Sautrela 471: Beatriz Chivite, Literaturia eta Strip-tease antzezlana
Sautrela 471: Beatriz Chivite –
Aste honetako saioan poeta bat izango dugu protagonista: Beatriz Chivite. Bigarren poema liburua argitaratu berri du Pamiela etxearekin, Pekineko kea izenekoa, eta horixe izango da programaren ardatz. Poesia sari ugari irabazitakoa da Chivite, eta honekin ere Iruñeako Udalaren saria jaso zuen 2012an. Mundu zabalean asko mugitu izan da autorea, eta horren zantzuak erraz antzematen ahal dira bere poesian. Azkeneko liburu horretan, Txinako arrastoa topatuko dugu. Han bizi zela idatzitako poemak dira, eta badute kutsu ekialdekoa, poema sotil eta gehienetan laburrak ditugu, neurritasunez eta fineziaz ondutakoak. Chiviteren orain arteko ibilbideaz, haren poesia ikuspegiaz eta Pekineko ke eta enparauez hitz egingo dugu, beraz, aste honetako saioan.
Erreportajean, Literaturia jaialdia izango dugu mintzagai. Urtero egiten den jaialdia dugu, egun Zarautzen egiten dena, jaialdiaren nondik norakoez hitz egingo digute antolatzaileek. Maiatzaren 25etik 29ra egingo da aurten eta “ispilua” izango da gai nagusia. 2014. urtera arte Larrabetzun egiten zen eta hortik Zarautzerako aldaketa nolakoa izan zen azalduko digute Ana Galarragak eta Ibai Ferrerak, eta baita aurten aurkituko dugunari buruz ere.
Saioaren bukaera aldera Jaime Valverde antzerkiaz hitz egitera etorriko zaigu. Kasu honetan, proposamen berezi bat izango du hizpide, Strip-tease obra. Lau zuzendarik strip-tease kontzeptua oinarri hartuta antzezlan bana sortu eta denekin ordubete inguruko obra estreinatu zuten Loraldian. Lau strip-tease, bakoitza bere neurrikoa. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu halaber.
Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, 10:30tatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen