Tabakalera: orain zer egin?

Ez naiz oroitzen zehazki noiz entzun  nuen lehenengo aldiz Tabakalera egitasmoari buruzko albistea, baina badakit orduan ez zeukala oraindik izenik jarrita eta Josu Jon Imaz jauna zela Industria sailburu, garai hartan. Oroitzen naiz halaber, Imazek ikusentzunezkoen industria-ekimena eta artegintza batu nahi zituela Donostiako leku horretan, eta batzuri deigarri egin zitzaigula asuntua, zoragarri bezain ezinezko egiten baitzitzaigun formulazio hura.

Nahi bai, baina ezin iruditzen zitzaigun, batez ere Donostia eta Gipuzkoaren demografiaren tamainagatik eta beste kontu askogatik ere bai. Inbertsio handiegiak behar ziren zalantzaz betetako proiektu harentzat,  betiere Bilboko Guggenheim Museoaren eredu ekonomiko arrakastatsuak kutsatuegi, gauza onerako. Orduan entzun genuen lehenengo aldiz hain itsuki estrategiko hitza kulturgintzari lotua. Harrez gero, gehiegitxotan entzundako txorrotxio bihurtu zaiguna.

Egia esan, Espainiako estatu guztiko hirietan ezagutu zen halako sukarraldi bat non  kulturaren bizkarretan ezartzen zen progresoaren pisua. Museo eta erakusketa erraldoiak antolatu ziren,  euren ardurapean jarri zen lehenago eguzkiak, gastronomiak, historia loriatsuak eta hondartzetako kremak ekarria zuten ekonomia turistikoa. Batzuek aurrera egin eta nolabaiteko arrakasta kausitu zuten arren,  gehienak daude zama bihurtuta bazterretan. Galdetu bestela Gasteizko Artiumen.

Eta hasi ziren Tabakalera egitasmoaren definizio halamoduzkoak egiten. Ezagutu dizkiogu hainbat eta hainbat formulazio desberdin, baita bata bestearen kontrakoak ere, baina beti ezinbesteko, beti estrategiko, beti etorkizuneko, beti apustu garaikide derrigorrezkoa hiria, lurraldea eta autonomiarentzat. (Ez gara xehetasunetan sartuko, nahi duenak bai baitauka zer irakurria beheragoko esteketan).

Hainbeste buelta eta itzulipurdi egin eta gero, esan dezagun gaur formulazio honetan laburbiltzen dela Tabakalera egitasmo guztia:

-Laborategiak
-Proiektu egoiliarrentzako eremuak
-Grabaketa, edizio eta ekoitzi ondoko lanetarako eremuak
-Mediateka
-Erakusketa-aretoak
-Proiekzio-aretoa
-Balio anitzeko auditoriuma
-Jatetxea
-TBKafea
-Barneko kalea
-Euskadiko Filmategia
-Etxepare Institutua
-Beste erabilera batzuetarako guneak

Eta hori lortzeko, hauxe dela proiektu arkitektonikoa.

Ez gara horretarako behar diren diru korapiloetan sartuko, galdua baitaukagu kontua honez gero. Halaber, ez dugu kolokan jarriko “kanpoko babesleekiko” eskatu den konfiantza, baina gustatuko litzaiguke jakitea, esaterako, oraintxe bertara arte zenbat diru gastatu den  oraingoz inora iritsi ez den egitasmo honetan. Halaber jakin nahi genuke non geratu diren Biblioteka Nazionala eta Diseinu Zentrua bezalako egitasmo ezinbestekoa haiek, Zientzia herritarrarengana hurbiltzeko asmo haiek guztiak… Zergatik doazen aparte Mediateka eta Biblioteka… zergatik den hobea (ala ez) kulturaren egiturak leku bakarrean edukitzea… hainbat gauza eta galdera.

Lehengoan zabaldu zuten albistea, Administrazio Kontseilu berria bildua dela eta hilabeteko tartea eskatu duela gauzak estudiatzeko. Hiru erakundeetatik, hirurak dira berriak proiektua abiatu zutenekin alderatzen bada. Orduan EAJrenak ziren Jaurlaritza ( Azkarate) eta Diputazioa (Txabarri-Olano), PSErena, aldiz, Udala (Elorza). Gaur PSErena da Jaurlaritza (Urgell) eta Bildurenak Diputazioa (Garitano) eta Udala (Izagirre).

Barkatuko didazue, baina Administrazio Kontseiluko kide guztien zerrenda ikusirik, segur naiz gaur arte euretako asko eta asko ez dela sekula  jarri Tabakalerari serio begira.  Baliteke, hala ere,  kulturgintzaren estrategikotasunaz dezente jakitea euren alderdietako eztabaidetatik, auskalo. Itxura batean baina, patata bero ederra dute eskutan. Logikaren arabera eurei guztiei dagokie  erabaki  bideratzea, baina hilabeteko gogoeta baino apur bat gehiago beharko dute zer egin behar duten ganoraz erabakitzeko.

Honakoek osatzen dute gaurtxeko Tabakalerako Administrazio Kontseilua:

– Donostiako Udala : Juan Karlos Izagirre, Nerea Txapartegi, Josu Ruiz, Marisol Garmendia, Eneko Goia.
– Gipuzkoako Foru Aldundia : Martin Garitano, Juan Carlos Alduntzin, Ikerne Badiola, Jon Uriguen, Ekhine Atorrasagasti.
– Eusko Jaurlaritza:Blanca Urgell, Antonio Rivera, Simón Mesanza, Aizpea Goenaga, Rosa Diez Urrestarazu.

Ematen du egoerak aitzina egitea eta nolabaiteko dinamika eskatzen duela eta logikoena zerbait egitea litzatekeela. Erabakiak hartu eta indarrean jartzea, behingoz. Alabaina, bizi dugun denbora honek ez dirudi testuingururik egokiena Tabakalera bezalako proiektu baten alde ekiteko. Hainbeste dira arrazoiak inbertsio handietan ez sartzeko, ez da? Batez ere zer egin nahi den ez badago erabat argi, edota egin nahi den horrek inor pozten ez badu eta nolako emaitzak emango dituen  inork ez badaki…

Kontrakoa ere esan liteke, ordea, alegia, krisi garaia dela zuzpertze-planak egiteko tenore egokiena, hain juxtu krisitik irteten laguntzeko egin behar direla antzeko gauzak… Argudioak erretorika huts dira gehienetan, baina badirudi aberastasun ekonomikoa bere gailurrean denetan egiten direla soilik kulturaren aldeko apustuak. Aberatsa behar duela guizarteak, kulturaren azpieguretan gastatzeko.

Bistan da gailurrean baino, leizean gaudela, eta etorkizuneko ekonomiaren ziurgabetasunak aztoratzen gaituela gutako bakoitza…

Zer egin, beraz?

Tabakalera moduko azpiegituren aldekoa izaten naiz usu, baina gai honetaz neuk zer erabakiko nukeen ez dakit, antzik ere ezin diot eman, egia esan. Ezer ez daukat argi.

Hala ere, gauzak dauden-daudenean, esango nuke,  Tabakalerarentzat oraintxe bertan formulatzen dena ez dela benetan estrategiko eta ezinbesteko, ez Donostiarentzat, ez Gipuzkoarentzat, ez eta EAErentzat ere.

Bistakoa da porroterako arrisku itzela izateaz gain —batez ere programaziorik ez delako definitzen eta bermatzen—, egitasmoa ez dela egiazki inorentzat pozgarri, etxetzarra tzarregi dela Donostiak dituen kultura beharretarako eta hobe lukeela zerbitzu sozial batzuk txertatuta edo halako zerbait…

Ikusentzunezkoen ekoizpena garrantzizkoa izanik ere, hobea dirudi  sare industrial  normalago bat izateak, eta ez gune batera administrazioak hain bideratutakoa, balizko bezero ia bakarra EITB gainbeheratu bat litzatekeenean… Kultura zerbitzu gehienak zentralizatzeak zer ekarriko duen ere ikusteko dago. Auskalo. Jakin egin behar, eta nik ez dakit.

Baina badakit planak dioena eta dioen moduan ez litzatekeela oraintxe egin behar. Edo hala iruditzen zait, bederen.

Honetan ere, luzamendu bat izango litzateke seguru asko egokiena, gauzak argitu eta garaiak aldatu artean, gaur patata bero dena,  ez dakigun bihurtu datozen hamarkadetako porru.

 

 

(Gai honetaz gehiago blog honetan bertan)

– Tabakalera dela eta

– Galdezka (eta 5)

– Galdezka (4)

– Galdezka (3)

– Galdezka (2)

– Galdezka (1)

– Kearen usaina ala usainaren kea, segur ez dakit.

– Hamalau esan eta lau bakarrik izan…

– Tabakalerari buruz (eta 3)

– Tabakalerari buruz (2)

– Tabakalerari buruz (1)

(Gai honetaz Zuzeun ere bai)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Tabakalera: orain zer egin?”-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2011-08-09 03:57

    Egia esan ez dakit Donostiak zer azpiegitura gehiago beharko zukeen… Badakit Tabakalera nortasun bereziko eraikina dela eta erabilera ere berezia beharko zukeela baina beste ezer gauzatzen ez bada eta kontuan izanik Donostiak alogerazko etxebizitza merkeen gabezia itzela duela, agian alogerazko etxebizitza txikiak (logela bitakoak eta bakarrekoak) eraiki zitezkeen, beti ere etxebizitzen eta eraikinaren jabetza esku-publikotan gordez (herri-jabetzakoak diren ondasunak esku pribatuetan buka ez dezaten).

    Beste aukera bat hotel bat egitea litzateke, Iparreko tren-geltokia alboan izanik eta erdigunetik oinez hamar minututara kokaturik, Tabakalera leku bikainean bait dago kanpotik datozenek hiria gertutik ezagut dezaten.

  • Aitzolekin, nahiko konforme nator ni ere, logela bakarreko ala biko etxebizitzei dagokienez batipat.

  • […] Tabakaleraren kontuarekin gero eta galduago nabil. Inoiz edo behin ukan dut halako sentipen bat, zerbait ulertzen nuela gai honi buruz, baina bai zera, etsi dut: baboegia naiz halako korapilo bat askatzeko. cc-by-sa […]