Dock of the Bay jaialdia

Dock of the Bay jaialdia –

Gaur hasi eta datorren urtarrilaren 12ra bitarte,  Dock of the Bay  zinemaldia izango da Donostian. Sail Ofizialean bederatzi film lehiatuko dira, Euskal Herriko bi tarteko.

Zinema eta musika zaleen topalekuak musika genero eta gai oso ezberdinak landuko dituen askotariko dokumental sorta dakar: Ipar EHko herri musika, Milford Graves perkusio-jotzailearen abangoardiazko jazza, Novedades Carminha taldearen pop musikaa edo Sonich Youth bandaren rocka, besteak beste. Dokumental hauetariko batzuk, gainera, nazioartean sarituak izan dira.

Dock of the Bay jaialdiaSail Ofizialak aurkezten dituen bi euskal filmak opera primak dira: Usua  Garinek, Andrea  Lopetegik eta Izotz Barriok  zuzenduriko “Lou” filma, Lou Olangua (OK Korral) 80ko hamarkadan euskal rockaren emakumezko lehendabiziko ahotsetakoa izan zenari buruzko ekoizpena. Eta Elsa Oliarj-inès zinegilearen “Bashaideak” dokumentala, euskal musika oso ikuspegi ezberdinetik aztertzen duena Zuberoko abesti tradizionalak landuz.

Emakume zinegileek zuzendutako bi ekoizpen hauek aurtengo Dock of the Bay jaialdian emakumeak duen garrantziaren adierazgarri dira. Izan ere, emakumeek zuzendutako sei film aurkeztuko dira jaialdian, horietako hiru Sail Ofizialean, eta beste horrenbestek emakume protagonistak dituzte.

.

Sail Ofiziala

«Basahaideak»

(Elsa Oliarj-inès -EH, 60 min.- opera prima

GAUR, astelehenak 7, 21.15ean Trueba Zineman:

Ipar Euskal Herrian, Zuberoako paisaia ederrak atze-oihaltzat ditugula, bertako kanta zaharren kulturan barneratzen gaitu Elsa Oliarj-Inèsek. Bere anaia Oihan, musikari gaztea, lanean ari da melodia tradizional horietarako akonpainamendu instrumental moderno bat moldatzeko asmoz. Zuberoako gizon-emakumeek abestutako kantak dira, euskal kulturari, bertako musikari eta inguruko natura zoragarriari dioten betiereko maitasunaz hitz egiten digutenak.

.

«Milford Graves: Full Mantis»

(Jake Meginsky, Neil Young -AEB, 91 min.-)

Bihar, astearteak 8, 19.30ean Trueba Zineman:

Milford Graves perkusionista famatuaren erretratu filmatu honek bere sormen kaleidoskopikoa eta jakin-min nekaezina arakatzen ditu. 1964az geroztik Gravesek, bakarka ez ezik, zenbait taldetan ere jo izan du Albert Ayler, Giuseppi Logan eta Sonny Sharrock bezalako legendekin. Abangoardiako jazzaren aitzindari sortzaileetako bat, baita oraindik ere musika forma horren eboluzioan eragin handienetakoa izaten jarraitzen duen irudietako bat. Filmak artistaren etxe apainetik eta bertako lorategitik eramaten du ikuslea, atzealdeko patioan duen borroka-arteen dojora eta sotoan duen laborategira; hori guztia hazi izan zen ingurutik, South Jamaica-ko (Queens) babes ofizialeko etxeetatik hurbil. Gravesek aurkikuntzen, borrokaren eta biziraupenaren inguruko historiak kontatzen dizkigu; ‘swing’-aren esentziari buruzko hausnarketa bat egiten du; estetoskopio elektronikoak aktibatzen ditu sotoko bere laborategian, bere bihotzaren soinua prozesatzeko; eta Japoniara doa bidaian emanaldi bat egitera haur autisten eskola batean, bat bateko energia kolektiboaren erakustaldi batean bere gorputza pizteko. Lehenaldiaren eta orainaldiaren artean ibiliz, eta artistaren kosmologia konplexuaren ikuspegi intimoak mundu osoan zehar egindako emanaldi zoragarriekin elkartuz, naturaltasunez, polirritmiaz eta bizitasunez betetako zinea da MILFORD GRAVES FULL MANTIS, eta Gravesen musikaren esentzia hartzen du barruan.

.

«Hello Hello Hello: Lee Ranaldo: Electric Trim»

(Fred Riedel – AEB, 76 min.-)

Bihar, astearteak 8, 21.15ean Trueba Zineman:

Hainbat grabazio saiotan filmatua, sortze prozesuaren historia da Hello Hello Hello. Lee Ranaldo (Sonic Youth), Raül Rfree ekoizlearekin lankidetzan, urtebetez eta 3,842 miliatara, lagunen laguntza pixka batekin. Jonathan Lethem nobelagileak (Motherless Brooklyn, La fortaleza de la soledad) idazle/letrista/musarena egiten du Ranaldoren artista/konpositore ibilaldietan, lagunekin eta musikaren munduko artista gonbidatuekin -Nels Cline (Wilco), Sharon Van Etten, Alan Licht, Kid Millions (Oneida) eta Steve Shelley (Sonic Youth)- sortutako soinuzko paisaietatik. Ezohiko prozesu intimoa eta pertsonala izan da Ranaldorena Electric Trim (Mute, 2017) albuma sortzeko: soinu berri bat du, ausarta, zenbaitetan Ranaldok bereizgarri dituen lanen desbideratze oparoa eta zirraragarria.

.

«Lou»

(Usua Garin, Andrea Lopetegi Lopez, Izotz Barrio – EH, 59 min.- opera prima)

Etzi, asteazkenak 9, 19.30ean Trueba Zineman:

Lou Olangua euskal rockaren emakumezko aurrenetako ahotsa izan zen 80ko urteetan. Humedecidos, OK Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslaria. Ahots bat baino askoz ere gehiago izan zen bera: probokatzailea, bai estetikan bai jarreran, eszenarioen gainean zenean. 80ko urteetan emakumeak eszenarioetan hartzen duen lekuari buruzko dokumentala da hau, euskaraz abestearen erabakiari eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantziari buruzkoa.

.

«Bixa Travesti»

(Claudia Priscilla, Kiko Goifman – Brasil, 75 min.-)

Etzi, asteazkenak 09, 21.40ean Trueba Zineman:

Linn da Quebrada abeslari eta artista transgenero brasildarraren eskutik ahalmen eta ausardia handiko film bat erakusten zaigu, gorputzaren eta bere irudikapenaren inguruan. Pelikula dibertigarria, transgeneroa, feminista eta favelakoa.

.

«Cantares de una Revolución»

(Ramón Lluís Bande -Espainia, 79 min.-)

Etzidamu, ostegunak 10, 19.30ean Trueba Zineman:

Kantak, hitzak, lekuak. Nacho Vegasek ibilbide bat egiten du 1934ko urrian Asturiasko langile eta nekazarien altxamenduaren inguruko gertaera eta leku adierazgarrienetako batzuetatik: mendebaldeko Europan izandako azken iraultza proletarioa, herri musika mapatzat hartuta eta Belarmino Tomasen hitzak -Hirugarren Komite Iraultzaileko presidente- iparrorratzat.

.

«La estrella errante»

(Alberto Gracia -Espainia, 67 min.-)

Etzidamu, ostegunak 10, 21.15ean Trueba Zineman:

1984an, Los Fiambres punk taldeak kultuko disko bat kaleratu zuen: El lado oscuro del rocanrol. Bidaia lisergiko eta ironiko horri hogeita hamar urte geroago hasiera emango dio Rober Perdutek, taldeko abeslariak, autobus geltoki bateko argazki saio batean. Paisaia espektral batetik noraezean egindako ibilbidea, heroinaren eta kokainaren eraginpean den norbaiten prozesu mentaletatik egindako zapping etsia, “Aro digitalerako Videodrome” antzeko batean. Irudia drogatzat hartuta, ni-aren galera eta bilaketa pantailaren aurrean.

.

«Els ulls s’aturen de créixer»

(Javier Tomas Garcia Lerin -Espainia, 85 min.- opera prima)

Ostiralak 11, 19.00etan Trueba Zineman:

“Inoiz ez nuen abestirik konposatu izango nire anaiaren ausentziagatik izan ez balitz. Joan bizi zen bitartean, berak konposatzen zituen abestiak”, zioen Miquel Serrak. Joan eta Miguel Serra 7 eta 9 urte zituztela hasi ziren jotzen. Beren kasete-grabagailuko Play/Rec-arekin bestelako batasun bat sortu zen haien artean. Joan 2002an hil zen; musikak, ordea, bizirik iraunarazi du lotura hori, anaiek oraindik ere elkarrekin konposatzea ahalbidetuz. Irrati emisoreak, marrazkiak, pinturak, egunerokoak, performanceak zuzenean, grabazioak, nahasketak kaseteetan, 8mm-ko erroiluetan, Hi8 zintetan, poemak eta Miguel Serraren bizitzako 5 urte.

.

«O espírito de Pucho Boedo»

(Lois Patiño -Espainia, 66 min.-)

Ostiralak 11, 21.15ean Trueba Zineman:

Pucho Boedoren espirituak gidatuta -Los Tamara taldeko abeslari mitikoa- Novedades Carminha taldeak hiru egun ematen ditu La Mina estudioan sartuta, Sevillan, XX. mendeko Galiziako herri musikaren hit handia berrikusi eta omentzeko: A Santiago voy. Esteban y Manuel duoa gonbidatu dute okasiorako, eta kolaborazio berezi bat egingo dute haiek. Igerilekuko bainuen eta sukaldeko berriketen artean, bertsio berri horren grabazio prozesuaren lekuko pribilegiatu izango gara gu.

Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia Dock of the Bay jaialdia