Jaizkibel Konpainiaren prentsaurrekoa

Jaizkibel Konpainiaren prentsaurrekoaEusko Jaurlaritzako Barne sailak, Hondarribiko alardean emakumeek ere gizonek egin dezaketen moduan desfilatzeko eskubidearen alde lanean diharduen Jaizkibel konpainiari eragozpenak jarri dizkiola eta, prentsaurrekoa eman dute bertako kideek.

Hau da bertan irakurritakoa.

 

JAIZKIBEL KONPAINIAREN PRENTSAURREKOA: 2.011/08/31

Abuztuaren 25ean Barne Sailak, Buen Jaunak, Hondarribiko alkatearen oniritzia duen Udaltzain Buruaren txostena oinarritzat hartuta, 2011ko Abuztuaren 25-eko txostena, debekatu egin dio Jaizkibel Konpainiari entseguetan San Pedro kaletik eta irailaren 8an Gernikako Arbolatik pasatzea.

2011ko Txosten honen edukiaren berririk ez dugu, baina bere egunean 2007an Udaltzain Buruak esandakoaren antzekoa dela pentsatzen dugu, non ordutegi eta ibilbide aldaketak proposatzen zituen Jaizkibel eta beste konpainiak elkartzean sortu zitezkeen tentsioak ekiditearren.

Bere egunean, 2007ko txosten honek ziona funtsa gabe geratu zen eta ordu ezkero Jaizkibelek bere entseguak eta Irailak 8-ko ibilbideak ?normaltasunaren? barnean egin izan ditu, eta herria bera ere normaltasun bidean aurrerantz joan da, nahiz eta arazoak oraindik ere bertan diraun.

Aurten aldiz gauzak aldatu dira. Eta ez dakigu zergatik.

Baina argi daukaguna da Jaizkibel Konpainiak ez duela erabakia onartzen, ez duelako iraganeko konfrontazio eta bazterkeriara itzuli nahi. Ez dugu atzera egin nahi, ezta hondarribitarrek atzera egin dezaten.

Hamabost urte betetzen dira aurten gure aldarria kaleratu zenetik. Bistan denez, ez dugu oraindik helburua bete, baina, era berean, urruti daude hasiera hartako liskar eta konfrontazioak. Hondarribiko biztanleon arteko elkarbizitzak aurrera egin du eta Barne Saileko ebazpenak atzera itzularazi nahi digu.

Hori dela-ta Jaizkibel Konpainiak helegitea bideratu du Barne Sailaren erabakiaren kontra.

. Alardea eta beraz bere ibilbidea hondarribitar guztion ondare direlako, ez inoren jabego pribatua eta, gauzak horrela, guk ere Alardean parte hartzeko eskubidea dugulako.

. Adierazteko konponbidera daraman bidea ez dela burutu, baina norabide horretan aurrera egiteko prest gaudelako.

. Errespetuan oinarritutako elkarbizitza lortu nahi dugulako, azken batean liskarraren bukaera ekarriko duten elkarrizketa guneak bilatu nahi ditugulako. Elkarbizitza delako gure helburua, tirabirarik eza.

Ez dugu onartuko inork arazorik ez dagoen tokian beldurra sor dezan, elkarbizitza dagoen lekuan liskarra sor dezan.

Hori guztia dela medio eskatu nahi diegu Hondarribiko hiritar guztiei ez dezatela atzerabiderik onartu eta, alderantziz, aurrerabidea posible egin dezatela.

Era berean, Barne Saialari eta gainerako erakundeei, Hondarribiko alkateak orain arte egin ez bezala, irtenbidearen alde egin dezaten eskatzen diegu, liskarrak sortu beharrean konponbidearen alde egin dezaten.

Azkenik, Jaizkibel Konpainiako kide guztiei, orain arte bezala, jaiaz gozatzen eta beren eskubideak defendatzen jarrai dezaten eskatu nahi diegu eta herritarrak animatu Jaizkibel Konpainian desfilatzera.

Gora Jaizkibel

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

21 pentsamendu “Jaizkibel Konpainiaren prentsaurrekoa”-ri buruz

  • Pello Andrearriaga 2011-09-01 00:13

    Kerejeta Alkate Jaunak PNV, eta Altuna aguazilen jefeak CC.OO., zer ikusi handia dute afera honetan, hau da Alarde Fundazioari pagatu behar dioten peajea.

  • Gari Garaialde 2011-09-01 08:12

    Nik haseran banuen esperantza apur bat. Gaur hau irakurri ondoren joan egin zait.

  • Ados nago zurekin Gari. Zer gertatu da?

  • Gari Garaialde 2011-09-01 11:34

    “hau” hitzean klik egin eta Berriako artikulora eramango zaitu, baina laburtuz, Emakundek Barne sailaren iritziekin bat egin omen du, eta horrek gauzak nik uste baino lotuago dituztela pentsatzera narama.

  • Gonzalo Etxague 2011-09-01 12:28

    Egunen batean, Hondarribian gertatutakoak eta oraindik ere gertatuko direnak soziologia liburuetan izango dituzte aztergai: 2011. urtean, Europan, emakume eta neska andanak putakume esaten beste emakume batzuei festan parte hartu nahi dutelako, besteak beste. Eta, orain, gutxien espero genuenean, laguntza iritsi zaie kanpotik. Azken kasu honetan, egunen batean, erakundeen lana epaileek aztertzea gustatuko litzaidake, ea prebarikazioa ote dagoen. Baietz uste dut.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-01 14:52

    Nik ere hala uste dut, garbi-garbi, Gonzalo.

  • Amonamantangorri 2011-09-01 15:07

    Espazio publikoak gizonen esku jarraitzen du; kalea gure neurrira egina daukagu. Emakumeek, lan egiteko, festa egiteko, inork erasotu gabe lasai bizitzeko, oraindik kalea beraganatu beharra dute, askotan, maizegi, beste emakume batzuren aurreiritzien aurka borrokatuz. Alde horretatik, konpainia mixto horien borroka bidezkoa iruditzen zait, erabat.

    Hala ere, Irun eta Hondarribiko emakume horiei adierazten diedan babesa, Sevillako aste santuan “costalera”, “nazarena”, “penitente” gisa parte hartu nahi duten emakumeei adierazten diedanaren berdina da. Nik enuke inoiz, ezta mozkortuta ere, horrelako jai batean parte hartuko, baina parte hartzeko eskubidea ezin zaio inori ukatu, sexua aitzakiatzat hartuta.

    Nire irudikoz, -barkatuko ahal didazue, irundar eta honddarbitar maiteak- zazpi euskal herrietan barna ospakizun gutxi egongo da, Irungo eta Hondarribiko alardeak baino zaharkitu, zoldazu, falozentriko, eskopetero, militarista eta santujaleagorik. Izanen da, noski, kalifikazio horietatik bat edo bi ederki merezia daukan festarik -izan ere, herri katolikoa gara, oso zanpatua-, baina den-denak merezi dituenik, hagitz gutxi. Eta kontuz: Nafarroako Erribera barne.

    Nola Irungo Muguruza anaiek kantantzen zuten: “Franco, Franco, Francoren lemapean desfilatzen zuen Irungo herriak”…

  • Gonzalo Etxague 2011-09-01 15:22

    Amonamantangorri, erabat nago ados zurekin. Parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dut, noski, baina askotan zalantza izan dut estrategia egokia ote den, ziur bainago mistoan parte hartzen duten gehienek ez luketela parte hartu eskubide horren alde egin beharko ez balute. Horren ordez, festa alternatiboa egitea egokiagoa iruditzen zait, eskopetarik eta mezarik gabe, erromeria alternatiboa, edo horrelako zerbait. Hala ere, agian estrategian ez, baina helburuan bat natorrenez, nire atxikimendua daukate Jaizkibel konpainiakoek.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-01 17:09

    Amonamantangorri, zure ideien azalpenetan batzutan astapotro samarra iruditzen bazatzaizkit ere, ni ere bat nator zurekin. Halere, bi ohartxo: 1)Diozun abestia hemen lekuz kanpo dagoela uste dut. eta 2)Zer esan nahi du “zoldazu” hitzak?

  • Aupa Aitor, Zoldazu “casposo” edo horrelako zerbait litzateke. Bestetik Irungo herriak “Franco, Franco Franco”ren lemapean desfilatzen zuen, baina Hondarribiko herriak Franco beraren aurrean desfilatzen zuen (ikus http://www.guregipuzkoa.net/photo/1025524 ), ez dut uste beraz Amonamantangorri horren lekuz kanpo ari zenik…

    Dena dela, Amonamantangorriri bai esango nioke, kanpotik ekitaldi zaharkitu, zoldazu, falozentriko, eskopetero, militarista eta santujalea ematen badu ere, eta egia da gaur egun hala dela, Hondarribitar batzuk duela 15/20 urte arte alardeak zuen jai-ospakizun-bibalabirjen esentzia hori berreskuratzeko borrokan ere bagabiltzala, Pancho Villaren ejerzitoaren iruditik askoz hurbilago baizegoen alarde-ospakizun hura.

  • Gonzalo Etxague 2011-09-01 19:08

    Ni ez naiz historilaria eta arriskutsua da kontu hauetan sartzea, baina hausnarketa egitera ausartuko naiz. Donostia eta Hondarribia Gipuzkoako plaza militar nagusiak ziren kostan. Donostiarrek euren historiatik danborrada asmatu zuten, militarismoaren parodia ezin sanoagoa: sukaldariak soldaduen pare. Hondarriarrek, ordea, alardea. Eta garai batean alardea urtean behin herritarrak armetara deitzea zen, balizko gerretarako prestatzeko.

  • Amonamantangorri 2011-09-01 20:09

    Onartzen dut kritika. Nire txisteak oso txarrak dira, badakit.

    Nahiz nire inguruan zolda “mugre” esateko erabili, hemen “caspa” adieran erabili dut.

    Negu Gorriaken esaldiak iragan hurbil bezain mingarria gogorarazten digu. Tradizio honen beste ertz bat gehiago da, eta nik uste, gogoeta saio ttiki bat merezi du.

  • Amonamantangorri 2011-09-01 20:27

    Iker: herriko semea izanda, eskertzen dizut nire hitzak umore onez eta zentzu eraikitzailez hartzea. Kirtenkeriak barkatu.

    Alardearen itxura “bibalabirjen”, parranderoa berreskuratzeko asmoa errespetuz hartuko dut, ni ez bainaiz hangoa. Zuek bizi izan duzue jaia umetatik, eta zuek zarete hori egin dezakezuen bakarrak.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-01 22:42

    Iker (kaixo aspaldiko!)eta Amonamantangorri: Abesti horren nondik norakoak badakizkit, badut Hondarribia eta Franko eta frankisten arteko harremanen berri (dudarik gabe gogoeta saio handia merezi du), baina ez dut uste guzti hau alardearen gai honekin lotzekoa denik.

  • Gonzalo Etxague 2011-09-01 23:02

    Biharko istorio ona agintzen dizuet Aitorrek aipatutako lotura bitxiari buruz. adibidea besterik ez. Arazoa da istorioa berez oso ona dela, hain ona, bestelako irakurketak ere zapuzten ditu. Biharko, baina. Bigarren Mundu Gerran Hondarribian…

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-02 00:44

    biharko eguneko istorio horren zai, zuzenketa bat egin behar dut. Ikerrek eta Amnmntngrrik aipatutako Negu Gorriaken kantua oso egokia izan daiteke gai honetarako, baina eurak aipaturiko zatia (Franko, Franko, Frankoren lemapen desfilatzen zuen Irungo herriak) baino askoz egokiagoa leloa bera, abestiari izena ematen diona (HIPOKRISIAR STOP!). Iker, eskerrik asko “zoldazu” zer den azaltzeagatik (nik ez dut inon aurkitu!) eta Amnmntngrri, ez dut uste zure umorea txarra denik. Beste kalifikazio asko jarriko nizkioke, eta ez dut beti gustuko izaten (noski) baina nik ez nioke txarra deituko. Hori bai, gehienetan gaiztoa, jejeje

  • Kaixo,

    Esan dituzuen gauza batzuekin ados banago ere (azken urteetan alardeetan gertatu dena lotsagarria dela) zuen estekek zur eta lur utzi naute.

    Argi geratu da zuentzat Amonamantagorrik esan duen bezala Irungo eta Hondarribiko alardeak gauza zaharkitu, zoldazu, falozentriko, eskopetero, militarista eta santujaleak direla. Ongi deritzot zuei horrela iruditzea, nik berdin pentsa dezaket Zuberoako pastoralei buruz eta inori etzaio ajola nik zer pentsatzen dudan. Gehiago esango dizuet, etzait iruditzen Amonamantangorrik tonu gogorrik edo irainik erabili duenik.

    Ulertzen ez dudana da alardeari eman diozuen egurra emanda alarde mixtoa bultzatu nahi duzuela sinestaraztea da.

    Gonzaloren esteka hau adibidez: “askotan zalantza izan dut estrategia egokia ote den, ziur bainago mistoan parte hartzen duten gehienek ez luketela parte hartu eskubide horren alde egin beharko ez balute”. Eta hori nondik atera duzu? Nola dakizu alarde mixtoan parte hartzen duen jendeak zer egingo lukeen beste egoera batean? Nik ezagutzen ditudan 30 urtez gorako alarde mixtoko gizonek lehen ere alardean parte hartzen zuten (hau da, 1996an auzia sortu aurretik). Beste adibide bat Muguruza anaiak dira, betidanik alardean parte hartu dutenak. Zuentzat alardeak gauza zaharkitu, zoldazu, falozentriko, eskopetero, militarista eta santujaleak izateak ez du esan nahi alarde mixtoko gehienentzat horrela izan behar duenik, azken fiñean herriko jaiak bait dira, umetatik bizi direnak. Alarde mixtoan denetik dago: ideia bategatik soilik parte hartzen dutenak, baina baita alardea gustoko dutelako parte hartu nahi dutenak ere.

    Bestalde festa alternatiboa egitea proposatzen duzu Gonzalo: “eskopetarik eta mezarik gabe, erromeria alternatiboa, edo horrelako zerbait”. Eta zergatik ez alarde mixtoa desegin eta manifa bat montatu? Gauzak lehenago bukatuko lirateke.

    Azkenik “agian estrategian ez, baina helburuan bat” zatozela diozu Gonzalo. Zein da helburua? Emakumeak alardean normaltasunez parte hartzea edo berdintasun eskubidearen aldarrikapen bat egitea? Gauzak argi esatea falta izan zaizu Gonzalo: Mixtokoen alardea lotsagarria da (zaharkitu, zoldazu, eskopetero, militarista eta santujalea), baina falozentrikoa ez denez zure atxikimendua ematen diozu.

    Bestalde Aitor Furundarenarekin bat nator esaten duenean “Hipokrisiari stop” abestiaren eta Francoren artean lotura aldrebesa egin duzuela. Abestiak Irunen jakina den pasarte bat kontatzen du: Behin Luis Mariano atzerritik etorri zen alardean desfilatzera. Homosexuala eta gorria zenez irundar gizonezko batzuk “maricon!” oihukatuz alardetik bota zuten. Gertaera negargarri hauek frankismo erdian gertatu ziren, eta gizarte mota baten isla dira. Franco hil ondoren Irun-ek omenaldi ugari egin dizkio Luis Marianori, eta hipokrisia hori salatzen du abestiak, ez Franco eta alardearen arteko ez dakit zer nolako lotura arraro. Abesti horrek alarde mixtoarekin duen zerikusia aipatu nahi baduzue esan honako hau: “Garai batean Luis Mariano homosexuala izateagatik baztertu zuten alardean, Irun eta Hondarribiko alardean emakumeak emakume direlako baztertzen diren bezala”. Franco Hondarribiko desfilean egon zen eta naziak Irungoan, baina Franco sudur puntan jartzen zitzaion lekuan egon zitekeen (Kontxako estropadetan, Loiolako basilikan, Bermeon etb…) eta horrek ez du ezer esan nahi.

    Azkenik Donostiako danborradaren eta Irun eta Hondarribiko alardeen arteko konparaketa errotik okerra da. Estetika antzekoa izan badaiteke ere ez dute inolako zerikusirik. Donostiako danborrada iñauterietatik datorren asmakizun bat da. Irun eta Hondarribiko alardeak, Antzuolako alardea, Elorrioko Errebonbilloak eta Tolosako eskopetero edo alardea berriz Foru Aldundiek osatzen zituzten milizietan dute oinarria. Hau da, probintzia bakoitzak bere gudarostea zuen eta probintziako herritarrek osatzen zuten. Azken fiñean probintzia bakoitzaren independentziaren zutabetako bat. Garai batean herri guztietan egiten ziren alardeak (Hernani eta Urnietan adibidez dokumentatuta daude), XIX. mendean espainiar gobernuak debekatu zituen arte. Portzierto, Donostiako danborrada militarismoaren parodia ezin sanoagoa da? Gaztelubidekoa ere bai?

    Besterik gabe. Ongi izan!

  • Azken oharra: jai zoriontsuak Honddarbitar GUZTIEI!!!

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-02 23:04

    Leturia, nik ez dut alarde mistoa bultzatu nahi. Uste dut herriko alardean atera nahi duten emakumezkoek horretarako eskubidea izan behar luketela, baina niri ez zaizkit alardeak gustatzen (eta aitortzen dut desfilatutakoa naizela, bai Hondarribian eta bai Irunen, aspaldi samar). Eskubike horren aldekoa naiz, eta hori baino indar handiagoz, herri hauetan egon den eta dagoen lintxamenduaren aurkakoa. Hau guztia, alkateen eta polizien (udaltzain nahiz ertzain) laguntzaz, besteak beste.

    Zuk Zuberoako pastoralei buruz nahi duzuna pentsatu, noski, eta gogorik baduzu idatzi zure eritzia, elkarbanatu nahi baduzu. Inori ajola zaion ala ez, auskalo, hori norberak ez du jakiten. Kasu honetan, ikus dezakezunez, batzuoi ajola zaigu gai hau eta Garik idatzitakoaren inguruan gure eritziak botatzen ari gara, normaltasun osoz, inori ajola zaion ala ez pentsatu gabe.

    Nik ez dakit alarde ez-diskriminatzailean parte hartzen dutenetatik GEHIENGOA diren parte-hartze eskubidea bermatuta balego parte hartuko ez luketenak, baina ASKO direla badakit, eta badakit parte hartzen dutenetatik askorekin hitz egindakoa naizela eta hauetatik IA DENEK diote hori.

    Bestalde, ni ez naiz danborradekin edo beste inongo ekitaldirekin konparaketak egin zale, ez eta historiaren irakurketetan oinarritu zale ere, gai honetan. Uste dut emakumeek eskubide osoa dutela herriko jaietako ekitaldi horretan parte hartzeko, eta zer esanik ez, ez alkateek, ez poliziek, eta ez inongo herritarrek, inork ez duela eskubiderik egiten den lintxamendu hori egiteko. Horretarako ez dago gainerako ekitaldiei edo historiari erreparatu beharrik.

  • Gonzalo Etxague 2011-09-02 23:47

    Aitor, ezin argiago.
    Leturia, lehenik eta behin, mila esker idatzi baino lehen guztion iritziak irakurtzeko lana hartu duzulako. Baina ez nator zurekin bat. Nik ez nuke parte hartuko alarde batean. Hori nire izaera eta iritzia da. Ez da antimilitarismo merkea. Militarismoaren fribolitzea da jasangaitza egiten zaidana. Eta, bide batez esanda, behin eta berriro soinu berbera entzutea. Baina gero, gauez festa hondarretan umeak, taldeka txiki lagun, danborra eta txirulari azkenak ateratzen ikusten ditudanean, bihotza alaitzen zait
    Honaino nire ikuspuntua, neuri baino ez dagokidana. Jasanezina zait, ordea, herri festa batean herritar batzuei parte hartzea eragoztea, aitzakia edozein delarik ere, edozein, ez hainbeste urte pasa ondoren. Ezin dut ulertu. Ezin dut ulertu bihotz gogortasun hori bertako jendearekin. Horregatik, alarde mistoak nire erabateko babesa dauka, kontzientzia iritziari gailentzen zaiolako. Beste guztiak (zorna, mezak, eskopetak eta irakurketa historikoak) egoera normal batean eztabaidatu beharko genituzke.

  • Nire ustez irudi hauetan argi adierazten da Jaizkibel Konpainiaren nahia zein den: herriko jaietan DENEK ondo pasatzea:
    http://www.youtube.com/watch?v=JH-cxbby_xQ&feature=related

    Beste irudi hauetan urte luze hauen kontaketa ikus dezakezue:
    http://www.youtube.com/watch?v=iy4JmaU9gxQ