Telebistako izartxoen ikuskizuna
Telebistako izartxoen ikuskizuna
Ezinikusia edo. Telebistan erakusten diren aktore, aurkezle eta showman batzuk Gasteizen hartu dute lur. Alfonbra laranjatik desfilatzen ari dira gazte eta zaharren flash eta oihu fanatikoen artean. Gasteizko FesTVal jaialdiaz ari naiz, Espainiako kateetako izarrak gurtu eta putz eginda desagertzen diren telebista serieak estreinatuko diren sasi-ikuskizuna.
Bai, badakit, telebistan ere gauza eder askoak sortzen dira eta langile apartak daude. Laudorioak oparituko nizkiekeen hamaika sortzaile eta gizon-emakume ausartei, kalitatezko telebista bultzatu nahi duten, duzuen, guztioi. Salbuespenak dira, ordea, eta salbuespen horiek ezin ditut Gasteizko FesTVal jaialdian aurkitu.
Espainiako telebisten mundutxoan lekua egiteko sortu zuten FesTVal, Gasteizen. Hirugarren edizioa da aurtengoa eta berriz begiratzen diet erneguz hesian etzanda itxaroten dauden neskatxei (neska nerabeak baitirelako gehien-gehienak). Ez al duten beste inor hobeagorik hitz ederrez apaintzeko, horixe galdetzen diot nire buruari. Laudorioak nori eta edonork pantailan ikus ditzakeen horiei.
Kontua da telebistan agertze hutsak edonor igotzen duela aldarera. Berdin zientzia dibulgatzaile bikaina edo oihu bizian gure egongela kutsatzen duen sasi-ospetsua. Telebistan paper onenak dituzten aktoreak milaka pertsonen idolo dira bapatean: maitatuak eta jauretsiak. Besterik gabe! “Telebistan agertzen da” esaldia nahikoa da pertsona horrekiko interesa justifikatzeko.
Sarritan esan ohi diet lagunei: “Itzali telebista. Edonork ikus dezake hori edonon, baloratu lagunartean egotea, hori gutxi batzuk besterik ezin dezakete egin eta”. Kasurik ez didate egiten, normala, ez da erreza argi eta soinu ikuskizunari muzin egitea gauza entretenigarriagorik bermatuta ez duzunean. Telebistari diogun mirespen hori filmetako harri-kartoia bezain ahula da. Gaurko izarrak biharko itzali dira gehienetan.
Arraioa baina! Leporaino beteta daude eta alfonbra laranjaren inguruak. Hango maitasun mezu eta begirada gozoak. Ehun aldiz ikusitako hura paretik igarotzen, esku-eskura; “gu bezalakoak dira”…
Ez da dena fan-show
Ados, ezin naiz fan fenomenoa pizten duen desfilera mugatu. Jaialdian telebistako serieak estreinatuko dira, gidoigile bikainak dituztenak, ordu luzeko lanak, bene-benetan gauza landuak eta interesgarriak. Baina, den-denek, audientzia grafikoekin batera egingo dute dantza. Halako edo honako ikusle target-a dute, horren araberako iragarleak eta publizitate etenak programatuta dituzte (TVEkoak salbu, eskertzekoa), istorioak ikusle datuen arabera mugituko dira eta, ahul daudenean, sexu pixka bat gehituko diete. Horrek denak funtzionatzen ez badu hartu eta zakarretara lan miresgarri guztia. Ai txikito! Telebistaren legea!
Sariak ere ez dira falta Telebista (eta irrati) jaialdi honetan. Hauek dira horietako batzuk: Ana Rosa Quintana, Matias Prats, Luis del Olmo. Ene, ez dakit nork eragiten didan higuin gehien. Espainiako telebista eta irratiko jendilajea saridun. Barkatuko didate haiek eta haien jarraitzaileek, baina nik ezinikusia diet. Zenbat eta urrunago hobe. Honezkero argi dago zein den jaialdi honekiko duten jarrera. Ez dakit zuenetik gertu ala urrun izango den.
Gozatu dezatela ahal dutenek, nik, telebista, tamainan. Eta, jakina, ahal dela, Gasteizen horrelako ikuskizun gehiagorik ez.
p.s: Irratia ere jaialdiaren parte da. Haien aurpegia, ordea, ezezaguna, eta oihartzun mediatiko-fanatikoa hutsaren hurrengoa.