Kritika Zinematografikoa: “Sobre todo de noche”

Kritika Zinematografikoa: “Sobre todo de noche” –
Kritika Zinematografikoa: "Sobre todo de noche"

Zuzendaria: Victor Iriarte
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria

Kritika Zinematografikoa: "Sobre todo de noche"-Indarkeria istorio bat da hau-

Frankismoaren itzalpean, Espainiako Trantsizio garai eztabaidagarriaren ondoren ere ezagun izan dira lapurtutako haurren kasuak, gutxienez, 90eko hamarkada arte. Baina sekula ez da balizko epai edo justiziarik egin. Gizarteak isilarazi egin duen gaia izaki, adierazpen artistikoetan ere kostata aurki daitezke erantzuleak fokuan jarriko lituzketen salaketak: 2018an estreinatu zenean hautsak harrotu bazituen ere, ahanzturan gelditu da El silencio de otros (Almudena Carracedo eta Robert Bahar) dokumental gordina; hurbilketa totela egiten saiatu zen Pedro Almodovar Madres paralelas (2021) melodraman.

Oraingoan, bi eredu kontrajarrion artean kokatzen den autore-proposamen formalista iritsi da zinema aretoetara, Veneziako Mostran aurkeztu eta nazioarteko zinemaldi entzutetsuenetatik igarota sariak pilatu dituena. Victor Iriarte errealizadore bilbotarrak demokrazia espainiarraren erantzukizun faltaz hitz egingo du SOBRE TODO DE NOCHE filmean, memoria historikoaren erreparaziorik ezak milaka herritarrengan eragin zuzena duela gogoraraziz. Espainiako historia garaikidea indarkeria kronikoarena dela defendatuko du fikziozko bere opera priman, lurraldearen egitura politikoa aldatuta ere, sistematizatutako praktikaren biktimen frustrazioek, desilusioek eta dezepzio orokorrak bere horretan jarraitzen dutela erakutsiz.

Hiru bloke nagusitan banatuta, Madrilen ekingo dio filmak: haur jaioberria adopzioan eman behar izan zuen Veraren (Lola Dueñas) ikerketa-prozesuarekin planteatuko zaigu auzia; detektibe-istorioen kutsua hartuko du kontaketak, noir-a ere baztertu gabe: Emakumeak bila ari den informazioa lortuko duenean, Donostiara egingo dugu salto; Cora (Ana Torrent) eta Egoz (Manuel Egozkue) aurkeztuko dizkigu Iriartek segidan. Lehenak bigarrena hartu zuen adopzioan, seme-alabarik edukitzea ezinezko zuela aitortu baitzion medikuak. Korapiloa askatuko da euskal lurraldeetan, baina Porton (Portugal) egingo dute hirurek aurrez aurre topo.

Gaia inolaz ere alboratu gabe, batera eta bestera arituko den pelikula da SOBRE TODO DE NOCHE, askotariko trama, genero eta ikusizko formatuak modu transbertsalean zeharkatuko dituena. Duero ibai luze eta sigi-sagatsuak Iberiar penintsulan aurkituko dituen paisaia ezberdin bezainbeste geruza izango ditu filmak. Iragan hurbila presente egongo da, baina etorkizunera begira, sendatu gabeko zauri mingarria izango du ikusmiran Iriartek, ezkutatutako egiaren ukazioak eragindako ondorio psikologikoetan sakonduz.

Horretarako, eta filma konbentzionalismo dramatikoetatik aldendu zein bere egile izaera finkatzeko, irudiaren eta soinuaren artikulazio eta dialektika armoniakoan eragin du zinemagile bilbotarrak. Madrilen zein Donostian girotutako lehen blokeetan, batez ere, soinu-paisaiaren eraikuntzak hartuko du berebiziko garrantzia, Maite Arroitajauregiren konposizio musikal txalogarriari gainjarritako protagonisten off ahotsek talka egingo baitute osagarri izango den ikusizko alorrarekin: Veraren ikerketa-prozesuaren parte diren mapak, gutunak, enkontruak / Coraren piano-irakaspenak, Egozen dantzaldiak, esgrima-eskolak. Bi atalotan, protagonisten barne-pentsamenduek eta idatzitako edo irakurritako gutunen errezitazioek izango dute pisu narratibo eta emozionala.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

https://www.youtube.com/watch?v=T_SdDphMRxM

Kritika Zinematografikoa: "Sobre todo de noche"

Kritika Zinematografikoa: “Sobre todo de noche”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude