Sautrela 400: Katixa Dolhare, Ilbeltza, Dirua galgarri eta Joseba Sarrionandia
Aste honetako saioarekin Sautrela laurehungarren programara ailegatuko da. Ez da, ez, nolanahiko marka, are gutxiago literatur saio baterako.
Laurehungarren hau ere, aurrekoaz legez, edukiz bete beterik datorkigu. Saioaren ardatza Katixa Dolhare-ren estreinako liburua izango dugu Biribilgune. Gazteluma bekaren laguntzaz idatzi zuen polizia-eleberri kutsua duen liburu hori, eta gure literaturan oso ohikoak ez diren gaur egungo problematika sozial dezente ageri zaizkigu: migrazioak, islamismoa, Frantziar Errepublikaren laizismoa… Kontakizun bizi eta zolia, opera prima aski interesgarria osatzen duena.
Saioaren beste zati handi batean ere polizia nobela kontuak izango ditugu halaber. Batetik, urtarrilean Baztanen antolatu zen lehenengo Euskal nobela beltza asteari buruz gehiago jakingo dugu. Nolatan sortu da halako aste bat antolatzeko grina? Nortzuk daude aste horren antolakuntzan? Zein izan da lehen urteko egitaraua? Horrekin loturik, aste horretan aurkeztu zuten liburu bati buruz ariko zaigu Beñat Sarasola, Mariano Izeta elizondotarraren Dirua galgarriri buruz alegia. 1962an argitara emana, berriki berrargitaratu dute Baztango udalaren laguntzarekin.
Amaitzeko, Joseba Sarrionandia fikzioaren balioari buruz solastatuko zaigu. Zertan dira bere saiakera lanak? Fikzioak liluratzen ote du oraindik?
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.