Puxika Gorria

 

Puxika Gorria aurrez aurreko formatuan itzuli da, Zinemaldian familia-kontziliazioa bultzatzeko

  • San Telmo Museoan instalatuta, pertsona akreditaziodunen zerbitzura dauden sormen-jardueren ludoteka Zinemaldiaren antolatzaileentzat ere irekia izango da
  • Iazko online esperientziaren ostean Puxika Gorriak ekimenak aurrez aurreko formatua berreskuratu du
  • Aurtengo edizioan, haurren gehieneko adina igo eta sei hilabete eta hamabi urte bitarteko neska-mutilak inskribatu ahalko dira

Donostia Zinemaldiak, San Telmo Museoak, CIMA (Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea) eta Parenting at Film Festivals kolektiboak, Zorionak Kids & Party taldearekin elkarlanean, Puxika Gorria / El Globo Rojo zerbitzua antolatuko dute berriro, irailaren 17tik 25era bitartean martxan izango den sormen-jardueren ludoteka, hain zuzen.

Iazko online esperientziaren ostean, Puxika Gorriak ekimenak aurrez aurreko formatua berreskuratu eta San Telmo Museoan egingo ditu bere jarduerak oraingoan ere. Zinemaldia egiten den bitartean familia-kontziliazioa faboratzeko helburua duen zerbitzua, pertsona akreditaziodunen seme-alabei ez ezik, Zinemaldiaren antolakuntzako langileen familiei ere zabalduko zaie aurten. 2019an haurtzaindegi gisa sortu zen zerbitzua ludoteka bihurtuko da edizio honetan, aurten sei hilabete eta hamabi urte bitarteko haurrak inskribatu ahalko baitira. Lehen, adin-muga sei urtekoa zen, baina aurtengo edizioan adin-tartea zabaldu egin da, kontziliazioa ahalik eta familia gehienei errazte aldera.

Red Balloon Alliance ekimenaren parte, Puxika Gorria Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien haurtzaindegiekin (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten) bateratutako jarduera da. Besteak beste, Cima Impulsa, Cinando, Collectif 50/50, Europa Sortzaile Media programa, Danish Film Institute, EAVE, German Films eta Morena Films eta The Film Agency enpresa eta erakundeen laguntzaz.

2019ko edizioan bezala, Puxika Gorriak jarduerak 120 metro karratuko gunea izango du San Telmo museoan, eta, bertan, terraza estali bat eta erabateko aireztapen gurutzatua izango ditu. Zerbitzuak higiene-elementu eta -neurri guztiak izango ditu, covid-19aren aurka indarrean dagoen osasun-protokoloari jarraikiz.

Ludotekak 10:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak, eta inskribatutako haur bakoitzak gehienez ere sei ordu igaro ahalko ditu bertan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez arreta ematen duten Zorionak Kids & Party taldeko zaintzaileen ardurapean. Puxika Gorria zerbitzuak jarduera dibertigarriak eskainiko ditu, adin-tarte bakoitzera egokituak: koordinazioa eta oreka (gaztelu puzgarria, hodiak eta koltxonetak), sormena (sentsoriala, birziklapena, arte plastikoak eta eskulanak), erlaxazioa (yoga, ipuin-kontalariak eta itzal-antzerkia), eraikuntza eta logika (mahai-jokoak, trenak eta labirintoak) eta jolas sinbolikoa (mozorroak, aurpegi-margolanak, sukaldaritza eta zurgintza). Horrez gain, sukaldaritza-eskola berezi bat antolatzea dago aurreikusita, Mimo Bite The Experience taldearen esku. DonostiKidSS aldizkaria Puxika Gorriaren laguntzaile bihurtuko da eta ekimena zabalduko du.

Lekuak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Zinemaldiko akreditatuziodunek eta, bigarrenik, Zinemaldiaren antolakuntzako langileek. Aita edo ama bakoitzak 50 euroko ekarpena egin beharko du Zinemaldiaren bederatzi eguneko zerbitzuaren truke, 30 eurokoa hiru egunengatik edo 15 eurokoa egun bakar baterako. Lekua eskatzeko, irailaren 10a baino lehen idatzi parentingatfilmfests@gmail.com helbidera, egunak, inskribatu beharreko haurraren adina eta Zinemaldiko akreditazioaren egiaztagiria adierazita.

Edukiera %35era murriztuko da, eta, horrenbestez, ludotekan gehienez 25 pertsona egon ahalko dira. Ludotekara sartzeko, gurasoek indarreko osasun-pasaportea aurkeztu beharko dute, honako aukera hauetako batekin: pauta osoko txertaketa (azken dosia duela 15 egun baino gehiago), PCR proba edo antigeno-probak, edo gaixotasuna gainditu izanaren ziurtagiria, gehienez sei hilabetekoa. Haurrek ez dute baldintza hori aurkeztu beharrik izango, baina maskara nahitaez erabili beharko dute, sei urtetik beherakoen kasuan izan ezik.

Azkenik, ludotekako profesionalak pribatuan kontratatzeko aukera ere egongo da, Puxika Gorriaren ordutegitik kanpo haurrak zain ditzaten, nola arratsaldez hala gauez, pertsona akreditaziodunen etxean bertan.

Klasikoak sailak García Berlangaren eta Fernán-Gómezen mendeurrenak ospatuko ditu ‘Esa pareja feliz’, ‘La muerte y el leñador’ eta ‘Manicomio’ lanekin

  • Coppolaren ‘The Rain People’ eta ‘The Outsiders: The Complete Novel’ bertsio zaharberrituak eta ‘Ça commence aujourd’hui’ (Tavernierren omenez) filmaren emanaldia ere bilduko ditu sailak
  • Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzerabegirakoak programatutako hiru film ordeztuko ditu

Interpretazio-sariak genero neutrokoak izango dira Zinemaldian

Johnny Depp Donostia sari bat

Seriefiloa naiz.