Nafar herritarrak eta euskara

Nafar herritarrak eta euskara –

Ekainaren 16an Iruñean egin zen Ezberdinen arteko konfiantza lantzen izeneko jardunaldiaren harira, Eusko Ikaskuntzak argitaratu zituen artikuluek batzuen kritika negatiboa sortu eta, ondorioz, iritzia plazaratu dute zenbait hedabidetan. Honako hau Eusko Ikaskuntzaren Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: elkarbizitza proiektuaren ardura daramagunon erantzuna da.

Nafar herritarrak eta euskara

Euskal Herri osoa hartzen duen erakundea” dela dio Eusko Ikaskuntzak eta hona behin eta berriro agertzen den zalantza: Euskal Herria euskaraz mintzatzen den herria, edo komunitatea, da soilik, ala Euskal Herria lurralde bat da? Erantzunak goitik behera aldarazten du euskal herritarraren ezaugarritzea: euskaraz mintzatzen den pertsona, lehenean; euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez (ez soilik, gure herrian hizkuntza aniztasuna handia baita) mintzatzen dena, bigarrenean. Badira ere zalantza nahiko modu errazean konpondu nahi dutenak: Euskal Herria lurraldea da, baina lurralde horretan euskara izan behar da hizkuntza nagusia (edo bakarra etorkizunean). Baina hirugarren proposamen horrek errealitatean dauka oztopo nabaria, herritarren bi heren ez baitira euskaldunak, eta orduan hasten dira zailtasun teoriko eta praktikoak, Nafarroa Garaian ederki islatzen direnak.

Zailtasun horiek ulertzen eta kudeaketa demokratikorako proposamenak egiten saiatzen ari gara. Izan ere, “Euskal Herriaren kezka eta erronka nagusiei etorkizunerako irtenbideak proposatzea” da Eusko Ikaskuntzak hartu duen zereginetako bat. Egia esan behar bada, irtenbideak proposatzea ere handinahitzat jo liteke kasu honetan, hain dago giroa nahasia eta tirabiratsua gai batzuetan. Horietako bat euskara da, jakina, eta gutxienez ondo ulertzea ezinbesteko ariketatzat jotzen dugu nafar guztiak euskaldunak ez diren Nafarroa honetan.

Hala da, euskararen kudeaketaren inguruan intentsitate handiko gatazka sortu da Nafarroa Garaian, edo sortu dute nafarrek, arrazoi soziologikoak, ideologikoak, politikoak eta batzuetan baita laboralak ere direla medio. Batzuek euskara euskal nazioaren ikur goren eta nagusi modura ikusten dute eta, beste batzuek zer interes eduki dezakete euskaraz mintzatu ez, euskaratik urrun bizi, eta euskal nazioan sinisten ez dutenek? Zer interes edukiko dute espainiar nazioan sinisten dutenek? (Eta mereziko luke gogoratzea espainiar identitatea sentitzen dutenak euskal identitatea sentitzen dutenak halako hiru direla). Kasurik onenean, Nafarroaren ondarea delako, nolabait onartu bai, baina ez diote hausporik emanen euskarari (euskal nazioaren alde egitea delako). Eta kasurik txarrenean, ondo ezagutzen dugu. Kontra jokatzen da era pentsatu eta planifikatuan: administrazio askoren praktikan oztopoak jartzen dira nonahi; ideologikoki inposizioaz hitz egiten da; politikoki euskararen eta euskaldunen pribilegioekin amaitu beharra aipatzen da; kulturalki bazterketa edo interes eza nagusitzen dira… Ez da egoera lasaia, inondik inora. Nola konpontzen da arazo hori?

Euskara eta konfiantza Nafarroan izeneko artikuluan genioen bezala (eta horretara mugatzen zen artikulua), konstatatu egiten da jarrera desberdinak daudela euskararen kudeaketaren inguruan, eta haietako bat “suminduena” izendatu genuen, euskara erasotua ikusten baitute Nafarroan, ezin onartuzko muga batera helduta. Jarrera garrantzitsua da, duten pisu teoriko eta sinboliko nabariagatik, baina nafar gutxiren ildoa da, inola ere ez nafar euskaldun guztiena, eta horrek apaldu egiten du bere eragina.

Teoria mailan, bestalde, ez da ageri ildo argi eta zentralik, eta horrek sakabanaketa teorikoa eragiten du. Elementu kontrajarriak erabiltzen dira: euskara nafar guztien hizkuntza izan behar da, eta espainiera inposatu egiten da, nahiz eta nafar gehienek, euskaldunak izan ez, eta gaztelania berezko hizkuntza gisa sentitzen duten; euskara despolitizatu egin behar da, inoren ikur ez dadin hartu; edo politizatu behar da, gizartean eragiteko; administrazioak eta alderdiek ez lukete politizatu beharko; edo alderantziz… Eskubideen auziak ere ez du argibiderik ematen: euskaldunen eskubideak bermatu behar dira Nafarroa osoan, baina gaur eguneko errealitatea ikusita, benetan bermatu ezina aitortzen da…

Berriro esanda: euskararen kudeaketa arazo bihurtzen da, besteak beste, azpian nafarren nazio identitateen arteko gatazka dagoelako. Konpontzeko aukerez hitz eginda, ildo batzuek epe laburrean garaipen erabatekoa erdiestera joanen balira bezala jokatzen dute, baina praktikak kontrakoa esaten die behin eta berriro. Badago modurik gatazka hori bide demokratiko batera ekartzeko? Horretan ari da Eusko Ikaskuntza. Eta jabeturik gaude esker txarrekoa dela gure jarduna, horixe gertatzen baita gatazka dagoen guztietan. Gatazkaren zurrunbilora jaisteak, ordea, ez du esan nahi neutral jokatu behar dugunik. Are gehiago, aipatu artikuluan genioenez, ez dugu uste Administrazioa bera neutrala izan daitekeenik. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, bestalde, joko demokratikoa pasioei gailentzea edo gatazka betikotu baino ez da eginen. Eta nafar herritarrek eurek esana da, etengabeko tirabira griñatsuak nekatu eta uxatu egiten du jendea, partaidetza eta eztabaida bultzatu beharrean.

 

Txoli Mateos González, Amaia Nausia Pimoulier eta Julen Zabalo Bilbao

Eusko Ikaskuntzaren “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza” proiektuaren Talde Eragileko kideak

Nafar herritarrak eta euskara Nafar herritarrak eta euskara Nafar herritarrak eta euskara

5 pentsamendu “Nafar herritarrak eta euskara”-ri buruz

  • Taktika eta estrategietan huts nabarmen eta larririk ez den egin ez dut ukatuko. Eta huts horiek direla eta euskara inoiz ez bezelako egoera larrian dago. Frankismo gogorrenean ere askoz hobeki ginen. Baina zuen estrategia berri hori erabat okerra dela deritzot, erabat okerra, oraingo egoera justfikatzera, euskerafoboen jarduera eta egitate makur guzien estaltzera

  • Lehen gauza egin beharrekoa da ohartzea eta baloratzes egoera, lehentasunez gure ingurukoa ( zure haurrak nola ari dira? Zuen herrian euskararen egoerak zer egin du? Gora? Behera? Eskola umeen euskara maila? Berria gehiago irakutzen al da? Ez, ez, hobeki esan, lehen baino gehiago irakurtzen al duzu? Ez al duzu sumatzen maisu-maistren taldeetan euskakkaitz gehiago, euskal liburu asko irakurtzean al da? -Ez nahasi erosketekin, otoi-
    Niri, galdera guzietan okerrko erantzuna atera zait. Eta zuri?

  • Curiosoa eguiten çait Eusco Ikascunça beçalaco Institutione bat honelaco eztabaidan sartu behar ukan içaiteac. Cer emaiten draut aditzerat? Galdua dela nombait. Eta hirur quideren icenac erabiliric, aurre eguin behar contradictione potolo honi.

    Nic Eusco Ikascunça elkargoari 2018. urthean aditu neraucon bere autodisolutione edo reset bat burutu çuela, bere eguinquiçuna espainiar eraguile cinço guisa seguituco çuela cehaztu çuenean. Hala da, lagunoc, ez gaitez damu, ez gaitez lotsa. Hori da dagoena. Urthe berean deseguin cen ere resistencia nationalaren guiharra, eta urthe berean eman çuen amore ustezco garunac.

    Hego Euscal Herrico laur Deputationeen ekimena da Eusco Ikascunça. Bidea çaila eduqui du, dudaric bat ere gabe. Euscal Institutione guciec beçala. Orain eguin daiteque Cultura, eguin daitezque ikerquetac, eguin daitezque gauçac… Bainan ez ditzagun espainolac edo francesac haserre, ceren bercenatz gure lanpostuac gal ditzaquegu.

    Gara ditzagun feminismoaren gauçac gurean, sala deçagun gure herriaren masculinitatea, utz dieçogun campotarrari hemen sar dadila eta hemen bere leguea eçar deçan. Babes deçagun campotarraren leguea, gucia paqueagatic. Paqueagatic avemaria bat. Amen erançun deçagun.

    Naffarroa garaico ez dakit cer porcentagec euscara ez du maithe. Bizcayan aguian guehiago da, berheciqui euscara umeequin edo euren çakurrequin erabilcen dutenen artean. Bizcayan gauden naffarroc, guti içanic ere, euscara erabilcen dugu problemaric gabe, euscaldun normalen artean, eta berdin guipuzcoarrequin, çuberotarrequin edo cein ere lurraldeco euscaldun normalequin. Naffarroa ez da provincia foral bat bacarric, baita gure Statua ere, gure Statu real bacarra. Euscara, aphur bat bada ere, babestu eta bulçatu duen bacarra da. Eusco Ikascunça elkargoac horri uko eguiten baderauco bere içateco raçoina galcen du.

    Cergatic Eusco Ikascunçac ez ditu euscararen classico guciac editatu, hassiric Laçarraga, Etchepare, Leiçarraga, Axular, Materre, Tartas, Etcheverry? Cergatic ez ditu authore haiec euren contextuan jarri, eta gure herriac haien eçagutza educ deçan aritu? Ez al du elkargo honec arduraric euscararen egoera decadente honen gainean?

    Orain problemac dituzte identitate espainarrarequin. Hala ibilceco hobe eguiten balute resistencia nationala beçala, eta bere burua autodisolva baleçate.

    Alexandre

  • Hizkera korapilatsua eta aldrebesa darabilte EIkoek. Eragile uniformista espainiazaleen eraso etengabeari “gatazka” esaten diote.
    Zapalkuntza sistematiko hori salatzen duten euskaltzaleei “sumindu”.
    Eta gogorarazten digute, “sumindu” delako horiek gutxiengoa direla Nafarroako euskaldunen artean ere.
    Gizatalde zapaldu askoren ezaugarri da hori, “jakintsu” estimatuok. Hots, gehienetan gutxiengo batek egiten die aurre zapaltzaileei, hauek boteretsuak direnean, Nafarroan gertatu bezala, adibidez.
    Hori da EIren ekarpena?
    Hamaika irakurtzeko jaioak gara.

  • Mikel Haranburu 2021-08-25 10:17

    Ez dakit zer den “Nafar herritarrak”; badakit Nafarroan (Nafarroaren zati batean; askoren gogoan Nafarroa probintzia edo eskualdea besterik ez da, baina izendapen horretan askoz “gauza” gehiago egon daiteke. “Nafargoa” izan liteke horietako bat, non lurraldearen, estatuaren kontzeptuan bertako bizilagunak biltze diren…), badakit Nafarroan bagarela euskaldunak eta euskaldun izan nahi dugunok, eta euskaldun izan nahi ez dutenak. Eta badakit Nafarroan badirela gu euskaldun izan ez gaitezen nahi dutenak.
    Horregatik izenburua bera ez zait egoki iruditzen. Ez baikara bi gauza, alegia, batetik herritarrak eta bestetik euskara; herritarra eta bere hizkuntza bereiztezinak gara, behintzat hala izaten zen munduan, non herritarraren izendapena hizkuntzarena bera zen…
    Eta horregatik uko egin ohi diot beti hirugarren bati buruzko, hots ‘euskara’ objektuari buruzko, jarrerak eta gorabeherak aipatzeari. Geure buruaz ari gara euskaldunok geure hizkuntzaz ari garenetan.
    Euskararen kudeaketa arazo bihurtzen da, hain zuzen ere, hizkuntza -gurea, noski- kudeatzen hasi behar dugunean…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude