Hau al da dena, Barcina?

Ustelkeria. Hitz bat gailendu bada UPNk PSNrekin abiatu zuen legealdian horixe da; diru publikoaz aberastu denaren kiratsa. Orain, hari guztiek mataza berera garamate: maiatzaren 25eko hauteskundeetara. y.b

Nafarroako gobernuaren tripetatik bertatik heldu da Barcinarentzako azken kohetea. Goikoetxea presidenteordearen aurka agertu diren lekukotasunak beste hamaika auziren gainean hondar-ale bat gehiago izan zitezkeen. PSNk ordagoa bota du baina: “edo bazoaz edo botako zaitugu”. Horrela egin dio mehatxu bidelagun izan duen PSNk, CANeko aferan Barcina zuritzen lagundu eta parlamentuan abertzaleen zentsura mozioa errefusatu eta gero. Gandorra igo du Jimenezek eta Barcinaren lepoa eskatu du. Indar erakustaldi itzela berea. Luzerako doping-ik ez izatea du etxekalte . Eta orain zer?

UPNren oposizio guztiak hauteskunde berriak eskatu ditu. Hala balitz, EH Bilduk, Ezkerrak eta Geroa Baik botoak bilduko lituzkete Barcina kargutik kendu eta beste hautagai bat jartzeko. Jimenez zatekeen presidente hori, bigarren indarra denez gero, arazo handiegirik gabe, Bakartxo Ruizek azaldu duenez. ‘Baina’ bakarra dago. Berehala deitu behar ditu hauteskundeak. Maiatzaren 25erako egin ere, Europako bozak probestuz. PSNk emandako 15 eguneko atzera kontua martxan da, baina Madrilen daukate stop botoia hatz lodian jarrita. Orain arteko froga guztien arabera, Goikoetxeak larrutik ordainduko du senarraren enpresari fabore egitea. UPNk ere bai. Hala ez?

Hauteskunde aurreratuetatik etorriko diren emaitzak hipotesi hutsa direnez gero, albo batera uztea hobe, nahikoa inkesta izango baitira aurrerantzean. Gako bat eta bakarra dago mahai gainean. Zer egingo du PSNk? 2007an Ferrazen aurrean belarriak jaitsi eta alfonbra gorria jarri zien erregionalistei. Oraingoan emaitza ezberdin bat gertatzea pentsaezina da, Nafarroa, Fernandez Diazek esan bezala, “ETAren helburua delako”. PSNk zentsura mozioa Bilduren babesarekin ateratzeagatik egurra jasoko badu (etxean ere bai), pentsa zer gerta litekeen bozak eta gero batuz gero. No way. Material delikatua du Jimenezen PSNk esku artean. Zertarako aurreratu bozak gero ez badu koalizio gobernurik osatuko? ¬†Abertzaleak, ostera, gailentzeko hipotesiarekin jolasean gustura dabiltza, (o)posizio politikoak eskatzen duen lekuan.

Hauteskundeak aurreratuko dituela inoiz baino argiago aitortu du Barcinak. Ez du baina hautagaitza baztertzeko asmorik, haserretu ere egin da galdetu diotenean. Alderdi barruan nahikoa saltsa-maltsa du gobernu erori baten hondakinetatik libratuko den jakiteko.

Hau al da dena Barcina? Ez da gutxi izan.

barcina, bozak, hauteskundeak, nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude