Sautrela 366. saioaren aurrerapena (Arrate Mardaras)
Arrate Mardaras izango dugu larunbat honetan gurekin. Bere lehenengo lanarekin, Pendrive ipuin-liburuarekin, azaldu zen aurreko urtearen hondarrean literaturaren plazara. Gaztetatik literatur zale eta irakurlea izanagatik, ez da izan berrogeita hamar urteak igaro arte zerbait argitaratzera animatu dena. Liburu berezia da Mardarasena; ipuin solteen bilduma bainoago, bata bestearen alboan eta beste zenbait testu gehigarrirekin batera osotasun bat osatzen duten ipuinak ditugu bertakoak. Amodio istorioak dira denak ere, Euskal Herriaren historiako aldi ezberdinetan jazotakoak, harpeetatik gaur egundaino. Maitasunak zer duen aldakorretik eta zer iraunkorretik irakurri ahal izango dugu, beraz, ipuin horien bidez. Liburuari, bere gaztetako inguru literarioari (Pott bandatik gertu ibili izandakoa) eta gustu literarioei buruz jardungo zaigu Mardaras.
Erreportajean best-seller-en inguruan jardungo gara. Literatur munduaren baitan sarritan gutxietsiak diren liburu motak dira best-sellerrak. Bada, liburu horien inguruko ezaugarri nagusiak-eta aztertzen saiatuko gara. Zerk egiten du liburu bat best-seller? Zertan bereizten dira beste liburuez? Zeintzuk ote dira horien adibide? Bestetik, eta begirada gurera lerratuz, halako liburuek euskal literaturan ba ote duten lekurik galdegin diegu geure buruei. Posible al da gure merkatu txiki honetan best-sellerez hitz egitea? Zeintzuk lirateke? Eta areago, desiragarria ote da gure literaturarentzat eta euskararen normalkuntzarentzat mota horretako liburuak egotea?
Beñat Sarasolak Laura Mintegiren lehendabiziko nobela gogoraraziko digu bere tartetxoan. Bai… baina ez titulua ipini zion eta 1986an argitaratu zuen Susa etxeak. Amodio istorio berezi eta aski muturreko bati buruz idatzi zuen orduan Mintegik, pertsonaia gris eta makur samar batzuen bidez. Nahiko liburu irakurri eta eztabaidatua izan zen garai hartan, eta gerora hainbat berrargitalpen izan ditu halaber.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.