Urepeletik Bidarraira, bi mende bertsotan

Urepeletik Bidarraira –

Baigorriren besoak mendialdera eta itsasalderantz doaz, Urepeletik Bidarrairako 35 kilometrotan zehar. Bista zoragarriak dituen ibar horretako herri guztiek badute lotura bertsoarekin. Ibilbide honi esker denboran ere bidaiatuko dugu, bi mendetan gaindi ezagun egin diren bertsolarien berri jasoko baitugu. Xalbador izan zen bertsolari ospetsuena, baita Oxobi edota Otxalde ere, baina inguru haietakoak dira hain ezagunak egin ez diren beste franko ere. Nor ote zen, adibidez, Ñarro, orain arte izen-abizenik ezagutzen ez zitzaion bertsolaria? Leku eder franko ezagutuz, berrogei bat bertsolari dakartza ibilbide honek.

UREPELE

Urepeletik dator Baigorriko elizaren gibeletik eta Mixelengo zubiaren azpitik igarotzen den erreka, eta Bidarrairaino doa, gero Lapurdiko lurretan sartzeko eta, Lapurdi zeharkatu ondoan, Baionako barran itsasoratzeko. Bertsolaritzaren historiaren izen handienetako bat eman zuen Urepelek, eta bertsolari hari esker da ospetsua Euskal Herrian, gaur egun ere, Urepele herriaren izena. “Non hago, zer larretan, Urepeleko artzaina?”, Xabier Leteren kantu hainbeste kantatuaren errepikari esker ere bihurtu da ezagun herri hori, hein handi batez. Artzain haren sorlekutik hasiko da bertso-ibilbide hau, errekaren sorburutik Lapurdiko mugara. Ibilbide horretan garbi geldituko da Xalbador ez zela eskualde horrek utzi duen bertsolari bakarra, ez eta Urepele bertsolariak eman dituen herri bakarra. Horra Xalbadorrek zer idatzi zuen bere herriaz:

1

Nik zonbat pertsu alde ditudan ezarri,
laster agertuko da aunitzen pozgarri.
Kantatu izan diot Euskal Herriari,
edo gure hizkuntza dohakabeari;
gaur, Urepele, zuri hasten naiz kantari,
zu baitan munduratu naizenaren sari.

2

Urepele, derautzut aitortu beharra
ederrez etzarela munduan bakarra,
bainan hala ere nik zu zaitut izarra.
Galdezka hasten bazaut nehoiz kanpotarra
nongo semea naizen edo nongotarra,
goraki erraiten dut: “Ni urepeldarra!”.

3

Jainkoak berak daki ni ene bizitzan
bertze zonbat herritan ibilia nizan.
Beharrik, gogo huntan zu baitzinabiltzan,
hor gaindi perekatu izan nauten gisan,
engoitik bertze nonbait kokatua nintzan,
maitasuna ez banu zu ganako izan.

4

Zure eremuetan dute ezarria,
gaurko bi Naparroen arteko harria.
Etzare paperretan hanbat ekarria,
bainan aitortu nahi balute egia,
kondaira zaharretan zoin aipagarria,
Roland hiltzen hauteman zinuen herria!

5

Beha zure mendi ta oihan ederreri,
zure ur garbietan arrainak igeri;
entzun xoriak kantuz goiz ala astiri,
erakutsi beharrez kantatzen bertzeri.
Ez dela harritzeko, errex da ageri,
pertsutako gogoa sortzen bazaut neri.

9

Arrotzak zu ganatzen dauzkigu ekainak,
bainan gu ez kutsatzen horien usainak.
Etzauzkigu erdaran lokartu ezpainak,
euskara baizik ez du mintzatzen artzainak.
Garbiki beiratzeko euskaldun dohainak,
pare gabeak dira zure mendi gainak.

11

Gazte maitea, zutaz nago gogoetan,
otoi, entzun nezazu guzien onetan:
nonbait baldin bazaude gaurko denboretan,
orroit Urepeleri zarela zorretan;
euskaldun ager zaite ele ta obretan,
gure sort herri maite hunen ohoretan.

12

Bai, euskaldunak izan obra eta ele,
herriko aferetan ez izan logale.
Izan zaite arbola fruitu ekarle,
herria beti bizi denaren seinale,
gero’re izan dadin hitz hauen erraile:
Gora urepeldarrak! Gora Urepele!

Anakronikoa litzateke, aldiz, baieztatzea Urepeleko artzain hura eskualde hartako bertsolarien artzaina zela, eta bertsolariak errekaren norabide berean loratu zirela. Bertso-ibilbideak planta gehiago luke izokinaren igoeraren araberakoa balitz: Urepeletik Bidarraira beharrean, Bidarraitik Urepelera. Izokinik ez dabil hango erreketan, ordea. Amuarrainak, bai: txikiak eta biziak.

Urepeletik BidarrairaFruitutik kimurako bidea hasiko da Urepeleko eliza gibeletik. Elizaren parean ageri da bide bat, mendian gora. Handik segi hel liteke Xalbadorrenera, eta gorago jarraituz gero, Xalbadorren artzain-etxolara. Eliza hartan egin zioten azken agurra Fernando Aire Xalbadorri (Urepele, 1920-1976); eta ondo-ondoan dagoen hilerrian dago ehortzirik, “Herria eta hizkuntza” bertso-sortaren egilea. Handik ehun bat metro beherago, herriko eskolan, eman zuen azken hatsa, 1976ko azaroaren 7an, eguna iluntzean, parean, herriko plazan jarritako karpan, oraindik omenaldia egiten ari zitzaizkiola.

Gaur egun ezker pareta dago lehen plaza laxoa zegoen lekuan. Eta ezker paretaren parean, Xalbadorren omenezko oroitarria, Euskal Herri osoan gaindi plazaz plaza ibili, txapelketa anitzetan parte hartu, kantari frankoren kantuen iturri izan ziren bertso-paper andana utzi eta liburu eta diskoak argitaratu zituen herriko semeari esker-onez.

Mattin Trekurekin hainbeste kantatu zuen bertsolariak bazuen kezkarik aski etorkizunari begira: euskararen geroa ilun zekusan, eta beldur zen haien gibeletik ez zela bertsolari gazterik hasiko. Katea ez zen eten, haatik.

Xalbadorren seme zaharrena, Mixel Aire Xalbador (Urepele, 1944) hasi zen bertsotan, belaunaldi hartako beste batzuk bezala. Urepelen bizi da, eta bizi guztian lan egin du artzain gisa. Plaza anitzetan aritu da, zikiro-bestetan, gisa bateko eta bestetako ekitaldietan, Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzen zuen, 80ko eta 90eko hamarkadetan, eta txapela jantzi ere 1980an, 1985ean eta 1988an.

Bat-batean ez da sekula aritu, baina hainbat bertso sorta eta kantu utzi ditu beste urepeldar batek: Gexan Alfaro Lantziri (Urepele, 1941) da hori. Guk taldearen lehen kantuetakoa izan zen Euskalduna naiz etaren hitzak dira, beharbada, haren ezagunenak. Haurrentzako kantu anitz ere sortu zituen, ikastolen eta argitaletxeen hastapenetan. Angelura joan zen bizitzera gaztetan, eta Baionan aritu zen lanean, liburu-saltzaile eta editore gisa. Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat zen; bizitza profesional gehiena argitaletxe horretan iragan zuen. Seaskan ere inplikatu zen anitz; lehendakari ere izan zen, urte zailenetan. Seaskaren Xalbador kolegioaren bultzatzailea izan zen; gisa hartan, ikastolako ibilbidea 2 urtetik 18 urtera artekoa izateari atea ireki zion.

90eko hamarkada hastapenean preso egon zen urte batez, errefuxiatu batzuei aterpea emateagatik. Presondegitik astero igortzen zituen bertso sorta berriak, eta Ekaitzaastekariak argitaratzen zizkion. Haren seme Ellande Alfaro (Angelu, 1974) ere bertsotan aritzen da. Gaztetan Baionako bertso eskolan trebatu zen, eta ibili zen zenbait plazatan.

Bertsoaren loreak jarraitu du fruitua ematen Urepelen. Errekan gorago, Nafarroa Garaiarekin muga-mugan, dago Xendarinea. Han sortua da Karine Etxeberri (Urepele, 1990). Xendarineko Ahizpak –Karine eta Aline– ari dira izen bat lortzen euskal kantagintzan. Kantuaz gain, Karine bat-bateko bertsoari ere lotu zaio, Nafarroako taldekako Bardoak txapelketan parte hartzen du, eta Iruñeko Alde Zaharreko kopla txapelketa irabazi zuen 2016an.

Erreportajea osorik Bertsolari Aldizkarian

Urepeletik Bidarraira
Urepeletik Bidarraira
Urepeletik Bidarraira
Urepeletik Bidarraira