Sautrela 379. saioaren aurrerapena (Oskar Arantzabal)
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea ospakizunetan da. Hogei urte bete ditu eta horren harira erakusketa berezi bat atondu dute bertako erakusketa-aretoan. Zeren ingurukoa izan, eta jakina, liburuaren eta liburutegiaren ingurukoa dugu erakusketa. Ez zehazki Koldo Mitxelena Liburutegiari buruzkoa baizik eta liburutegi izatearen, bere artxibo izaerari buruzkoa. Izenburua ere halakoxea du: Liburutegia eta jakinduria. Artxiboak, mutazioak, konfigurazioak. Piedad Solans da komisarioa eta denetariko artistek hartzen dute parte erakusketan, besteak beste, Joseph Kosuth, Eva Lootz, Zhou Xiaohu-k. Euskal artistarik ere bada ordea, eta horietako birekin mintzatuko gara erreportajean, Maider Lopez eta Xabier Erkizia-rekin. Zer da liburutegia bat? Nolako funtzioa bete du eta betetzen du gaur egun? Nola aldatu da bere izaera? Nola uztartu hausnarketa horiek artelan batean?
Elkarrizketan Oskar Arantzabal izango dugu, gurekin estreinakoz. Ekonomialaria dugu Arantzabal eta baita euskal antzerkigintzaren sustatzaile nabarmena. Oraingoan, ordea, saiakera batekin datorkigu: Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari. Gure historiako pertsonaia aski ahaztu bat berreskuratzen digun lana dugu. XVI. mendeko teologo, jurista eta ekonomialaria izan genuen Azpilkueta, eta teoria ekonomiko modernoan garatuko ziren hainbat ideien aitzindari izan zen Arantzabalen aburuz. Horretaz gain, egungo egoera ekonomikoaren inguruko hausnarketa ugari aurkitzen ahal dira halaber. Krisiaren kausak, ondorengo erabaki politiko eta ekonomikoen iruzkinak, irtenbide balizkoak… Horretaz guztiaz ariko gara, bada, Arantzabalekin.
Beñat Sarasolak XX. mende hasierako euskal literaturako liburu ezagunenetako bat ekarriko digu bere tartean, Evaristo Bustintza Kirikiño-ren Abarrak. Euskaraz idatzia izan zen lehenengoetako ipuin liburua izan genuen. Istorio gertatu zein asmatuz ondutako lana.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.