Gasteizko parke erromantikoa, Florida

1820an hasi ziren parke honetako lanak, Birgitarren komentuaren baratzeetan. Gaur egun, legebiltzarraren atzealdean dago XIX. mendeko estilo erromantikoz sortutako parkea. Bihurgunez beteriko bideak, aldapa eta zubiak. 2012. urtean Gasteiz European Green Capital izango denez hiriko birika gisa indarberrituko da parkea.

Parkeko leku ezezagun bezain bitxia “koba” da. Harritzarraren barruan sortutako zuloa urtean behin besterik ez da irekitzen; bitartean hesi batek ixten du iluntasunerako atea. Gabonetan irekitzen dute eta parkea Belen erraldoia bilakatzen da, eta, koba, Jesus txikiaren gordeleku. Lastoz eta suz inguraturik Jesus txikia bertan jartzen dute gasteiztarrek bisita dezaten.

Arkitektura bitxia izateaz gain, landarerian altxorra ere bada Florida parkea. Ehunka zuhaitz eta zuhaixka desberdin daude parkean, horietatik batzuk 150 urtetik gora dituzte.

Parkearen bihotza dantza kioskoa ere bada, 1890 aldean eraikia. Adinekoen leku kuttuna da, bertan izaten dute musika lasaiari segiz dantzan egin eta ezagunekin elkartzeko lekua.

Wynton Marsalis jazzlariak ere bere badu bere lekua. Jazz musikari handien izenek laguntzen dute Marsalisen irudia.