Sautrela 426: Jon Arretxe, Walter Benjamin eta Zozoaren kanta
Sautrela 426: Jon Arretxe, Walter Benjamin eta Zozoaren kanta
Jon Arretxe izango dugu aste honetako Sautrelan. Azkeneko lanen ildoari jarraituz nobela beltza argitaratu berri du Erein argitaletxearekin: Estolda jolasak. Touré ikertzailea, Bilboko San Frantzisko kaleko bizilaguna, bueltan dugu abentura berri gehiagorekin. Oraingoan, Bamako eta Mali inguruetan kokatu du Arretxek kontakizunaren muina, eta ez zaio hilketa, jazarpen edo misterioa falta. Nobelaz eta idazlearen bilakaeraz jardungo dugu elkarrizketan.
Erreportajeari dagokionez, Sans Soleil argitaletxeari eta Walter Benjamini beha jarriko gara. Irabazi asmorik gabeko argitaletxeak pentsalari alemaniarraren antologia bi argitaratu ditu. Hainbat itzultzaileren elkarlanaren emaitza da, eta, honi esker, Walter Benjaminek tokia izango du euskarazko saiakeran. Hala, Benjaminen filosofian sakonduko du erreportajeak.
Azkenik, Juan Luis Zabalak Marie Louise Legorbururen Zozoaren kanta eleberria ekarriko digu. Baserrian girotutako istorioa, baserri munduaren eta hiriaren arteko talka islatzen duena. Lanak 1993an ikusi zuen argia Maiatz argitaletxearekin.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.