Ainara Ortega: “Umorea erabili dut esan ezin direnak kantatzeko”

Ainara Ortega: “Umorea erabili dut esan ezin direnak kantatzeko” –

Ainara Ortega: "Umorea erabili dut esan ezin direnak kantatzeko"Mendebaldetik sartu eta ekialdetik joan, jazz ufada epel batek zeharkatzen du Euskal Herria uztailean. Horrexegatik, hilabete aproposa begitandu zaigu gure jaialdi nagusiak zapalduko dituzten nazioarteko izarrez gain, gurean ere jazza jorratzen duten musikariak badirela gogoratzeko.

Urpeko Bonbardan, horietako hiruren diskoak aurkeztu genituen orain gutxi, Irati Bilbaoren “Begin”, Haizea Martiarturen “Folketik Jazzera ensemble” eta Ainara Ortegaren “Onin”.

Orain, banaka-banaka bertako elkarrizketak dakartzagu idatzira. Asteon hirugarrena, Ainara Ortega kantariarena (Hernani, 1981).

“Onin” duzu azken diskoa, saltoki handietan baino hurbilekoetan salduko ei duzuna.

Horixe da nire aurtengo apustua, baserritarrak gara gu, eta horrekin aurrera. Konturatu naizelako musikaren industriak zanpatuko gaituela, eta horri aurre egiteko kanpora begiratu baino gugandik hasi beharko genuke. Hori da nire autokritika, eta dena doakoa eta plataforma digitaletan jarri aurretik, guk eman behar diogu balioa gure lanari; orduan, nire denda txikia neuk neronek eraman nahi nuke aurrera, batzuen esanetan etxekalte bada ere.

Musikariaren lanari diozun errespetuagatik?

Hasieran esan dudana, batzuetan kritika jartzen dugu komunikabideetan edo gutxitzen gaituen industria horretan, instituzio handietan (gobernu eta diputazioetan)… eta nik uste dut gugandik hasi behar duela borroka horrek. Baina musikariek badugu gauza bat oso kontra, gure egoa. Iruditzen zait tranpa egiten diogula gure buruari egoari maitasuna deituz. Tranpa filosofikoa edo espirituala, eta nik buelta emango nioke, hainbeste maite dugu musika, hainbeste errespetatu nahi genuke, edozein preziotan ez dugula egingo.

Hitz egin dezagun lan berriaz, izenburutik hasita, “Onin”.

Erreka txikia izan arren Bortzirietan pisu handia duen erreka da Onin, Lesakan ur sakonak dituena. Eta lesakarra zen nire bikotea, Lander, 2017an hil zena. Orduan, iturri bezala erabili dut, inoiz ez hobekiago esanda, iturri bezala erabili dut lesakarren inspirazioa eta Landerrek eman zigun guztia.

Galera batetik sortutako lana izan arren, oso baikorra begitandu zaigu.

Bai, uste dut heriotza baten ondoren eta gaixotasun prozesu bat eta gero -minbiziz hil zen-, idazle handiek eta filosofoek diote (Elisabeth Kübler-Ross asko irakurri nuen, adibidez, doluaren inguruan),  bi aukera dituzula, baita gaixoaldian ere; bat argitasunetik eta bestea iluntasunetik, hondoratu ala transformatu. Nik uste dut aukeratu beharra dugula bihotzetik, eta bihotzak beti argitasuna aukeratzen du.

Hondoratu beharrean, eraldatuta zatoz, beraz.

Nik hala esango nuke. Agian kanpotik gehiago antzeman daiteke hori, baina bai, eraldaketa prozesu sakona izan zen. Gaixotasuna ere asko probestu genuen, bide hori jorratu nahi izan genuen ilunpean ibili baino, egunerokoa eta gauza txikiak eta bizitzaren edertasunaz gozatzea; bestela minak hartzen du leku izugarria. Eta eman behar zaio bere lekua minari eta tristurari, baina ezin du dena inbaditu, ez da posible niretzako.

Umorez zipriztindutako diskoa ere bada “Onin”.

Bai, niri bizitzan izugarri gustatzen zait besteei barrea eragitea, hor topatzen diot bizitzari zentzu izugarria. Eta horixe da nire asmoetako bat, bai bizitzan bai disko honetan; irribarra eta algara eragitea besteengan. Gure arima eta izpirituaren elikagaia dela uste dut. Norbaiti irakurri nion aspaldian, umorea dela esan ezin direnak esateko modua, eta niretzako oso garrantzitsua da. Bizitzan asko erabiltzen dut eta musikan ere argi nuen apustu hori egin nahi nuela disko honetan, esan ezin diren gauza asko umorez kantatu.

Garaiotan, badugu bai poz apur baten beharra.

Sentzazioa dut azken urteetan, euskal musikari begira jarrita, musikari askok aipatzen dugula umorea galdu ote dugun, eta kritikarako beharra. Eta bai, somatzen dut asko idazten diogula azken urteetan naturari, sentimenduei, maitasun eta maitasun ezari… eta nik berezkoa ere badut kritika eta ironia hori, eta nahi nuen berreskuratu abesti protestan.

Pandemiak izan du eraginik diskoan?

Pixka bat. Sormen lana 2017-2018an hasi nuen, eta 2018rako kantu dezente nituen. Hurrengo urtean hasi ginen elkartzen eta entsegatzen, Luis Camino, Angel Unzu, Iñaki Salvador eta laurok. Egia da bizi dugun egoera honek dena atzeratuarazi zigula, baina hala ere 2020ko udan genuen jarrita hitzordua, eta musikariek atzeratu beharko genukeela esaten bazidaten ere, nik ezetz esan nien, prest genuela material guztia, prest geundela eta ondo pasako genuela. Eta iaz egin genituen grabaketak, logistikoki eta estudioan elkartzea zaila izan zen arren. 

Ainara Ortega: "Umorea erabili dut esan ezin direnak kantatzeko"

Ainara Ortega: “Umorea erabili dut esan ezin direnak kantatzeko”

ZUZEUko erredakzio kide