Interpretazio-sariak genero neutrokoak izango dira Zinemaldian

Interpretazio-sariak genero neutrokoak izango dira Zinemaldian –

  • Sigourney Weaver agertuko da Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko kartel ofizialean.
  • Eva Villar donostiarrak egin du irudia, Matthew Brookesen argazki batetik abiatuta.
  • Urte honetatik aurrera, interpretazio-sariak genero neutrokoak izango dira; Ez da emakumeen eta gizonen arteko bereizketarik egingo.

sansebastianfestival.com/2021

Sigourney Weaver aktorea izango da Donostia Zinemaldiaren –irailaren 17tik 25era egingo da– 69. edizioaren kartel ofizialaren protagonista. Irudiak aktore estatubatuarraren zuri-beltzeko argazki bat agertzen du, brotxakada koloristekin apainduta. Beste sail batzuetako kartelak ekartzen dizkigu gogora; horiek ere Eva Villar Estudiok diseinatu ditu.

2018an, ildo grafiko berri bat hasi zuen Zinemaldiak karteletarako: argazkia eta ilustrazioa konbinatzen ditu eta nazioarteko zinematografiako pertsona garrantzitsuak ditu protagonista. Isabelle Hupperten, Penélope Cruzen eta Willem Dafoeren ondoren, 2021ean, 69. edizioan, Sigourney Weaver agertuko da Eva Villar donostiarraren diseinuan; Matthew Brookesen argazki batetik abiatuta sortu du.

Weaverrek Donostia lehen aldiz bisitatu zuenean, debuta egin zuen zineman Alien (1979) filmarekin. Film horrek ekarri zion fama, bada, Ripley tenientearen pertsonaia ahaztezinari esker. Harrezkero, beste bitan izan da gurean aktorea. Sail Ofizialean aurkeztu zituen jada nazioarteko izar bihurtuta A Map of The World (1999) eta A Monster Calls (2016). Azken horretan, Donostia saria jaso zuen, ibilbide osoaren aintzatespen modura.

Hirutan izan da Oscar sarietarako hautagai eta bi Urrezko Globo irabazi ditu. Gainera, Alien eta Ghostbusters sagetan eta Gorillas in Mist (1988), Working Girl (1988), Death and the Maiden (1994), The Village (Belodromoa, 2004) eta Rampart (Sail Ofiziala, 2011) filmetan parte hartu du. Besteak beste, Ridley Scott, Peter Weir, James Cameron, Mike Nichols, Roman Polanski, Ang Lee eta David Fincher zinemagileekin lan egin du.

“Zinemaldiak plazer eta ohore handiz iragarri nahi du 69. edizioaren irudia Sigourney Weaverrena izango dela. Aparteko aktore bat da, asko maite du publikoak eta erregistro guztietan nabarmendu da iruditeria zinematografiko unibertsalaren parte diren pertsonaiekin”, esan du José Luis Rebordinosek. Donostia Zinemaldiko zuzendariak Joxean Fernández Zuzendaritza Batzordeko kidearekin aurkeztu du gaurko ekitaldia Tabakaleran.

“Giza presentziaren eta kulturaren balioa”

Eva Villar diseinatzailearen hitzetan, edizio honetako kartelak egitean erabakigarria izan da egungo pandemiaren testuingurua; izan ere, hori dela eta “benetako balioetan, herritarren bizitzan giza presentziak eta kulturak duen balioan” jarri dute fokua. “Kartel hauek komunikazioak eta arteak bat egiten duten espazio bihurtu ditugu. Gure estudioan, sormen-prozesua indartzea, harago joatea eta artistekin taldeak sortzea gustatzen zaigu, proiektuak horretarako bide ematen badu”, gehitu du Villarrek; Juan Ugalderekin lankidetzan egin ditu diseinuak. Bilboko artista hori –Madrilen eta Berlinen artean bizi da– pop joerako margolari figuratibo bat da, eta bere lanak pinturaren eta argazkiaren arteko fusioa du bereizgarri.

Eva Villar arte-zuzendari aritu da Gucci Group, Stella McCartney, Marks & Spencer, Swatch Group eta Loewe firmetarako, eta, gainera, Donostiako RQER sormen-espazioa zuzentzen du (www.rqer.es).

Interpretazio-sariak

Edizio honetatik aurrera, Donostia Zinemaldiak ez du genero-bereizketarik egingo interpretazio-sarietan. Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorraren eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorraren ordez, Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra emango dira. “Guretzat, generoak –eraikuntza sozial eta politiko bat– antzezpenean bereizketa egiteko irizpide izateari utzi dio, eta horregatik erabaki dugu aldatzea. Epaimahaiak antzezpen txarren eta onen artean bereizi beharko du, Berlineko zinema-jaialdiko gure lagunek jada hasitako bide beretik. Aldaketa garaia da, erabakiak hartzeko unea. Arretaz jarraitzen ditugu mugimendu feministaren baitan gai honi eta beste gai batzuei buruz ematen ari diren eztabaidak. Ez dugu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dugu, gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen laguntzeko”, azaldu du Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek. Araudia aldatzeak aukera ematen du genero maskulinokoak edo femeninokoak ez diren beste identitate batzuk aintzat hartzeko, eta taldeko interpretazioen lana aintzatesten du, gainera; normalean, ez dute saririk izaten zinema-jaialdietan. Sari horiek ex aequo eman ahalko dira.

Pandemiaren bilakaera nolakoa den, modu batekoa edo bestekoa izango da aurtengo edizioa. Murrizketa sanitarioak egongo dira oraindik ere, baina Zinemaldiak espero du koronabirusaren krisiaren aurreko urtetik gertuago egotea. Iaz bezala, aurten ere ezingo da belodromoa erabili zinema-areto erraldoi gisa, eta ez da ez inaugurazioko, ez itxierako festarik egongo. Egingo dira, ordea, Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzera begirakoa, hasieran aurreikusitakoak baino titulu gutxiagorekin, eta Klasikoak saila. Gainera, Nestek, zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketak, hogei urte beteko ditu eta jarduera-programa berezi bat izango du.

“Espero dugu iaz baino emanaldi gehiago eman ahal izatea eta gehieneko edukierak handitu ahal izatea, baita alfonbra gorriaren glamourra berreskuratu ere. Azken batean, nahiko genuke aurtengoa, pertsona askorentzako kezka eta sufrimendu handiko urte luze baten ondoren, berriz hirira ilusioa ekarriko duen Zinemaldia izatea”, esan du amaitzeko José Luis Rebordinosek.

Z365, urte osoko Zinemaldia

Gaurtik aurrera, Z365, urte osoko Zinemaldiaren apustua, webgunean jasoko da. sansebastianfestival.com webgunean sartzean, erabiltzaileak bi aukera izango ditu: edo irailean egiten den edizioari buruzko edukietara sartzea, edo Donostia Zinemaldiak gainerako hilabeteetan antolatzen dituen jarduerak jasotzen dituen atal berri batean nabigatzea.

Atal horretan, besteak beste, hauen berri emango da: Zinemaldia + Plusen emanaldiak, Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektuaren ikerketak eta programak, Tabakaleraren ekosistemako beste erakunde batzuekin elkarlanean editatutako argitalpenak eta deialdiak, esaterako, Ikusmira Berriak egonaldi-programarenak.

Donostia Zinemaldia - 69. Edizioa - 2021 Iraila 17/25

Interpretazio-sariak genero neutrokoak izango dira Zinemaldian

Seriefiloa naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude