Segurtasun txanda

Goizeko seiak eman berri dituzte. Ostirala da. Kotxe gutxi batzuen zarata entzun da lehenago, talkaren bat edo beste ere bai. Baina orain lasai dago giroa, Twitter igande goiz batez baino bareago. 

Argi gris xamar batek blaitzen ditu kaleak. Antzematen da eguzkia laster dela agertzekoa baina ezkutuan dago. Mundua ez da oraindik esnatu.

Mundutarren bat bai, ordea. Errepidearen erditik eta kontrako norabidean, badoaz, motel xamar, bi mutil gazte. Gurutzatu dute kalea eta biribilgunearen alde batean dauden aulkietan eseri dira. Autobus geltokitik gertu.

txanda

Mozkortuta daude. Egin dute parranda Irun partean, eta bueltako trenean lo hartuta, ahaztu egin zaie zegokien geltokian jeistea. Ez dute ia elkar ezagutzen, eta hizketarako gogo askorik ere ez dute. “Nolatan ez gaitu inork esnatu?” bota du eskubian eserita dagoenak. “Sekulako hotza egiten du hemen”. “Beno, behintzat, bihar izango dugu lagunei zer kontatua” erantzun dio ezkerrekoak.

Autobusak eramango ditu ohearen epelera. 

Baina, horrela bada, zergatik ez diote begiratu ere egin haien sudur pareko geltokian pausatu denari?

Bertsolariak dira, akaso.  Bertsoafaria izan dute inguruko elkarteren batean. Konpromisozko tragoari, agindutako gintonikak eman dio erreleboa. Azkenerako, ezin izan dute bertatik alde egin, afariko kide bakoitzari bertso sorta bana bota, eta auzoko astunenari Jaietako bazkarira ere, joango direla agindu dioten arte.

Haietako baten kuadrilakoa etorriko da bila, eta puntuka ari dira itxaronaldia eramangarriago egiteko. “Ni ez naiz itzuliko, ezta arrastaka” bota du ilegorriak, dorpe xamar. “Behintzat earra zegon jan degun musaka” erantzun dio are makalago txanoa jantzita daramanak. Eskerrak inork ez dituen goiz parteko bertso kaskarrok gogoratuko.

Baina, horrela bada, zergatik atera du haietako batek ordenagailua motxilatik?

Txostengileak dira, behar bada. Gau osoa eman dute “norbanakoz, konpromezuz eta balizkoz” jositako testua atontzen, baina egindako lana borobilduko duen sei lerroko azken esaldiaren bila dabiltza oraindik. “Esaldi berean erabil daiteke “zeinak” hiru aldiz”? galdetu du ordenagailua magalean duenak. “Niri gustatzen zait, baina badaezpada hirugarrena  “berau” batekin ordezkatuko dugu” ebatzi du albotik pantailari adi-adi begira dagoen besteak. Historiara igaroko den alea da eskuartean dutena.

Baina, horrela bada, zergatik daude kalean bulego grisen babesetik kanpo?

Gizon ezkertiarrak dira agian, feminismoari hamaika pega ikusten dizkiotenak. Berriara bidaliko duten Zuzendariari Gutun anonimoa ari dira idazten. Goizeko 6etan zitatzen dira ostiralero, ez ditzan inork entzun eta atzerakoi matxistatzat jo. Haien militantzia kideek ere ez dituzte ulertzen. “Zergatik esaten diote feminismoa, berdintasuna esan nahi badute?” bota du bietan gazteenak.  “Ez digute uzten gure iritzia lasai ematen, mugatu egiten gaituzte. Idatzi ezazu hori”. Erantzun du ile urdindu batzuk jada badituenak. Zalaparta galanta sortuko dute Otamendik argitaratzea erabakitzen badu.

“Hori guztia edo zerbait okerragoa otu behar izan zaio goiko leiho hartatik begira dugun akaso sekreta, agian insomnioak jotako langile estresatu, apika voyeur porrokatuari”. Esan dit ondoko lagunak. “Lo faltak, kalte gehiegi egin dizu, motel”. Erantzun diot.  Ordenagailua motxilan gorde, eta txanda bukatutzat jota, barrura abiatu gara berriro. Gosaltzeko ordua izango da laster.

NIRE KONTRA ESANAK