[Zinema Euskaraz] Space Jam: Aro berria
[Zinema Euskaraz] Space Jam: Aro berria –
Zineuskadiren eskutik, eta Zinema Euskaraz programaren barruan, “Space Jam: Aro berria” ikusgai dago gaurdanik gure zinema aretoetan.
EAEko zazpi zinema aretoetan ikusi ahal izango da Malcolm D. Leek zuzendutako filma, 25 urte geroago Looney Tunes taldea abentura berri batera bultzatzen duena.
1996an Michael Jordan protagonista izan zuen lehen pelikularen ostean, LeBron James aurkitzen dugu honetan. NBAko izarra, Dom semearekin batera, toki arraro batean harrapatuta geratzen da, A.I. bezala ezagutzen den indar ahalguztidun eta gaizto baten espazio digital batean. Etxera itzuli eta semea salbu uzteko, saskibaloi jokalariak indarrak batu beharko ditu Bugs Bunny, Lola Bunny eta Looney Tunes taldeko gainerako pertsonaiekin, A.I.-k digitalizatutako txapeldunei saskibaloi partida batean aurre egiteko.
Hurrengo zinema-aretoetan ikusi ahal izango da filma:
- Gorbeia (Gasteiz)
- Niessen Zinemak (Errenteria)
- Antiguo Berri eta Principe (Donostia)
- Zugaza (Durango)
- Getxo zinemak (Getxo)
- Golem Alhóndiga eta Multicines 7 (Bilbo).
.
Sektorea suspertzeko konpromisoa
“Space Jam: Aro berria” Zinema Euskaraz programaren barruan 2021ean estreinatzen den seigarren filma da. Izan ere, ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoa du Zineuskadik. Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.
Datozen hilabeteetan gainera, publiko zabalari zuzendutako hainbat film edukiko ditugu ikusgai; horien artean, “D’artacán” (abuztuaren 20an) eta “Oltxiak” (irailean).
[Zinema Euskaraz]