Sautrela 368. saioaren aurrerapena (Xabier Olarra)
Zientzia fikziozko literatura bigarren mailan kokatua izan den literatura mota izan da usu; B saileko literaturatzat jo izan dena. Hau da, denbora pasarako literatura moduan, entretenimendu hutserako irakurgai. Haatik, hori horrela al da benetan? Horrela da beti? Zientzia fikziozko literaturaren ezaugarrien inguruan ariko gara erreportajean. Saiatuko gara azaltzen zerk egiten duen obra bat zientzia fikziozko, ze motako eboluzioa izan duen generoak bere hastapenetatik eta zeintzuk liratekeen generoaren gailurrak edo idazle eta obra nagusiak. Horrekin batera, euskal literaturan zientzia fikzioak ze emaitza izan duen ahaleginduko gara aletzen. Hots, noiz hasi zen zientzia fikzioa lantzen eta ordutik hona ze garapen izan duen.
Elkarrizketaren atalean, Xabier Olarra izango dugu gurekin. Itzultzaile eta editore gisa da ezaguna batez ere gurean eta berriki Dabilen Elea saria jaso duela profitatuz, bere ibilbide luzeari buruzkoak ezagutuko ditugu. Obra ugari itzulitakoa da Olarra, genero beltzeko maisuetatik hasita (Dashiell Hammett, James M. Cain eta abar) Raymond Queneau-ren Estilo ariketak liburu berezi bezain gogoangarriraino. Bere azken lan itzulia ere ez da nolanahikoa izan, Ian McEwan-en Hoben ordaina nobela arrakastatsua ekarri baitu euskarara. Editore moduan aparteko lana egindakoa da orobat Igela argitaletxean. Horien guztien inguruan arituko gara, bada, Olarrarekin: itzulpenaren eta argitaratze lanen gazi-gozoez, literaturaren plazeraz, eta beste.
BeƱat Sarasolak liburu berezi bat ekarriko digu. Goi literaturako baino herri literaturakoa den Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua berreskuratu eta hari buruz mintzatuko zaigu. Auspoa sailean argitaratu zen liburu hori 1963an eta Antonio Zabala eta Mikela Elizegiren artean idatzi zuten, azken honek bere aita bertsolariari buruz gogoratzen zituenak oinarri. Hala, XIX. mende amaierako Asteasu eta inguruetara bidaia dugu liburua.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.