Beldurra, umorea, fantasia… asteko zinema estreinaldiak!

Beldurra, umorea, fantasia… asteko zinema estreinaldiak! –

Estreinaldiak: Maiatzak 19

Egilea: Maialen Goñi

.

Get Out (Déjame salir)

Chris gazte afroamerikarra Rose neskalagun zuriaren gurasoak ezagutzera joango. Asteburua elkarrekin igarotzeko asmoa dute, eta Chris urduri joango da, aita-amaginarrebek ez dakitelako afroamerikarra denik. Harrera beroa egingo diote ordea, eta horrek are gehiago harrituko du Chris. Pixkanaka, etxaldean eta inguruetan bizi diren gizon-emakume afroamerikarren jarrera oso berezia dela ohartuko da, eta bere bisitaren aurrean erakutsi duten poztasuna oso bestelako arrazoi batek eragiten duela. Sare sozialak, ikusleak eta kritika ados jarri dira terrorea, fantasia eta umorea uztartzen dituen Jordan Peelen opera prima goraipatzeko.

.

Miss Sloane (Caso Sloane)

Jessica Chastain, aldiz, Elizabeth Sloane exekutiboaren azalean sartuko da. Washington hiriko eta Etxe Zuriko zirrikitu guztiak ezagutzen ditu, politikari eta enpresari boteretsuenekin aritu izan baita. Armagintza lobby bateko ordezkari aberatsak dirutza eskainiko dio lege proiektu baten aurka presio egiten laguntzeko, eta “irain” horren aurrean, lege proiektuaren alde dagoen bigarren armagintza lobby batentzat lan egitea erabakiko du Sloanek. Baina inoizko etsairik indartsuenaren aurrean dagoela ohartuko da. John Maddenek gidatu du filma, eta Chastain emakumezko aktore onenaren Urrezko Globoa eskuratzeko hautagaia izan zen iaz film honetan egindako lanagatik.

.

Tschick (Goodbye Berlin)

Fatih Akin zinegile alemaniar oparoak, aldiz, umorearen generora egin du jauzi Maik eta Tschick nerabeen udako abentura kontatzeko. Lehena 14 urteko gazte bakartia da; eskolan ez du lagunik, eta etxeko giroa ez da bereziki ona: amak arazoak ditu alkoholarekin, eta klinika batean igaroko du uda. Aitak, aldiz, bere laguntzailearekin bidaia misteriotsu bat egin behar duela esango dio. Honenbestez, etxean bakarrik geratuko da Maik. Eta halako batean, Tschick errusiar etorkin gaztea ezagutuko du. Auto bat lapurtu, eta norabide zehatzik gabe, errepidera irtengo dira. Aktoreen eta zuzendariaren arteko konplizitatea giltzarria da film dibertigarri eta hunkigarri honetan.

.

Personal Shopper

Iazko Cannes zinema jaialdian zuzendari onenaren ex aequo saria jaso zuen Olivier Assayas zinegileak Kristen Stewart protagonista duen drama fantastikoarekin. Maureen da filmeko pertsonaia nagusia; Parisera joango da, eta emakume ospetsu batentzat lan egiten hasiko da, haren laguntzaile moduan. Ez zaio lana gustatuko, baina egonaldia ordaintzeko dirua beharko du. Gainera, hilabete batzuk lehenago desagertu zen Lewis anaia bikiaren espirituarekin harremanetan jarri nahiko du, eta haren seinaleak jasotzen hasiko da. Filmak aldeko eta kontrako iritziak jaso zituen jaialdian, eta nazioarteko kritikak ez du gustuko izan.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

zinea.eus - zinema estreinaldiak

Beldurra, umorea, fantasia… asteko zinema estreinaldiak!
Kultura, zinea.eus, zinema, Zinema estreinaldiak
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude