Lance Armstrong (berriro tourrera), txalo ala txistu?

Geoff Thomas futbolari ohia da, 90eko hamarkadan Crystal Palace eta Notthigham Forest taldeetan jokatu zuena, besteak beste -eta nazioartean Ingalaterrarekin-. 2002an erretreta hartu eta urte betera leuzemia zuela jakin zuen; gainditu zuen eritasuna. Gero minbiziaren kontrako fundazio bat sortu zuen, eta 2005ean Frantziako Tourreko hogeita bat etapak egin zituen bizikleta gainean, txirrindularien lasterketa baino egun bat lehenago guztiak ere; ospitale baterako dirua lortzeko helburuarekin.

 

Lance Armstrong Frantziako Tourrera itzuliko da aurten, lehia baino egun bat lehenago hogeita bat etapak bizikleta gainean ibiltzeko.

Lance Armstrong berriro tourrera

“Le Tour, one day ahead” Geoff Thomas futbolari ohiaren ekimena da eta minbiziaren kontrako borrokarako dirua biltzeko helburua du.

 

Hamar urte geroago, “Le Tour, one day ahead” ekimena errepikatu nahi du orain Thomas-ek -milioi eta erdi euro biltzeko helburuarekin-, eta Lance Armstrong txapeldun ohiari deitu dio, bidean lagun diezaion. Zazpi Frantziako bira irabazi zituen Armstrong-ek 1999-2005 urte bitartean, ordura arte inork inoiz burutu gabeko balentria; dopatu zela onartu eta guztiak kendu zizkioten. Egun, debekatua du txirrindulari lasterketetan parte hartzea, baina futbolari ohiaren ekimena lagun artekoa denez, ez luke izango eragozpenik Tour-eko etapak lehia baino egun bat lehenago ibiltzeko. Alta, asmoak ezinegona sortu ei du Nazioarteko Txirrindulari Elkartean, eta eztabaida piztu txirrindularitza zaleen artean.

Union Cycliste Internationale-ko lehendakari Brian Cookson-en esanetan, “txirrindulari profesionalentzako errespetu falta da” Armstrong-ek birako bideak bizikleta gainean ibiltzea, “oker bat, asmoa ona izanda ere”. Txapeldun ohiak, bere aldetik, “(ekimenak) ez du txirrindularitzarekin zerikusirik -adierazi berri du-. Bizitzak salbatzeaz mintzo gara”.

 

Minbiziak jota

Lance Armstrong bera barrabiletako minbiziak jo zuen 2006an, 25 urte zituela. Bi urte behar izan zituen osatu eta lasterketetara bueltatzeko, sekulako arrakastarekin. Gaixotasunaren kontrako Livestrong erakunde sonatua sortu eta dirutzak bildu zituen orduan minbiziaren aurka egiteko; txapeldun mirestua baitzen Texaseko txirrindularia harik eta 2012an, lehiatzeari utzi eta urte betera, EPO hartu izana onartu eta garaipen guztiak kendu zizkioten arte.

Ordutik iruzurgiletzat du askok Armstrong, tranpati hutsa iritzi diote; baina garaiko txirrindularitza ustelaren lagin bat baino ez zela dioenik ere bada, sistemak kaltetutako txapelduna. Kontuak kontu eztabaida berriro piztu da txirrindularitza zaleen artean, Thomas futbolari ohiarekin batera udarako prestatu duen ekimena dela-eta. Batzuk ontzat jotzen dute, ongintzazko helburu duela-eta; lehen lerrora bueltatzeko ahalegin onartezina duela uste du beste askok.

Uztailean Frantziako errepide ertzak erabakiko du, Lance Armstong-i txalo ala txistu egin.

 

Bi urteko isilunearen ostean BBC-ko Dan Roan kazetariari elkarrizketa eskaini zion Armstrong txapeldun ohiak; zuzena, zintzoa eta oldarkorra.

Jada barkatua izan beharko lukeela uste duen Texaseko txirrindulariak gaur egun ez lukeela egingo, baina 1995era itzuliko balitz, dopina oso hedatua zen garaietara, seguruenera berriro dopatuko zela onartu zuen.

Txirrindularitza utzi zuenean Oprah Winfrey-k egindako elkarrizketa batean onartu zuen dopatu izana Armstrong-ek, eta Livestrong elkartean ere alde batera egitea erabaki zuen, fundazioa ez kaltetzeko.

Urteak joan ahala, gero eta gehiago dira Armstrong barkatu eta birgaitu beharko litzatekeela uste dutenak, bera guztiz damutu ez den arren -urte luzez ukatu zuen dopatu izana-. Erabaki okerra izan zela onartzen du Armstrong-ek (propioa, taldearena eta pelotoiarena); baina dopatu izanagatik jaso zuen zigorra “gogorra, zaila eta ez zuzena” izan zela uste du; “bizitza publikora bueltatzeko unea” ere gero eta hurbilago ikusten du txirrindulariak.

Armstrong-ek irabazi zituen Frantziako birak garailerik gabe dira egun; “nik eskuratu nituela sentitzen dut”, dio berak.