Sautrela 404: Hiromi Yoshida, japoniako literatura eta Haltzak badu bihotzik
Japoniako kulturak geroz eta itzal handiago du Mendebaldean, eta jakina, baita Euskal Herrian ere. Japoniar literaturaz ordea, zenbat dakigu? Zer ezagutzen dugu haren inguruan? Aste honetako saioan, bada, Japonia eta haren literatura izango ditugu ardatz nagusi.
Izan ere, berriki argitaratu da munduaz bestaldeko bazter hartan Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua, japonierara ekarria. Sho Hagio eta Hiromi Yoshidak itzuli dute eta azken honekin solastatuko gara liburuari zein itzulpenari buruz. Nolatan bururatu zitzaien gure lehen liburua itzultzea? Zergatik hori eta ez modernoago bat? Ze zailtasun izan dute itzultzerakoan? Nola lan egin ote dute? Japonian euskal kulturak zer interes pizten duen ere jakingo dugu Yoshidarekin, eta baita beste hainbat kontu ere.
Horrekin loturik, Japoniako literaturari buruzko erreportajea taxutu dugu aste honetarako. Hango literatur zaletasunaren inguruan ez ezik Japoniako literaturako historiako genero, idazle eta idazlan nagusiak aipatuko dituzte erreportajera ekarri ditugun adituek. Haikuak dira ziur aski literatur forma japoniar ezagunenak, baina zelako garrantzia dute benetan? Zale ugari ote dute? Bestetik, mendebaldera erruz iristen diren japoniar erreferentzia garaikideak, Haruki Murakami kasu, nola irakurtzen ote dira han?
Azkenik, saioaren hondarrean Beñat Sarasolak Iñaki Mendigurenen liburu bat izango du hizpide: Haltzak badu bihotzik. 1990an argitara emana, aitzindaria izan zen euskal literaturaren historian zenbait alderdiri dagokionez.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.