Gauekoak itzaltzen

gauekoak ekimena“Partidu popularrak babes osoa eskaintzen dio Gauekoak programari, ekonomikoa izan ezik”. Horrela irakur daiteke Gasteizko gazteei aisialdi osasuntsuagoa izan dezaten kultur eskaintza egiteaz arduratzen den federazioaren web atarian. Kasik 15 urteko ibilbide arrakastatsua izan duen Gauekoak ekimenak kolokan du etorkizuna.

Gasteizko Kultur Elkarte Federazio bat da Gauekoak, 2008an prozesu parte hartzaile baten ostean hogei bat elkartek sortua. Kultura gaztea sortzea dute helburu, aberatsa eta anitza. Ekimeneko kideen esanetan, “Javier Maroto alkatearen lan taldeak Estatuan gazteek aisialdi osasungarria izan dezaten garatzen den proiekturik onena suntsitu nahi du”.

Egun alkatetzan den taldea 2011n gobernura heldu zenean 300.000 eurotik hurbil zegoen Gauekoak ekimenak kudeatzen zuen aurrekontua -Partido Popular-a agintean zen orduan ere-; azkena 100.000 ingurukoa izan eta gero, 60.000ra murriztu nahi dute aurtengoa, “gizarteari murrizketarik ez dagoela esaten dioten bitartean”.

 

– 2009-2011
Gauekoak ekimenak bataz beste 300.000 euroko aurrekontua kudeatzen zuen. Diru kopuru handiena Udalak jartzen zuen, eta Plan Nacional sobre Drogas erakundeak. Aparte, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Kutxak ere jartzen zuten diru laguntza.
Urte hauetan, lan talde sendo bat eta hamabi hilabeteko egitaraua zuen martxan, asteburu-astebururo!, gazteen nahiak eta parte hartzea kontutan hartzen zuena.
– 2012-2013
Erdira murriztu eta 150.000 eurotan gelditzen da Gauekoak ekimenaren aurrekontua. Plan Nacional sobre Drogas erakundearen aldetik jasotzen duen diru kopurua handitu egiten da, baina Udalaren aldetik dator, batez ere, murrizketa.

gauekoak afixak

Sei hilabeteko egitaraua baino ezin du eskaini ekimenak, eta lan taldea estutu beharra du. 50 programazio egun eta 100 ekintza inguru hartzen ditu egitarauak, 7.000 lagunen partaidetzarekin. Udaletik baina, Gauekoak ordezkatuko duen Habiak ekimena jartzen dute martxan 2013an -azkenean lehena mantentzea lortu eta… bi ekimen antzeko burutzen dira, bakoitza 150.000 euroko aurrekontuarekin!-.
– 2014-2015
Iaz 100.000 euro ingururekin azken programazioen antzeko egitaraua mantentzea lortu zuen Gauekoak-ek, 50 jardunaldi eta 100 ekitaldi bueltan. Baina koska bat estutu eta aurrekontua murrizteko asmoa azaldu du Udalak aurten, 60.000 euro ingurura.
Gauekoak-en aburuz, diru kopuru hori ez da nahikoa ganorazko egitarau bat antolatzeko. Urte osoko egitarau bat aurkezteko 300.000 euro inguru beharko lituzkete eta, gutxieneko bat aurkeztekotan, azkenaldian izan duten aurrekontua, 150.000 euro ingurukoa. Azken urteetako bilakaera ikusita, Gauekoak-ek susmoa du Udalak programa itxi nahi duela.

 

gauekoak ekitaldiaGauekoak ekimenak, iaz 48 jardunaldi ezberdinetan 110 ekintza garatu zituela azpimarratu nahi du, eta 7.000 partaidetik gora izan zituztela; “gazteen aisialdiari buruz berba egitean, errentagarritasuna ezin baitzaio bakarrik arlo ekonomikoari egotzi”. Gasteizko ekimenak nabarmentzen duenez, Gauekoak-ek “14 urte daramatza gazteentzako ekintza osasungarriak proposatzen”.

Programari esker gazteak hurbildu eta beraien proiektu ezberdinak aurkezteko, garatzeko eta aurrera eramateko aukera izan dute, eta modu horretan, errespontsabilitatea, esperientzia eta auto-konfiantza landu dute, ekimeneko kideek diotenez. Gauekoak-en aburuz, gainera, murrizketak dira Javier Maroto alkateak gazteei eskaintzen dien alternatiba, era guztietakoak. “Kontatu iezaguzu zure ideia, guk zure partez burutuko dugu eta -ei da Udalak buruan dabilen ideia-; nik esango dizut zure denbora librea non pasa”; gazteak erabiltzaile soil balira bezala, Partido Popularrak nahiko lukeen moduan, Gasteizkoak-en ustetan.

 

gauekoak ekintzak