri. 2004an lehen diskoa plazaratu zuen bakarka, “Planeta Bi, La nature n´est pas humaine”  izenburu ironikoa zuena. Disko hori bi urteko lana izan zen, eta bertan gauza eta egoera guztien bikotasun edo dualismoa agertzen zuen inolako beldurrik gabe. Bikotasun hori da Xanok gazte-gaztetik jasan duena. Mutikoa zelarik frantses eskolara eraman zuten, eta hortxe ezagutu zuen bikotasun hori, euskalduna izaki frantses modura hezi egin baitzuten, gainerako neskatila eta mutikoekin egiten zuten bezala. Xanoren ustez, ez dago eskubiderik mintzaira bat horrela geldiarazteko eta baztertzeko, eta barne kontzientzia horrek bultzatu du beti euskaraz kantatzera. Euskaraz kantatzea izan da ama-hizkuntzarekiko betidanik atxiki duen militantzia moduko bat. Disko horretan bazen “Hurbiltzeko urrundu” izeneko kantua, euskal hedabideetan zabalkunde handia izan duena. Bere errepikan honela dio, behin eta berriz: “Gaur bi naiz ni, eta bihar gira gu, bi argi, hola hasten da istorioa…”

Bigarren diskoa 2009an burutu zuen, garai hartan egin kantu guztiak bilduz. “Xano” izena zuen eta lehen diskoan erakutsi zituen ezaugarri berberak azaldu ziren disko berri honetan: bikotasuna, bi kulturen afera, maitasuna, euskararen faltak sorturiko sufrimendua…

2011n hirugarren diskoa karrikaratu zuen: “Collection Été-Hiver 2026” izen berezia zuena, eta bitxia iduritzen bazaigu ere, 2026an, Urruñako plazan, Bixintxo besten karietarat, zuzenean grabatutako emankizuna litzateke. Ez da erran beharrik, fikzioak, fantasiak, irudimenak… toki handia hartzen dutela sailkaezina den disko honetan.

Lehen aipatu irudimenezko emankizun horretan mundu zabaleko hainbat kantarik eta musikarik hartzen dute parte, eta Xanok ditu nolabait batzen.

Gizarteari egin kritika zorrotza da, gizartearen absurdoa nabarmen uzten duena. Gaia hauxe da nolabait: bada ospetsu egin den kantari bat, eta bere buruaz biziki harro dena. Azkenean, garbi ikusten du ez dela nehor, bat gehiago baizik.  Kapitalismoaren aurkako mezu argia da, ama-lurrarekiko errespetua eskatzen duena, kezka ainitz plazaratzen dituena,… amerikar munduaren eragina eta botere jokoak nabarmen uzten dituena. Disko honetako azken abestian, “Transport d´urgance” izenekoan horretaz guztiaz gogoeta bizia egiten du. Diskoan agertzen den  artista famatu horren  azken konklusioa kontzientzia hartzea da.

Bi urte berantago, hau da, 2013an, “Euskalduna” plazaratu zuen, bere laugarren diskoa,  USB gako baten formatoan. Euskal Herrian horrela plazaratu den lehen euskal diskoetako bat izan daiteke, lehena ez bada. Bertan, Allande Oihenart jaun abokata xiberotarrak XVII. mendean bildu zituen atsotitzak musikatu zituen. Orduko erran zaharren gaurkotasuna garbi azaltzen da Xanok eskaini disko honetan, pasio berberak, nahikari berberak, itsuskeria berberak… orduan eta gaur egun. Atsotitz musikatu horiez gain, badira Xanoren bi abesti: lehena “Eros jauna” giza pasioez mintzo zaiguna eta bigarrena “Hainbeste nuke”, amodioaz garbiki hitz egiten diguna.

Bosgarrena 2015ean etorri zaigu eta “Xanormal” izena du. Disko honetan bere egoera pertsonal berriaz mintzo zaigu. Kaosetik atera berria da eta neskalagunarekin batera, maitasunaren partekatzea ezagutu du euskaraz. Xanok euskara ttipia zelarik ikasi zuen aitaren ezpainetatik. Dena den, ingurukoekin frantsesez mintzatzen zen, lagun zenbaitekin izan ezik. Bizitza osoan kantatu du euskaraz, ekoitzi du euskaraz… baina maleruski, gehienetan ingurukoekin frantsesez bizi behar izan du. Txipitik ezagutu du euskararen ukazioa, gure mintzairari ezarri dioten bazterketa, eta horrek sufrimendu handia eragin dio bere baitan. Orain, neskalagunarekin, euskaraz bizi da, euskaraz maitatzen du… eta horrek normaltasun sentsazioa ekarri dio. Hortik datorkio diskoari eman dion izenburua.

Seigarrena aurten ere sortua da. “Xano+” izena du eta frantsesezko esketxen bidez telebistak ematen dizkigun mezuez trufatzen da. Soilik ehun ale plazaratu ditu.

Bi azken diskoak atera berriak dituen arren, Xanok badu zazpigarren disko bat gogoan,  “Le noveau Nouveau Testament” izen berezi eta iradokorra izanen du eta bertan, erlijioneari parodia bat egin nahi dio.

 

4.- Xanoren beste proiektu eta ekoizpenak

Aipatu zazpigarren diskoaz gain, Xanok nahiko luke album guztiak zuzenean eskaini, eta 2016. urtea da bere buruari horretarako ezarri dion epea. Dena den, irakurle, aipatu ditudan diskoak entzun nahi badituzu, jakin ezazu Xanok baduela interneten bi webgune, urririk biak, bere kantu guztiak jasotzen dituztenak. Lehena www.xano.eus izenekoa da, eta bigarrena bilatzailean xano-bandcamp idatziz azaltzen dena.

Lanbide gisa estudio edo laborategi bat dauka, “Denen Edena” izenekoa eta bertan disko ugari ekoitzi ditu. Osora hogei bat izan dira urruñarraren estudioan ekoiztutako musika-lanak. Graxi Solorzanok, Maddi Zubeldiak, Xerar Urrutiak, Kartsuki talde ziburutarrak, Kukuxtu txarangak, Ardi Beltza talde itsasuiarrak eta beste hainbat lagunek beren lanak plazaratu dituzte estudio honetan eta Xanoren kolaborazioaz.

Pantxika Solorzanorekin lankidetzan gazteei zuzendutako lau disko eder plazaratu dituzte: “Kantiruri”, “Kukuka”, “Bilintx” eta “Elektroboom”, izugarri harrera ona izan dutenak. Rap munduan ere, eta lagun ziburutar batekin batera, lau disko karrikaratu ditu, eta oraintxe ari dira bosgarrena prestatzen. Bikotearen izen artistikoa: “Criffma”.

Badira bi artista mota. Behin artista direnak eta bizitza osoan artista izaten dirautenak. Zalantzarik gabe, Xano Haltzuet azken horietakoa dugu, Urruñak eman duen artistarik handienetako bat. Luzaz ibil dadin gure artean kantatuz, musikatuz, ekoitziz eta sortuz, gaurko eta biharko belaunaldiek bihotzez eskertuko baitiote.

Xano Haltzuet artista  Xano Haltzuet artista  Xano Haltzuet artista  Xano Haltzuet artista  Xano Haltzuet artista  Xano Haltzuet artista  Xano Haltzuet artista  

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude