Sinead O´Connor izenarekin ezagutu genuen kantaria hil da, Shuhada’ Sadaqat

Sinead O´Connor izenarekin ezagutu genuen kantaria hil da, Shuhada’ Sadaqat –

Sinéad O´Connor kantari irlandarra zendu da atzo, 56 urte baino ez zituela.

90eko hamarkada hasieran Princek idatzitako “Nothing Compares 2U” kantuak eman zion mundu mailako ospea, eta telebista saio batean Joan Paulo II Aita Santuaren argazkia zuzenean apurtu izanak probokatzailea izatearena.

Txikitan tratu txarrak jaso zituen amaren aldetik, eta buruko eritasun bat ere bazuen, desoreka bipolarra. Islamera jo zuen 2018an, eta Shuhada’ Sadaqat izena hartu.

Benetan garrantzitsutzat zituen kontuen alde agertzeko baliatu izan zuen ospea O´Connorrek, eta bere izena sarri agertu izan da hedabideetan, kalapitaren bati lotua. 1992an, berbarako, Joan Paulo II. Aita Santuaren argazkia txikitu zuen audientzia handiko estatubatuar telebista saio batean, Saturday Night Live, katolikoen haserre bizia eragin zuen ekintza. Irlandar elizaren ustelkeriaz nazkatuta zegoela eta,  apaiz pedofiloak salatu zituen orduan kantariak, eta denborak arrazoia eman dio.

Kantuak idazten eta diskoak argitaratzen jarraitzen zuen bitartean, bere gaixotasun mentalari buruz ere argi hitz egiten zuen Sinead O´Connorrek, zaleei laguntza eskatzen sarri. 90eko hamarkada bukaeran Eliza Katolikoak sektatzat hartzen duen talde batean sartu zen monja, eta lesbiana zela iragarri zuen, gero adierazpen horiek ezeztatu zituen arren. Milurteko berriarekin batera desoreka bipolarra zuela esan zioten medikuek lehenbizi, eta trauma osteko estresa zuela gero.

2018an islamera jo zuen kantariak, Shuhada’ Sadaqat izena hartuta, eta azken zuzeneko biran hiyab-a jantzita agertu zen oholtzara. Handik urte gutxira, eta “No Veteran Dies Alone” diskoa argitaratzekoa zela, musika ibilbidea bukatutzat ematen zuela iragarri zuen. Aipatu diskoa ez da sekula plazaratu, 2022an bere lau seme-alabetako batek, Shanek, buruaz beste egin baitzuen, 17 urte baino ez zituela.

Sinead O´Connor izenarekin ezagutu genuen kantaria hil da, Shuhada' Sadaqat

Sinead O´Connor izenarekin ezagutu genuen kantaria hil da, Shuhada’ Sadaqat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude