Medellineraino iritsi da Bilboko eraldaketa prozesua

Medellíneraino iritsi da Bilboko eraldaketa prozesua

 

Medellineraino iritsi da Bilboko eraldaketa prozesua. Berrogeita hamar bat enpresaburuk, arkitektok, urbanizatzailek eta toki agintarik esperientziak trukatzen dihardute Foru Aldundiaren eta Merkataritza Ganberako ordezkariekin batera Medellíngo Hiri Garapenerako Enpresaren (EDU) lankidetzari esker. Ordezkaritza osatzen duten enpresek eta klusterrek kontaktu agenda sendoa osatu dute Kolonbiako konpainiekin.

Berrogeita hamar bat aditu Medellínera bertaratu dira azken urteetan, bereziki, Bilboko eta, oro har, Bizkaiko Lurralde Historiko osoko hiri eraldaketaren prozesuaren aurkezpenera. Topaketa hau Kolonbiako Gobernuak bultzatu eta sutatutako Medellíneko Hiri Garapenerako Enpresaren (EDU) lankidetzari esker egin da; enpresaren helburua da proiektu urbanistiko eta arkitektonikoak aurrera eramateko lurzoru publikoan. Medellínek bi milioi eta erdi biztanle inguru ditu, eta milioi bat gehiago, metropoliaren inguruetan bizi direnak zenbatzen badira. Herrialdean biztanlerik gehien duen bigarren hiria da eta Kolonbia osoak bezala berrikuntza prozesu batean murgildurik dago; horrek mundu osoko enpresak erakarri ditu, azpiegitura berrien eraikuntzak hartzen diharduen protagonismo handia dela eta.

“Bilbori eta Bizkaiari ikasi diegu
hirian kalitatezko espazio berriak
sor daitezkeela”


Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, Imanol Pradalesek, eta Merkataritza Ganberako Nazioarteko Ataleko zuzendariak, Mikel Arieta-araunabeñak, Bilbo-Bizkaiaren aurkezpenean hartu dute parte. Imanol Pradalesek gogora ekarri du Bizkaiko enpresek erronka handi bati heldu ziotela hiriburuaren eta Lurralde Historiko osoaren hiri eraldaketan modu aktiboan parte hartzeko orduan. “Gure enpresak ez ziren aldaketaren ikusle hutsak izan, baizik eta alderdi aktiboa, oso espezializatua, azaldutako premia eta beharrizan guztiei erantzuten jakin zutenak, ingeniaritzatik eta diseinutik abiatuz oso proiektu konplexuak osatu eta burutu arte” adierazi du Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak; gainera, honako hauxe ere erantsi du: “lortutako esperientzia hori oso baliagarria da Medellínentzat, horrek denbora eta aurrekontuaren aldetik aurrezpen nabarmena ekar dezakeelako azpiegitura berriak eraikitzeko orduan”.

Medellíneko Hiri Garapenerako Enpresa publikoaren (EDU) zuzendari-gerenteak, Margarita María Ángel Bernalek, ziurtatu du mendiz inguratutako eta ibai batek zeharkatutako hiri batek behartzen dituela berritzaileak izatera, azpiegitura berriak eraikitzerakoan. “Bilbori eta Bizkaiari ikasi diegu hirian kalitatezko espazio berriak sor daitezkeela, geografiak langintza hori nabarmen zaildu arren” adierazi du Medellíneko hiri garapenaren arduradun nagusiak.

Bilbao Bizkaia eredua Medellín-en
Bilbao Bizkaia eredua Medellín-en

 

Eraikuntza, aukera handiak eskaintzen dituen sektorea

Kolonbiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, 2014an BPGn izandako % 4,7ko igoerari beste hamarreko bat gehituko zaio 2015ean; horretan eragile ekonomiko nagusia etxebizitzen eta azpiegituren eraikuntza sektorea izango da. Herrialdeak hiru milioi enplegu sorrarazi ditu azken lau urteotan. Hazkunde iraunkorra, langabeziaren jaitsiera, inflazio txikia, inbertsioaren hazkundea, pobreziaren murrizketa eta kontrol fiskala dira Hegoamerikako herrialde honen arrakasta ekarri duten osagaiak. Lan saioaren ondoren, Foru Aldundiak eta Merkataritza Ganberak gidatutako enpresa misioa osatu duten hogeita hamar enpresa txiki eta ertainek eta bi klusterrek esperientziak elkartrukatu dituzte Medellínen Bilbo-Bizkaiaren eraldaketaren aurkezpenera bertaratutakoekin: eraikitzaileekin, urbanistekin, arkitektoekin eta toki agintariekin, hain zuzen ere. Kolonbiara joandako enpresa txiki eta ertain batzuen espezialitateak honako hauek dira: eraikuntzarako ekipamendua, osagai elektrikoak, logistika, urten kudeaketa, altzairua edo bioteknologia. Profil horiek modu egokian erantzuten diete Hegoamerikako herrialde horrek eskaintzen dituen negozio aukerei.

Bilera Medellíneko enpresa publikoekin

Bilbo-Bizkaiaren aurkezpena eta osteko hitzaldia amaitu eta gero, ordezkaritza instituzionala EPMren egoitzara bertaratu da; konpainia publiko horrek bere zerbitzuen artean honakoak banatzen ditu etxeetara: ura, elektrizitatea, gas naturala, saneamenduaren kudeaketa eta Interneterako sarbidea. Haren zerbitzuak Antioquiako 123 udalerritara iristen dira. Medellinen eta Aburrá Haraneko eremu metropolitarrean 3,6 milioi pertsonari ematen die zerbitzua. Haren hornikuntza eredura Latinoamerika osoko baloratuenetariko bat da eta, berriki, Mexikora zabaldu da. EPMren arduradunek azaldu dute zeintzuk izan diren orain arte egin beharreko milioikako inbertsioak sarea hedatzeko eta epe ertainerako negozio planak handitzeko. Gauzak horrela, “Ituangoko proiektuan” mila milioi dolar baino gehiago inbertituko dituzte eta gas naturaleko zerbitzurako bost estazio berri zabalduko dituzte.

Legegintzaldi honetako seigarren enpresa misioa

Imanol Pradales eta Mikel Arieta-araunabeñaz gainera, ordezkaritza instituzionala osatu dutenak honako hauek izan dira: Gorka Estebez Mendizabal, Enpresak Sustatzeko foru zuzendaria; Gabino Martínez de Arenaza, Turismorako eta Kanpo Sustapenerako arduraduna; eta José Luis Gil, Merkataritza Ganberako Nazioarteko Ataleko zuzendariordea. Enpresa misio hau legegintzaldiaren seigarrena da eta Medellín eta Bogotán garatuko da otsailaren 24ra arte (asteartea). Haren helburu nagusia da Bizkaiko enpresa sarearen nazioarteko presentzia sendotzea; izan ere, sare hori gehien bat enpresa txiki eta ertainek osatzen dute eta, haien tamainak merkataritza hedapena zailtzen duenez gero, estrategia erabakigarri horretan enpresek bultzada, sustapen eta aholkularitza instituzionala behar dute.

bilbao, Bilbo, Bilboko, Bizkaia, eraldaketa, Medellín

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude